Mundu zabalean | 2018ko Maiatzaren 09a

70 000 preso Frantzian | Armeniarren genozidioak 102 urte | Europaren lan ixila diru zuriketen kontra | CCFD munduko laborari xumeen alde | Aldaera behartuaren estatistika beltzak

M.L.

70 000 preso Frantzian

Estatuko presondegietako zuzendaritzak jakitera eman duenez, aurtengo apirilaren 1-ean 70.367 preso badira Frantziako kartzeletan. Horien %3 emazteak dira. Badira ere 21.000 ez direnak oraino epaituak. Urte gutxi barne preso kopurua 10.000az hupatu da. Gero eta gehiago presondegi behar dela pentsatzen dutenek badute hor zenbaki bat prest presta, botere publikoei presondegi berrien egiteko. Presondegietako zuzendaritzak bere aldetik ez du zehazten zenbat preso badabilan aske, ukaera elektronikoarekin.

Armeniarrren genozidioak 102 urte

Joan den apirilaren 24an oroitu ziren beren historia hurbilaz Armeniako estatuko buruzagiak, zibilak eta katolikoak. Alabaina aurten 102 urte bete dira Turkiako buruzagi gaztek genozidioa abiatu zutela Istanbul hiri nagusian arrastatuz 600 armeniar. Hortik lekora Turkia guzira eta aldameneko lurraldeetara hedatu zen. Adituenek diotenez hilabeteak iraun zuen pertsekuzioak. Handik laster bururatu zen mundu gerlan Inperio Otomanoa deseginik gelditu zen Alemaniarekin aliatua izanik gerlaren galtzaile ekarria izan baitzen. Frantziaren inguruko irabazleek inperioa desegin zuten eta ekialde hurbila Frantzia eta Erresuma Batuaren artean banatu, hortik sortu baitziren Irak, Siria eta Liban besteak beste. Hala ere, eta argi eta garbi jakinki Armeniarren kontra genozidioa burutu zutela, irabaztunak ez ziren menturatu Turkiako buruzagiei kontuak galdatzerat. Bigarren mundu gerlatik lekora Turkia OTANen barnean sartu zen, horrela Ameriketako Estatuen pean gerizatua, kausitua du Armeniarren genozidioa kausa ahantzietan uztea.

Europaren lan ixila diru zuriketen kontra

Diskretuki hartu erabaki bat da. Europar parlamentuak erabaki berri bat hartu du diru zuriketari hobeki buru egiteko. Moneta birtuala edo aitzinerat beteak diren banku kartak erosiko dituztenek beren izena utzi beharko dute hemendik aitzina, orain arte erospena anonimoa zelarik. Poliza aspaldiskoan ohartua zen legez kontrako zerbait egiten zutenek tresna “anonimo” horiek baliatzen zituztela ondotik ez identifikatuak izaiteko. Europak beste helburu bat ere bilatzen du legedia berri horrekin. Nahi ditu errazkiago begiztatu, legez kontrako salerospenak egiteko alegiazko sozietateak baliatzen dituzten entitateak.

CCFD munduko laborari xumeen alde

Ahalbide guziak haizu direla goseari buru egiteko, hara zer lema bere gain hartzen duen “CCFD Terres Solidaires” erakundeak. Nazio Batuen Erakundeak dioenez, badira aurten 815 milioi lurtiar gosearekin direnak. Klimaren desorekak, bereziki mundu honen beroketak sortzen dituen anitz gorabeherek munduaren hego parteko laborantza ekonomia errausten dute. Gosete horren bigarren arrazoina gerla eta konfliktu armatuak dira, laborantzarentzat ekarri eremuak kaltetzen baitituzte. Hirugarren arrazoina prezioetan datza, lehen ekaiek munduko merkatuan gorabehera handiak ezagutzen baitituzte. CCFDek galdatzen du botere publikoek lagunt ditzaten beren eremuko laborariak, txikienetatik hasiz, berriki firma pribatu nagusien gerizapean burutu diren programek laborariak osoki petzero utzi baitituzte. Proposatzen du ere agro-ekologiaren bultzatzea, hala nola Afrikan sasoiko uhasteek lur erabiliak ez larrutzeko gisan hesiak landatu. Perun tokiko patata mota bat berpiztearekin lekuko laborariek bizipide hobea kausitzen dute.

Aldaera behartuaren estatistika beltzak

Nazio Batuen Erakundeak zifra gogoetagarriak plazaratzen ditu nahigabean beren bizitegia uztera behartuak diren gizon eta emaztez. 42 milioi lurtiar behartuak izan dira aurten beren bizitegiaren uztera, gerlaren, gosetearen edo klima desorekatuaren gatik. Hala ere beren sorteremuan atzeman ahal izan dute aterbe. Badira haatik beste 23 milioi beren sorterritik kanpo joan direnak arrazoin berdintsuen gatik. NBE-ak azpimarratzen du zifra horiek bigarren mundu gerlaz geroztik plazaratzen dituen gorenak direla. 23 milioi deserritu horietan %84k munduko estatu pobreenetan atzemaiten dute aterbe. Europa bezalako estatu aberatsetan %9 baizik ez dira kokatzen. Iheslari eta beren bizitegietatik urrundu beharrean direnen erdiak haurrak dira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3449. zbk

Segurrena da deusetaz ez segur izaitea

Voltaire

Gure Hitza | 2018/05/10

Horra beraz lau zubi

Janbattitt Dirassar

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot.

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot. Gure gizona hola mintzo zen hiru aste barne lau bestaburu berezi badirelakotz, lau horietarik bihi bat ez igandearekin, batzuen atsegingarri, beste batzuen nardagarri eta beste frango arrunt futitzen orobat, jiten dena jin goazen aitzina! Egia da hor ditugula bat bestearen ondotik, biga ja iraganak eta beste biak ere hor berean, maiatzaren lehena, lanaren besta, edo(eta) langileena ere, maiatzaren 8-a, 40-ko gerla Europan segurik gelditu zen egunaren oroigarri, Salbatore, maiatzaren 10-ean, eta Mendekoste biharamuna, maiatzaren 21-ean. Lau bestaburu beraz eta ondorioz lau zubi izaiten ahal, gisa hartarat apailatuz. Lana aise uzten ahal nagusiari pollikiño galdetuz geroz! Aste huntan konparazione, hiru egun hartuz, astelehena, asteazkena eta ortziralea, bederatzi egun segidan ukaiten ahal dira lanerat joaiterik gabe! Hola muntatzen dira zubiak, hitz hori azkarki sartua-eta gisa hortako kasuan zer gertat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016