Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2018ko Agorrilaren 09a
Bidarrai
Dolu –
Uztailaren 21ean zendu da Thierry Nanteau, Lixeronean bizi zena. 51 urte zituen. Sortzez Frantzia erdialdekoa zen, Allier departamendukoa. Hamar bat urte huntan bizi zen gure herrian, Vanessa bizilagunarekin. 2012an ezkondu ziren Herriko Etxean, bainan joan den ekainean berexi dira eta hori ez du soportatu ahal izan. Ehorzketak intimitatean iragan dira, erraustegitik iraganik. nessari eta Oihan semeari gure doluzko agurrak.
Siméon inbaldituari ongi-etorri goxoa –
Joan den astean, asteazkenez, Siméon ttipia gutartean ginuen, aitamekin, hor zirela ere familiako beste kide batzu eta adiskide zenbait. Duela bi aste hemen beretik kondatzen ginuena oroitaraziko dugu. Eritasun arraro batez joa da Siméon Rabec, beso Xakurra, ardi tropa biltzen eta zangoak ez ditu erabiltzen ahal. 5 urte bete beharrak ditu laster. Savoia eskualdekoa da (Savoie), Axel herrikoa. Aitamek Konpostelarateko bidea egitea deliberatu zuten duela bi urte, urratsean, lasterka edo bizikletaz (vtt), eritasun horren berri emaiteko eta diru iturriak biltzeko. 2016an Axel-Cahors egin zuten (700km). Uda huntan Cahors- Gernika (600km). 2020an egingo lukete Gernika-Konpostela zatia. Joan den uztailaren 21ean abiaturik, Gernikara dira heldu agorrilaren 5ean. Stéphanie amarekin dabilalarik Siméon ttipia, mutiko guziz alegera, batzutan “joélette” batean ere egiten duela ibilbidearen zati bat, Vincent aitak lasterka egiten ditu etapak, aldizkako lagun batzuz inguraturik, bana beste 40 bat kilometro etapaka, erran nahi baita egunero maratoi bat! Asteazkenean, ongi etorri beroa egina izan zaiote Herriko Etxean, tokiko hautetsi eta herritar multxo bat bildurik (argazkian ageri direnak baino gehiago, argazkia arrunt hastapenean hartua izan baita eta jende andana bat ondotik jin). Herritarrek prestatutako janaritik eta edaritik arizan gira solasean goxoki, bizpahiru oren loriagarri elgarrekin iraganez. Ez da erraitearen beharrik biziki hunkiak izan direla gure ongi etorriaz, eta bihotz barnetik bihurtu dauzkigute eskerrak. Beren aldetik, lekukotasun ederra daukute zabaldu, haurraren inguruan deramaten biziaz. Eta Siméonen aurpegi irripartsua iguzki baten parekoa da. Bidarraitik landa, Aire Zabal aterbetxean lo eginik, Azkainera joan dira, handik Donostiara, beti lasterka, eta azken bi etapak aldiz mendiko bizikletaz, Donostia-Zarautz eta Zarautz-Gernika.