Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Maiatzaren 17a
Kontzertua Larrekon ostiralean:| Dantza ikustaldia Larrekon larunbatean: | Orientatze lasterkaldia igandean:| Pilota solas: | Elizako berri:
Kontzertua Larrekon ostiralean:
Ostiral arratsean, 20:30etan, Larreko kulturgunea musika doinu ederrekin beteko da dudarik gabe, eskualde huntako “Bayonne Côte Basque” orkestraren bisita ukanen baitugu, aktore eta antolatzaile gisa. Julie Charles-ek aurkeztutako kontzertua, Maurice Ravel kontserbatorioko kultura musikaleko irakaslea dena. Programazioaren bihotzean André Jolivet-en oboe eta orkestrako sorkuntza, Franck Vilard-ek egokitua. Bi musikaldi elkartzen dira, bata Ravel-ena eta bestea Fauré-rena, frantses musikaren inguruan emozioz beteriko momentu dotore bat eskaintzeko, Benoit Fromanger- en zuzendaritzapean. Erreserbak eta xehetasunak webgune huntan: www.orbcb.fr bai eta eskualde huntako turismo bulegoetan.
Dantza ikustaldia Larrekon larunbatean:
Mugimendu dantza elkarteak antolatzen du ekitaldi hau Larreko kulturgunean larunbatean, 20:30etan. Elkarte hau Donibane Lohizunen kokatua dago eta garai huntako dantza modernoak erakusten ditu publiko handi bati. Idurien arabera, beren lanen aurkezpena irakutsi behar lukete bai eta naski ikusleek ere parte hartzen ahalko dute aktore gisa, zertako ez? Oren bat eterdiren iraupena du, bainan pausaldi labur bat ere izanen da baterien kargatzeko. Sarrerak 10 eurotan lekuan bertan, mugi-mugi egiterat gomitatuak gira denak.
Orientatze lasterkaldia igandean:
Berezitasun batekin iraganen da, emazteeri baizik baitago idekia, “Drop Zone Girls” elkartea dago ekitaldi hunen antolatzailea eta ez dute lehen aldia Senperen agertzen direla. Pilota plazatik abiatuko dira, bi edo hirutako taldeak, 15 kilometroko ibilbidearen orientatze lanak egin beharrez eta bertze zonbait ariketa, naturaren erdian. Bakotxak bere mugak gainditzea, nahikaria partikatzea eta emozio ainitz eskuratzea, horra froga hunen helburu nagusia. Bertzalde, Senpereko Petanka elkarteak antolatzen du Petanka torneoa larunbat huntan goizeko 10etatik lekura, eliza gibeleko Zarika parkean. Deneri idekia, 10€ partehartzea bikoteka 5 partida segurik, opari batekin sariztatua baita ondotik bazkaria La Nivelle ostatuan. Boletan aritzeko, ez ahantzi bolak.
Pilota solas:
Joanden astean aipatu nuen nola gure neskek, Marie Goyenetche eta Aña Oronoz- ek, palantxan beren finala galdu zutela Urruñarren kontra. Oraikoan aldiz, artekoen mailan GRAVNI txapelketaren kondu (7 probintzien artean), nagusitu dira Gipuzkoako bikoteari finalean 30/27. Eskertzekoa da ere Argitxu Behasteguy, hunek ere garaipena lortu baitu bere kategorian, Gravni lehiaketan ere. Egoki naiz Senperen nesken emaitzek ez ote duten pilota goiti tiratzen? Bertzalde, Jokogarbi eta luzean denboraldia aitzina joaiki da neurri onean.
Elizako berri:
Salbatore egunarekin egunaldi hezea ginuen, halere goizarekin eliza ongi animatua zagon, 22 haurrek beren lehen komunionea baitzuten. Hauetarik hiruk zeremonia berean bataioren sakramendua aurkitu dute, jendalde polit baten aitzinean. Meza koloretsu eta ongi alai batean, haurrek azkar eta gogotik kantu eman dute. Helduden igandean, 10:30etan, Mendekosteko meza iraganen da Azkaingo elizan, hor bilduko baitira beren komunione handiarendako gure parropiako hiru herrietako haur andana bat.