Hegoaldean | 2018ko Irailaren 13a

Hegoaldean

Erdian Julen Arburua, Lekarozko gasnategiko arduraduna, San Sebastian Gastronomika elkarteko arduradunez inguratua
Erdian%20Julen%20Arburua_%20Lekarozko%20gasnategiko%20arduraduna_%20San%20Sebastian%20Gastronomika%20elkarteko%20arduradunez%20inguratua

Maravillas gaztetxea

Azken asteetan aipamen eta gorabehera franko ezagutu ditu Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregian plantatua den Maravillas gaztetxeak. Etxe hau Alde Zaharrean dago, Nabarreria plazan. Eraikina 2017ko irailaren 3an okupatu zuten Alde Zaharreko gazteek. Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak hustu zuten joan den abuztuaren 17an. Horrek eragin zuen protesta eta sustengu mugimenduaren ondorioz, ordea, azkenean huste agindua ezeztatua izan zen. Ulertzeko zailak diren agindu eta kontra-agindu judizial horiek baino interesgarriago da, haatik, jakitea zein den Maravillas gaztetxeko arduradunen proiektua. Gazteek berek azaldu dutenaren arabera, “transformazio sozial eta kulturala” gauzatzeko tresna izateko xedez sortua da Maravillas gaztetxea. Mementoan eraman duten egitasmo nagusia elikagai bankua da. Gure inguruan ezagutzen ditugunen ibilmolde berdintsua du honek ere. Auzoko saltegien kanpoaldean jartzen dira gazteak, eta horietara hurbiltzen diren bezeroei elikagai eta produktu zerrenda bat ematen diete, jendearen beharren araberakoa. Gero, bildu dituzten produktu guziak Iruñean eta, bereziki, hiriko Alde Zaharrean beharretan diren familien artean banatzen dituzte. Bestalde, “gizarte eraldaketa” sustatu nahiz, emazte gazteen autodefentsa feminista eta arte martzialak lantzeko gela bat antolatua dute eraikinaren sotoan. “Palestra” deitu dute gune hori eta jadanik dozenaka emazte biltzen dira hor, gazte mugimenduetakoak, gehienak. Erran gabe doa ohiko aisialdiak ere lekua baduela gaztetxean. Etxea okupatu bezain laster, Paradisu Zinema sortu zuten. Eraikinaren hirugarren solairuan dagoen gela zabala da, eta igande guziez filmak proposatzen dituzte horretan. Zinemaren ondoan, berriz, Lapiku Txiki herri jantokia dago. Halaber, liburutegia antolatzen ari dira eta bilkura gelak ere apailatuak dituzte. Gela horiek euskara irakasteko eta bertso eskola gisa erabiltzen dituzte, bertzeak bertze. Azkenik, Desjabetuen Memoria proiektua lantzen ari dira gaztetxeko kideak. Egitasmo horren lehen ekintza abuztuaren 15ean egin zuten: Maravillas Lanberto eta haren ahizpa Josefina omendu zituzten. Gaztetxe barnean, Maravillasi gertatua azaltzen duen horma irudia margotu dute, haren historia zabaltzeko.

Agorrileko auto salmentak

Uda emankorra izan da Hego Euskal Herriko auto kontzesionario gehienentzat. Urte guzian ere, oro har, iazko emaitzak baino hobeak izan dira, baina agorrila usaiaz kanpokoa izan da haien negozioarentzat. Azken asteetan irailaren lehena izan dute ikusmiran autogintzako eragile guziek. Alabaina, epemuga horretarik landa, Europan matrikulatzen diren auto guziek erregai kontsumoak eta gas isurpenak WLTP (Worldwide Harmonised Light Vehicle Test Procedure) delakoarekin neurtuak izan behar dituzte. Azterketa molde berri hori errealistagoa dela uste dute Europan, eta ez bakarrik autoek atmosferara igortzen duten gas kopuruari dagokionez. Ibilgailuek zenbat erregai kontsumitzen duten jakiteko ere, aitzineko NECD (New European Driving Cycle) baino baliagarriagoa eta sinesgarriagoa izanen da. Fabrikatzaile guziak joan den urte bukaeran hasi ziren modelo berrietan WLTP neurketa molde berria erabiltzen. Azken honen ezarpena sustatu nahiz, NECD neurketari muga ezarri zitzaion. Ondorioz, lehengo metodoarekin neurtu autoak, baitezpada matrikulatuak izan behar ziren agorril hondarreko. Helburu hori lehenbailehen betetzeagatik, eta beraz, ahal bezainbat erosle erakartzeko, prezio apaltzeak egin dituzte auto saltzaileek. Horra zergatik hainbeste emendatu diren auto salmentak Hego Euskal Herrian, usaian franko motela izaten den hilabetean.

