Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Irailaren 13a

Senpere

Gure pilotako gaztetxo irabazdunak, Lopez Baptiste/Etcheverry Adrien(ezkerrean) Baigorriren kontra
Gure%20pilotako%20gaztetxo%20irabazdunak_%20Lopez%20Baptiste/Etcheverry%20Adrien(ezkerrean)%20Baigorriren%20kontra

Hiru abesbatza elizan igandean:

Ondarearen Egunen kari, hiru euskal koralek beteko dute beren kantuz Senpereko eliza, igande arratsaldean. Aurtengo lema nagusia "artearen partekatzea" hautatua izan da Frantzia mailan. Gure eskualdeari dagokionez, partekatze horren sinbolo bezala daukagu koralen kantua. Senpereko herriak ideia hori finkatu nahian, antolatzen ditu hiru kontzertu urririk bat bertzearen segidan. Arratsaldeko 3:00etan, Lapurtarrak koruak emanen du bere ikuskizuna, geroxago 7:00etan, Bihotzez abesbatza aurkituko dugu eta azkenik 9:00etan Larrun Kanta, hauek gure auzo herritik jinak bururatuko dute arratsalde kantatua beren emanaldiarekin.

Gau Eskolaren sartzea:

Buruilaren 18an asteartez 16:00etatik 19:00ak arte, iraganen dira izen emaiteak, Senpereko Elkartetxean (herriko liburutegiaren azpian). Klaseak urriaren 1ean hasiko dira eta ekainaren 21ean bururatuko. Maila bereko 7 ikasle beharrezkoak dira klase baten idekitzeko. CPF orenak erabil daitezke formakuntza ordaintzeko. Xehetasun gehiagorentzat, 06- 85-40-57-13 telefono zenbakira deitzen ahal da. Azpimarratzekoa da zer lana eremana den AEKren bitartez, gure hizkuntzaren ikasteko, hobetzeko eta erabiltzeko gure inguruan.

Abuztuko sortze eta heriotzeak:

Sortze bat soilik seinalatua izan zauku Herriko Etxean, haatik badakigu badirela bertzalde. Dena den bizitza eder bat desiratzen diogu Xan Decleve mutikoari eta zorion bizienak burasoeri. Heriotzeen aldetik, Paxkal Sanchez 87 urte, Tapia Antoine 66 urte, Haroçarene Jean-Baptiste 96 urte eta Roussel Jean-Marie 82 urterekin. Dolumin bizienak, heriotze hauek hunkitzen dituen familieri, ahaide eta lagun guzieri.

Lurdeko Beila igandean:

Urtero bezala, autobus bat antolatua da buruilaren 16an, Le Basque Bondissant enpresarekin. Goizeko 5:40etan finkatua da abiatzea Senperetik (Gantxikin) eta itzultzea 19:00etan Lurdetik abiatzea (prezioa 25€). Izen emaiteak turismo bulegoetan edo deitu Basque Bondissant: 05-59-26-30-74

Pilotan:

Poza handiarekin gelditu ginen azken egun hauetan, esku-huska plaza laxoan bildu ditugun 2 tituluekin, bat Euskal Herrikoa eta bestea Frantziakoa, helduen lehen mailan. Oraikoan haatik gaztetxoak behar ditugu ospatu, gure bikotea Lopez Baptiste/ Etcheverry Adrien nagusitu baita Zaharrer-Segiko Aizpurua Xan/Oçafrain Aimar-en kontra 30/16, Union-Basqueren kondu. Aitortu behar da partida ez dela joan baldintza hoberenetan, lau jokolariek kezkak baitzituzten eskuko minarekin eta hunek erabakiarazi du pixka bat emaitza. Dena den, txalotzekoak dira irabazdunak, hunek erakusten du lanarekin emaitza onak ardiesten direla eta Senpertar gazte hauek segi dezatela bide hortarik.

Errugbia:

Denboraldi berri huntako lehen partidan abiatze hitsa eman dute gure jokolariek emaitzaren aldetik, Bardozeko ekipa gotor baten kontra galdu dute 16/19. Halere talde bakoitxak entsegu bat sartu du, partida pollit eta orekatu batean, haatik uztartze lanetan bardoztarrek beren nagusitasuna erakutsi dute. Bigarren ekipa edo erreserbak aldiz garaipena eskuratu du 9/7. Helduden igandean Navarrenx herrira badoatzi, ea erantzun hobea emaiten duten!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016