Herriz Herri - Aldude (NB) | 2018ko Maiatzaren 17a
“Oroitzen naizeino” ikusgarria –
Maiatzaren 19an, aratseko 8ak eta erditan, Sanoki gelan emana izanen da “Oroitzen naizeino” ikusgarria, Maddi Zubeldia eta Bernadette Iratzokik emana. Gaia: memoriaren galtzea edo hobeki erran “Altzeimer” eritasuna.
Zer da zahartzaroan memoriak ihes egiten duelarik gelditzen dena? Non dago pertsona egoera fragmentatu horretan? Itxura eta gaztetasunkeria nagusi den garai honetan, hitza eman nahi izan diot zaharrari, zahar eta eri dagoenari, akats bikoiztunari hots, gure beldurrik handienari agian. Zaharra ez da izandakoa. Zaharra hor da, oso-osorik, izan denak eta denak bateginik, ikusi nahi duenarentzat opari, beldurra alde batera utzita bide berria eskaintzen duen harremana. Bi ahotsez eginiko irakurketa taularatua eta musikatua da hemen aurkeztuko dena. Pertsonaia nagusia zahar etxean dagoen adineko emaztea da. Bere gogoetak, ohar sinpleak egiten ditu, eta oraian kokatua bada ere, oroitzapen batzuk ekartzen ditu gogora. Guti baina. Eritasunak jota memoria galtzen ari baita. Bigarren pertsonaia memoria da hain zuzen, joan-jinak eginen dituen pertsonaia, laguntzera etorriko zaiona, tarteka lehenik, gero eta toki gehiago hartuz, emaztea hitzik gabe geratzen delarik erreleboa harturik, ordezkatzeraino. Ongi etorri deneri.