Egun eta bihar | 2018ko Irailaren 13a

Egun eta Bihar

J-B D

Ziminokeriak

Hauxe dira idiak eta orgak hor berriz! Sail huntan berean, joanden asteko artikulua hitz horiekin hasi ginuen. Aste huntakoa ere hasten ahal dugu hitz ber-berak sartuz. Gure baserrietan lehen baino idi eta orga gutiago balinbada ere, denek konprenitzen ahal dute zertaz ari den idiak eta orgak hola aipatzen dituena... Zonbait egunez segidan beharriak tutatu daizkigute mozkin-zergaren ixtorio bitzi horrekin, zerga horren biltzeko moldea kanbiatu behar zen ala ez helduden Urtatsetan... Macron presidenta bera ere gogoetatua omen, argitasun batzu eskas edo nik dakita zer. Eta denen buru, bazterrak airean atxikirik zonbait egunez, minixtro guziak goxoki mintzo irriño bat ezpainetan, lasai egon giten, denak ongi doatzila, mozkin-zergaren biltzea erran bezala kanbiatuko dela helduden urtarrilean... Bainan zendako arizan dira hola dena jestu bat-batean? Berriketari batzuk erran dute Macronek egin duela "bere zinema". Hots, jendeaz trufatu dela bere ustez biziki polliki. Euskaraz, "zinemaren egite" horrek ez du deusik erran nahi, gauza beraren adiarazteko erranen da izaitekotz dena ziminokeria arizan direla hor gaindi. Bainan zendako denen buru? Beharbada Macronen handitzeko gisan, erakutsi nahiz gizon gaitza dela, nunbait zerbait arrangura izaiten delarik beti han dela gauzak behar bezala aztertzeko. Deneri begia atxikiz arta handienarekin... Edo berdin ixtorio hori pentsatua izan da jendea hortaz mintzo zadien eta ez hainbeste, gutiago gisa guziz, Nicolas Hulot minixtroaren gobernutik ateratzeaz... Jokoa polliki egina, alegia-eta deusez... Eta hortakotz nago ni galdeka, ez ote diren horiek oro ziminokeria batzu?

Igerikaria

Nicolas Hulot gobernutik joana, bospasei egunen buruko izendatua izan da haren ordaina, François de Rugy deputatuen biltzarburu ginuena. Kolorez aise kanbiatzen den gizon bat. "Berdea" izana, gero sozialixta, arrrosa kolore nolazpait, eta orai macrontiar beraz, ortzadarraren kolore berekoa, macrontiarretan baita kolore guzietarik. Beste kanbiatze bat izan da gobernuan. Kirolen minixtroa, Laura Flessel xapeldun handia, iduriz bere lanari ederki lotua zena, kanporatu da bere nahitarat bainan itxura guzien arabera ixtorio batzu badituelakotz zergazerbitzuekin... Segidaren hartzeko berexia izan da Roxana Maracineanu, motaz Errumaniakoa. 43 urte ditu. Haurra zen oraino familia Frantziarat jin zelarik, Errumaniatik iheska. Xapeldun gaitza izana, igerikari famatua. Olinpi jokoetan ere saristatua. Artetik erraiteko, minixtro batentzat on da, biziki on, igerika untsa jakitea

Ingrid Betancourt

Ez ahal duzue izen hori arrotza? Duela zonbait urte ainitz aipatu zen Ingrid Betancourt Hego- Ameriketan bahitua atxiki zuten emaztea, gora-behera askoren ondotik azkenean libratua izan zena. Frantsesa da bainan ere kolonbiarra. Funtsean, hautagai izan ere zen Kolonbian. Orai berriz politikari lotzeko xedetan dela bainan Frantzian, hori du jakin-arazi Pariseko berriketari batzuri. Nahi luke beraz hautagai izan helduden maiatzean Europa-maileko hauteskundeetan. Macrontiarren zerrendan. Gain-gainetik laudatzen du alabainan Emmanuel Macron, holako gizonik ez duela aspaldian ukan Frantziak eta holako lendakari batekin ez dela gauza onik baizik izaiten ahal... Erran du ere, berak dituen xede premiatsuak aipatuz, den tokian eta bere ahalen arabera jendetasunaren aldeko urratsak dituela oroz gainetik sustatu nahi, hasteko bahituen aldekoak, bera ere luzaz bahitua egonaeta. Gogoan du bereziki Sophie Petronin frantses bakarra bahiturik dagoena, Mali herrialdean nunbait, hogoi hilabete huntan... Emazte hori, sortzez bordelesa, hango behartsuen aldeko obra batzuen laguntzerat joana zen.

Dei bat

Zazpi ehun erakasle, ikerle eta jakintsun frantsesek dei bat zabaldu dute gobernuari eta zerbait kargu baduten guzieri otoi eta otoi berma diten ingurumena ari dugula funditzen guhaurek uste baino gehiago eta lasterrago ere... Arrangura bera gogoan, ibilaldi jendetsu batzu egin dira joanden larunbatean Parisen eta Frantziako hiri askotan bainan ere mundu guzian gaindi, Nicolas Hulot minixtro ohia ere sustatzaile besteak beste...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016