Jainkoa bizia jendea | 2018ko Maiatzaren 17a
Zubiak
Maite Irazoqui
Zubiak erabiltzen ditugu ohartu gabe hain dira josiak gure ingurumenari. Izan diten sinpleak, zuhaitz trunkoak ibaiaren bi hegiak elgarreri lotzeko edo Millau-ko zubi miresgarria, denak jendeen bizia errexteko eginak dira. Definizio hau aurkitzen da hiztegian: zubi bat eraikin bat da, traba gainditzen duena bereizteen gainetik pasatuz.
Irudi hori eman dauku Jerusalemen aldizkari baten zuzendariak, Marie-Armelle Beaulieu deitzen den emazte erne eta fededun bat. Palestinarren eta Juduen artean harremanak biziki zailak dira eta egoera arras gogorra. Palestinarrek beren herria atxiki nahi dute eta Juduek 1947ko irailaren 29tik hunat berea dutela herria diote. Nazio Batuen Erakundeak hori deliberatu zuen, Palestina partekatuz, Juduek beren herria ukan dezaten izigarriko suntsitzearen ondotik. Herrialde bat, Palestina, eta bi erresuma: Palestina eta Israel dira orain, Judu, Girixtino eta Musulmanek Lur Saindu deitzen duguna. Partekatze hori paperetan, xedean, historian, zuzen eta baketsu agertzen da, bainan eguneroko bizian bertzelakorik da. Israelek pitziki pitziki jaten du Palestinarren lurra, lekua eta beren burua gerizatzeko pareta haundi bat eraiki dute, herriz herri, landaz landa herrialdea zatitzen duen pareta. Palestinarrek nahi badute Israelerat pasatu, paper eta baimena behar dituzte, bainan horiek guziak ukana gatik ere, batzutan orenak atxikitzen dituzte sartzeko permisioa eskuratu aitzin. Berdin ura ukaiteko. Hoinbertze oren ur badituzte egunean. Israeldarrek 8 edo 10 ordu ukanen dituzte, eta Palestinarrek 2 edo 3 ordu, edo batere, zergatik jakin gabe. Nola bizi elgarrekin beraz? Batzuk beldurra sartua halako suntsitzea bizi izana gatik eta orain ere nun nahi munduan atakatuak izana gatik Judua izanik, eta bertzek beren betiko herrian bakean bizi nahi eta ezin. Zubiak eraikitzea lukete aterabide bat. Utz gizonen lehen tentamendua: “Hi haiz eta ni banauk” eta eraiki zubia. Zubiak baditu bi zutabe edo zubi-harroin eta heien gainean badu zubi-gaineko bat nun jendea pasatzen den, gurutzatzen, batetik bertzera libreki ibiltzen. Bi zutabeak, Israeldarrak dira alde batetik eta bertzetik Palestinarrak; ez dute beren burua ukatu beharrik ez eta bertzea zapatu edo lehertu beharrik. Izan, diren bezala, beren izaitean eta ikusmoldean; elgarrekin bizitzeko trabak gainditu zutabeak altxatuz, eta zubi-gaina asmatu, muntatu, harremanen sarea ehunduz.1 Hau izan da zuzendari horren mezu baliosa. Irudi hori gizarte gaietan erabil ditake. Euskal Herrian badira zubi eraikitzaileak eta hauen beharra ageri da herri hunen historiaren orrialde berri baten idazteko. ETAn sartu ziren gazte eta helduek beren ikusmoldeak bai eta beren egin-moldeak bazituzten. Bortizkeriaren biktimek beren bizia galdu dute eta familiek beren bizi guziko sofritzen dute. Euskal Herriaren maitasuna eta askatasuna bertzela agertu eta biziarazi dutenek, bidea segi dezaten batzuri eta bertzeri esku emanez. Armen bortizkeriak ixildu dira eta hitzen bortizkeriak pitz ez diten, alderdi ezberdinen indarrak zutabeak eraikitzerat gomitatuak dira. Ezberdintasunak egiten du zubiaren beharra, eta zubiak egiten du elgarretaratzeko bidea.
Erlisione sailan eta bereziki gure diozesako Elizan, nork pentsatuko zuen duela 60 urte bezalako liturgia berriz ikusiko ginuela elizetan? Alta Aita Sainduak ahoan bilorik gabe argi eta garbi erran du azken kontzilioko aldaketak liturgia sailan beharrezkoak direla eta ez ditazkela baztertu. Kontzilioaren erakaspenak ere errespetagarriak direla errepikatzen du. Hor ere zubi-harroinak altxatzerat gomitatuak gira. Bertzen ikusmoldean eta ekintzetan ebanjelioaren haziak ikus ditzakegu. Berdin, bizia eta hiltzearen gaietan. Eutanasia, abortu, haur ukaite, terapia gehiegikeria2, ikusmolde arras kontrakoak agertzen dira eta denek badute beren justifikazioa, beren ustez bederen. Eta gai horietan, “nor gira bertzeak jujatzeko?”, Aita Sainduak dion bezala. Altxa hor ere zutabeak gogoetak eginez, barnatuz gure ikusmoldeak, arazo horietan diren jendeak bisitatuz, heien galdeak entzunez, eta gure otoitzaren bidez, Jainkoak, biziaren Jainkoak, ezarriko du bere zubi-gainekoa, elgarrekin mintza giten, bakotxaren errespetuan eta duintasunean. Huna zer dion Pagola apezak: “Ebanjelioaren indar berritzailean sinestea da lehenbiziko gauza. Ebanjelioko kondakizunek fedea bizitzen erakasten dute, ez behartuz, bainan erakarriz. Kristau- bizitza biziarazten dute, ez betearaziz, baizik eta distiratuz eta kutsatuz. Daitekeena da jadanik gure parrokietan beste dinamika bat abiaraztea. Talde ttipietan bildurik, Ebanjelioari loturik, Jesusen jarraitzaileen egiazko nortasuna berreskuratuz joan gintezke”.
1 Ehundu: tisser 2 Terapia gehiegikeria: acharnement thérapeutique