Egun eta bihar | 2018ko Maiatzaren 17a
Bitxikeria | Jendea biltzea gatik | Berriz ere
J-B D
Bitxikeria
President-bozen denboran hautagai zabilalarik ere Emmanuel Macron ari zen jadanik erran eta erran etxe-zerga behar zela arindu bederen, azkenean arrunt kendu ere. Etxe-zerga hori da bakoitxak bere bizitegiarentzat pagatzen duena, frangotan arras pisua kausi ditakeena. Zerga horren konduko diru gehiena herrieri joaiten da eta herriek badute preseski horren beharra beren saila plantan eremaitekotan. "Ez kexa, erran du Macron-ek, eskualde hortarik eskastuko zaioten dirua herriek bestalde ukanen dute eta sosez sos!" Horra polliki errana hori ere... Bainan hara, azkenean ohartu dira erraitea dela erretxenik. Orai gogoetatuak daude hor gaindi, ez jakin xuxen zer nola egin. Gobernuak txosten bat galdeturik adituak diren batzuri, lan hori egina izan da eta gauzak ez dira biziki argiago. Alde batetik, herriek aski omen dute gutiago xahutzea, iduri-eta orai arte sosa sobera aise xahutzen duten... Bestetik, aski omen litake beste etxe-zerga, ontasun baten jabe diren guziek pagatzen dutena, "taxe foncière" deitzen duten zerga, polliki emendatzea. Bainan hori ere eztabadabide da eta ez guti. Egia erran, Macron presidentak aski gora errana du president egonen deno ez dela zerga berririk izanen bainan ez du errana diren zergak ez direla behinere emendatuko. Bainan zerga baten emendatzea, eta azkarki emendatzea, aterabide egokia ote litake? Denen buru, hor agertzen da gaitzeko bitxikeria. Nola apailatu dira, eta aitzina apailatzen, zerga baten aurten arintzerat, familia ainitzendako segurik, eta denentzat arrunt kentzerat hiru urte barne? Bai, nola apailatu dira holako zerbaiti, untsa aztertu gabe erabaki horren ondorio guziak? Biziki eskolatuak dira hor gaindi holako sailari plantatuak direnak. Gaitzeko ikasketak eginak dituzte. Berek uste dukete denak badazkitela! Eta eni iduritzen frangotan bi urteko haur batek baino zentzu gehiago ez dutela!
Jendea biltzea gatik
Noiz arte iraunen ote du burdinbideetako greba luze horrek? Hastean errana zuten 36 egun greba izanen zirela hiru hilabete barne, ekain ondarra arte, gerokoak gero ikusi behar. Orai, iduriz segurik, mugimendua hein bat moteldu da, gutiago dira greba aitzina egiten dutenak. Hori alde batetik bainan bestetik greba segitzen dutenak gero eta deliberatuagoak dira, berek hala diote behin. Ez dutela barkatuko eta ez dutela barkatuko! Eta gobernua zertan da? Beti bere hartan naski, batean dena larderia eta bestean dena ele zuri! Gauza berria ixtorio hortan, sindikat edo sindikatuek erabaki dutela bozkatze baten muntatzea, aste huntan guzian eginen dena, SNCF etxe hortako langileek onartzen dituzten ala ez gobernuaren xedeak. Nola iraganen den bozkatze hori, hortaz badira arrangura batzu. Eta emaitzak fidagarriak izan ditazkeenetz, hori oraino besterik da! Azen ontzeko, SNCF etxea kudeatzen dutenek diote holako bozkatze batek deusik ez duela balio, ez dela batere legezkoa. Bigarren gauza bat, hau ere berria, SNCF horren burulehena, Guillaume Pépy, plantatua da jendea balakatu beharrez. Beldur bat greba horiekin ainitz jendek, lanerat joaiteko ala zernahitako, usaia berri batzu hartuak dituztela, edo hartzen ari. Treina utzirik, trein guti delakotz; beste nolazpait apailatuz. SNCF etxearen zuzendari nagusiak jende horiek nahi ditu lausenguka berriz bildu. Grebak gelditzearekin, berriz treina har dezaten. Horren gatik eskaintza berezi batzu egiten ditu. Hiru miliun txartel salgai ezarriz TGV treinak arras merke hartzeko uda guzian. Harpidetze sariak ere apalduz bestalde. Gainerat, gaztek eta 60 urtez goitikoek treina prezio erditan hartzeko ukaiten ahal duten karta berezia, gutienez 50 euro pagatzen dena urte batentzat, 29 eurotan eskuratzen ahal litake... Jendeak nola hartuko dituen eskaintza horiek, hori ondoko astetan ageriko... Ikusi behar lehenik grebak noiz arte segituko duen...
Berriz ere
Frangotan aditzen da holakoak gutien ustean gertatzen ahal direla eta egia da! Joanden larunbat aratsean, Parisen, ainitz jende harat eta hunat ibilki zen karrika batean, islamixta buru bero horietarik batto ganibet ukaldika mendekatu da zonbait presunari. Gizon gazte bat hil du, beste lau lagun kolpatu, biga handizki. Beharrik poliza etzen urrun. Kaxketaduneri oldartu delarik, batek tiroz hil du…