Mundu zabalean | 2018ko Maiatzaren 17a

Mundu zabalean

M.L.

Eric Petetin
Eric%20Petetin

Laugarren aldia da Eric Petetin militante kristau- ekologista ospitale psikiatrikoan sarrarazia izan dela.

Saharaoui militantearen emaztea gose greban

Naama Asfari Saharaoui militante bakezalea preso atxikia da Marokon 2010az geroztik. Epaileek 30 urteko kondenua ezarri diote, Saharaoui mugimenduak burutu atentatu batean parte hartu izana leporatuz. Geroztik eta preso saharaouiak torturak salatzen ditu. Militante horren emaztea Claude Mangin, gose greban sartua da joan den apirilaren 18az geroztik, frantziako Ivry hirian. Badu 22 hilabete Marokar buruzagiek ukatzen diotela bere senarraren ikustea. Claude Mangin emaztea kristau militantea da, lehenago Frantziako zkuten mugimenduaren zuzendaria izana. Michel Santier Créteileko diozesako apezpikuak eta Philippe Bouyssou Ivryko auzapez komunistak gutun bat idatzi diote Frantziako presidenteari, galdatzen diote preso duen senarraren ikusteko baimena galda diezaion Mohammed seigarrena Marokoko erregeari.

Eric Petetin ospitale psikiatrikoan kristau aitormenen gatik

Laugarren aldia da Eric Petetin militante kristau- ekologista ospitale psikiatrikoan sarrarazia izan dela. Joan den apirilaren 9an Bordeleko karrika bateko semaforo gorrian zela, auto larri bat gelditu zenean, aitzinean emanik eskatu zion ez zedila atera berriz bere auto kutsatzailearekin eta berina garbigailua plegatu zion. Auto gidariak deitu polizak laster Eric Petetin arrastatu zuen. Komisarian hauxe erran zuelako: “Otoitz egiten dutanean iduritzen zait Jainkoak entzuten nauela”, prefetak segidan Cadillac-eko ospitale psikiatrikoan sarrarazi du. Bordeleko dei gorteak prefetaren erabakia baieztatu du. Eric Petetinek 64 urte ditu. Familia kristau batean hazia izanik, historiako tesia idatzia du 1977an Antoine Dieuzaide jesuitaz. Ekologista militante denboraldiaren ondotik depresio larria jasana du hamar urtez, eta 2010eko agorrilean Lurdako Ama Birjinaren harrokapean nigarrez urraturik egon ondoan kristautasunera itzulia da.

Israel, Trump eta Palestina

Munduko hedabide nagusi guziak Israel, Trump eta..... Palestinaren inguruan ba dabiltza. 70 urte bete ziren astelehen honetan juduek Israel eskutan dutela. Palestinarrek data hori bera beren zorigaitz kolektibotzat dadukate; joan den astelehenean 52 gazatar hilak eta kolpatuak bost ehunez goiti altxatu zituzten jadanik Gazan. Israeleko mugatik sei ehun metrotan palestinarrek sei astez segidan burutu dituzten manifestaldietan jada hilak dotzenaka kondatu direlarik Israeleko soldadoen tiroen gatik. Joan den asteleheneko tiroketen gatik Europa batuak Israeli eskatu dio proportzionaltasunekin ihardestea, aldiz Donald Trumpek asteleheneko 52 hilak ez ditu aipatu ere. Urtemuga horren kari bete betean agertzen da Donald Trump amerikar presidenteak Israeli bi begiak hetsirik ekartzen dion sostengua. Amerikar enbaxada Tel-Aviv hiri nagusitik Jerusalemerat lekutzen du, Arabia Saudiaren edo Nazio Batuen ganik protesta tintik ez da atera.Europa eta Vatikanoaren ganik doi doia mihi puntako gaitzespenak. Baldintza horietan Israelek askatasun osoa du behin betikoz Jerusaleme osoki bere deklaratzeko, eta judu kolonoak dotzenaka Zizjordaniako lurretan finkatzen laguntzeko. Ba dirudi nazio arteak ez ikusiaren politika daramala Israelen kasuan azken 20 urte hauetan.

