Jainkoa bizia jendea | 2017ko Maiatzaren 11a

Telebixtako zezen-plazatik...

Maite Irazoqui

Frantziako errepublikako lehendakariaren hauteskunde kanpaina bururatu da, bertzea, diputatu bozak, laster hasiko. Azken hunen gisakoa izanen ote da?

Frantziako errepublikako lehendakariaren hauteskunde kanpaina bururatu da, bertzea, diputatu bozak, laster hasiko. Azken hunen gisakoa izanen ote da? Kanpaina huntan, telebixta erregina izan da bai eta sare sozialak, eta hauek manatzen dituzten kazetari, berri emaile, zundaketa eta politika mailan trebatuak direnak. Hilabeteak joan dira, beldurrak eta mehatxuak zirela egun guzietako janariak bai eta pronostiko ezin beltzagoak. Hain xuxen, boterea ukaiteko eta zabaltzeko, ez da deus hoberik ezenez eta beldurra sarraraztea jendeen baitan. Gai hori ainitz eta ainitz aipatua izan da. Nolaz hori?

Erran ditake publiko bat badela gai horrentzat. Betitik eta zibilizazio ainitzetan, beldurraren kontra edo beldurra menperatzeko, egoera latzak aipatuak dira, erakutsiak, eta ikusgarri batzu bezala muntatuak. Norbera ez da kezkatua ikusgarri horiek ikustean, lanjeraren bertze aldean izanagatik, bainan denbora berean, norbera hunkitua da eta doi bat arranguratua ikusgarria bere baitan senditzeko eta erreakzio bat sortarazteko. Hala nola, terrorismoa, langabezia, mundializazioa, gerla, Europa, errefuxiatuak... salatuak izan dira, denak nahas-mahas, eta gehiago nahasiak ez eta beren sailan ezarriak. Gai horiek garrantzisuak dira, konplexuak, bertute haundia galdetzen duten gaiak dira, eta beldurraren xilotik baizik ez ditazke erakutsi eta garatu. Beldurra eta berri txarra telebixtako lehen negozio funtsa agertu dira. Eta negozio funtsa horrek badu bere publikoa.

Beldurrak badu ere bertze abantailarik boterea ukan nahi duenarentzat. Beha dezagun zer pasatzen den haur batekin, haur ttiki batekin. Lo egin aitzin, ixtorioak kondatzen zaizkio, eta maiz ixtorio izigarriak, izialdura sortzen dutenak. Bainan ixtorio horiek erraiten dira amaren eta aitaren xokoan, edo amatxiren xokoan, erakusteko beldurra naturala dela bainan norbait badela ondo ondoan, lasaitzeko. Norbait hori ezaguna da, familiakoa da, maitatzen duguna da.

Bururatu den kanpaina honek holako lehendakari bat nahi izan du aurkeztu telebixtako leihotik. Lehenik ongi izialdu jendea eta ondotik erakutsi nork gerizatuko duen hobekienik jendea! Denak haurtu eta ergeldu nahiz. Gehiago manipulatzeko? Hobeki maneiatzeko? Erromako jokoetan hola dibertitzen zituzten jendeak gero errexkiago menperatzeko. Orduan foroan eta zirkuan edo zezen plazan egiten zituzten ikusgarri horiek, orain telebixtak erakusten ditu eztabaida deitzen dituen egiazko borrokak, eta nolako borrokak, jendetasun gabeko borrokak.

Alabainan, manipulazio entsegu guzien gainetik, jende ainitzek beren libertatea, beren pentsamenduaren askatasuna atxiki dute. Kanpaina bitxi hunek solasaldiak eta elkarrizketak sortarazi ditu lagunen edo auzoen artean. Isilkako eta sekretu zen boza plazaratu da eta mintzatu da mahain baten inguruan, karrikan, bilkura baten ondotik, sare sozialetan, demokrazia denen esku dela agertuz, haurkeriak utziz eta heldutasunezko jokabideak hartuz.

...gure barneko zezen-plazara

Gure barneko “zezen-plazan” bada beti, barrandan dagon “bad father” Amerikanoek deitzen dutena. “Aita gaixto” horrek bertzen bekatuak zigortzen ditu. Hura dugu igortzen, gure orde, gaixtoak diren guzien gaztigatzera, kanporatzera, eta nola ez, hiltzera. Eta guhaur, aingerua bezain xuri, alegia eta deusez!

Borroka hori sekretuan egiten da, ez da ikusgarri bat. Zezen-plaza pertsonala da. Ongi badakigu denek elgarrekin behar dugula bizi eta denek ezberdinak izanez geroz, bakotxaren indarrak eginen duela gizarte goxo bat. Baionako apirilaren 8ak aski ongi erakutsi du ezberdintasunaren indarra eta aberastasuna. Hori lortu izan da batzuek errespetu haundirekin bai eta adimendu azkarrarekin pentsatu eta egin dutelakotz, denekin mintzatuz umilki. Eta ongi mintzatzeko, Frantses Aita Sainduak erraiten dauku nola egin:

“Gure artean, gizadian, egungo gure lan garrantzisuena, "beharriaren lana" dela pentsatzen dut. Elgar entzun, erantzun bat ekartzeko presarik gabe. Gure haurridearen hitzari ongi etorria egin eta gero nere hitza erran. Entzutearen gaitasuna biziki inportanta da. Interesgarri da: entzuteko gaitasun hori duten jendeak boza baketsu eta laño batekin mintzo dira. Ordainez, gai hori ez dutelarik, boz azkarrez mintzo dira eta artetan oihuka. Gure artean, haurriden artean, behar dugu elgar entzun, eta elgarrekin mintzatu goxoki, lasaiki, gustuan, bidea elgarrekin bilatu. Eta entzuten dugularik eta elgarrekin mintzatzen, jadanik bidean gara”(Osservatore Romano 2017/4/6, 4 zenbakia, 2 orrialdea).
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3400. zbk

Nor garen ageri da ikusiz zer egiten dugun eta ez baitezpada zer erraiten.

Albert Camus

Gure Hitza | 2017/05/11

Xantre baten parekoa

Jean-Louis Harignordoquy

Oraino duela mende erdi bat zonbait herritan baziren xantreak. Bankakoa doi doia ezagutzeko denbora ukan nuen. Peio Erramuzpe-Manexene bertsolariaren anaia zen. Eliza gibeleko galeriatik kantatzen zuen.

Oraino duela mende erdi bat zonbait herritan baziren xantreak. Bankakoa doi doia ezagutzeko denbora ukan nuen. Peio Erramuzpe-Manexene bertsolariaren anaia zen. Eliza gibeleko galeriatik kantatzen zuen. Orain bezala, orduan ere Banka herri kantaria zitaikeen, baina haren ahots ederra eta puxanta franko aise gailentzen omen zen, bereziki gazte zelarik. Iragan mende hastapenean, Baigorriko xantrea ere famatua zen: Bettiri Dibarrart bertsolaria. Moldatzen zituen bertsu ederrak baino gehiago haren ahotsa gustatzen omen zitzaion orduko apezari.

Herritarrak eta urrunagoko kantuzaleak harriturik utziz, supituki eta goizegi joan zigun Panpi Portugalek ere gazte gazterik erakutsia zuen kanturako zaukan dohaina. Hain zuen ahots ozena eta orratza bezain xuxena, haren ahots-soinua berriz entzuleak atsegin. Artetik erraiteko, xuxen kantatzeak eskatzen du beharri xuxena ukaitea; ez baita denei emana. 38 urtez herriko erretore egon zen Aldudar Léon Erramuzpe apezak bestaburu frankoren k...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016