Frantzian lege nagusiaren erreforma abian

Mementoan hodeirik tuntik ez da ezagun, baina Emmanuel Macronek joan den asteko ministroen kontseiluan lege nagusiaren erreforma nagusia aurkeztu ondoan laster agertu behar lukete. Segur badira hainbat puntu bigarren gradukoak, hala nola deputatuak ezingo direla bozetara aurkeztu hiru aldiz baino gehiago ezingo direla Konstituzio auzitegiko kide izan. Bi artikulu gehituko dira oraino, bata Korsika aipatzen duena, bestea klima aldaketa. Ordea lege biltzarra eta Zenatuaren kasuan, gobernuak nahi lituzke deputatuak 577etatik 404erat ekarri, eta zenaturrak 348tik 244ra. Segurtatzen du deputatu bat bederen izanen dela departamendu bakoitzeko. Beste 304ren bozka eremuak finkatzeko gobernuak ordonantza bidez erabaki nahi du. Xede horiek gauzatzerakoan bietan bozkatuko dugu deputatu bozetan. Letrazal batean gure departamenduko hautagaietarik baten izena ezarriko dugu, eta bestean proporzionalki bozkatuko diren hautagaien zerrenda bat. Alabaina, 61 deputatu proportzionalki bozkatuak izanen dira. Bada oraino besterik deputatuen eta zenaturren gaitasunak zuzenean hunkitzen dituena. Gobernuak nahi dizkie deputatuei mugatu emendakinen pausatzeko eskubidea, eta bi ganbaren arteko legegai joan jinak. Gutiz ez utz, gobernuak parada nahi du baliatu lege-biltzarreko aipagaien finkapenean sudurra gehiago sartzeko. Erreforma instituzional hori berez konplikatua izanik, prentsa ez da oraino gaian sartua, baina dirguñak abiatzen ari dira bereziki zenatuan. Max Brisson zenaturrak sare sozialetan idazten du jada erreforma horrek deputatuen gaitasunak deplauki apaltzen dituela, eta laster abiatuko den sokatiran bera parte hartzeko prest dela.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3450. zbk

Etxeko sua etxeko hautsak behar du estali

Betiko errana

Gure Hitza | 2018/05/17

Bide berri bati buruz abiatu behar

Menane Oxandabaratz

Azken egun hauetan Euskal Herrian ETAren desegiteak sortu ditu ihardukitze ainitz, 60 urtez ezagutu dugun talde armatua hortan gelditu dela eta.

Azken egun hauetan Euskal Herrian ETAren desegiteak sortu ditu ihardukitze ainitz, 60 urtez ezagutu dugun talde armatua hortan gelditu dela eta. 2011n, Aieteko konferentziatik landa hasi ziren lehen urratsen emaiten, sortu zuela herritarrenganik esperantza handia. Ipar Euskal Herrian adostasun handi bat lortu zen, izan tendentzia desberdinetako hautetsiak, sindikatu gehienak, jendarte mugimenduak... denek bat egin zuten laguntza ekartzeko garai berri bati buruz joan zadin Euskal Herria. Hego Euskal Herrian gauzak ez dira hain errexki abiatu prozesu berri horretan, baina emeki-emeki urratsak egiten ari dira, foru sozialak antolatuz jendarteak beregana dezan aterabide bat lortzeko.

Maiatzaren 3a, Euskal Herriaren historia markatuko duen eguna izanen da, ofizialki egun hortan baitu ETAk bere azken agerraldia egin. Euskal gatazkaren konponbiderako frantses eta espainol estatuek ere badute beren eginbeharra, ardura horietarik lehena da presoen eta deportatuen kasuaz arduratzea. ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016