Ordiziako gasna lehiaketa

Nafarroara joan da aurten Ordiziako Ardi Latxaren gasna txapelketaren 45. edizioko sari nagusia. Lekarozko Kortaria gasnategiak irabazi du, “infernuko gasna” izen bitxia duen gasna ketu batekin. Bigarren saria, aldiz, Joseba Intsausti ordiziarrak eskuratu du, eta haren anaia Unairi joan zaio hirugarrena. 54 gasna aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta 27 epaimahaikideen artean hautatu dute irabazlea. Gasna guzien kalitatea goraipatu dute epaimahaian ziren sukaldari ospetsuek. Lehiaketaren ondotik egin den enkantean, San Sebastian Gastronomika elkarteak 8.750 euro pagatu ditu txapeldun atera den gasna erdiarentzat. Bigarren aldia da aurten garaile ateratzen dela Julen Arburua, gasnategiaren arduraduna. Joan den abuztuaren 26an, Nafarroako artzain eguneko gasna lehiaketako lehen saria ere hark eskuratu zuen, Uharte Arakilen.

Estatutu berria

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nahi luke Eusko Legebiltzarrean adosten ari diren EAErako estatutu politiko eta juridikoak ahal bezain adostasun zabala erdiestea. Horretarako, beharrezkoa iduritzen zaio EAJk eta EH Bilduk edukietan berriki lortu duten akordioa zabaltzea, azken testua Madrilekin “bideragarria” izateko gisan. Zenbait egun lehenago, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi zuen EAJk eta EH Bilduk EAEko estatutu berriaren edukietan finkatu zuten adostasunak ez duela Gorte Nagusietan onartua izateko esperantzarik. Azken puntu honi buruz, Lehendakariak azpimarratu du legebiltzarreko taldeek oraino “asko” dutela egiteko Autogobernu lantaldean. Alabaina, estatutua berritzeko lanak hasi baizik ez dira egin, eta ondorioz, oraino bada denbora EAJk eta EH Bilduk erdietsi dutena bertze taldeei zabaltzeko. Lehendakariaren uztez, euskal gizarteak eskertuko luke testu artikulatuak ahal bezain adostasun zabala izatea. Bertzeak bertze, garrantzitsua iduritzen zaio testu horretan ondoko gai hauek agertzea: aldebikotasuna, botere judizialarekin lotuak diren sailak, eta eskubide sozial eta zibilen bermea. Urkullu segur da atal horiek guziak biltzen dituen hitzarmen batek lekua izan dezakeela Espainiako Konstituzioan. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeak irailaren 7an hautatu ditu estatutu berriaren testu artikulatua idazten hasiko diren bortz adituak. Halaber, Eusko Ikaskuntzak aditu horien esku utzi behar du, irailaren 30a aitzin, joan den ekainean Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin herritarren foroetan landu zen txostena. Beraz, adituak larrazken honetan has litezke testu artikulatua idazten, eta 2019ko ekainerako lanak burutuak izateko esperantza dute. Gero, legebiltzarreko taldeen arteko eztabaida izanen da. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bere aldetik, “babes osoa” agertu dio EAJ eta EH Bilduren arteko akordioari, haren ustez, testu horrek erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea bilatzen duelako.

Hegoaldean ere, orenean 80

Joan den uztailetik hona Ipar Euskal Herriko eta frantses estatuko bigarren mailako bideetan ezarria den abiadura muga aplikatua izanen da, hain segur, Hego Euskal Herrian ere. Hori da, bederen, Pere Navarro DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarako buruak berriki iragarri duena. Ez du eperik zehaztu, baina xede hori duela jakinarazi du, eta kontrako iritziak agertzen badira ere, ez omen du ideiaz aldatzeko asmorik. DGTk udan bideetan izan diren harat-honaten bilana egin du, eta aitortu du datuak ez direla onak. Ezbeharretan hil gehiago izan dira, aitzineko urteko kopuruekin konparatuz. Aurtengo uztail eta agorrilean iaz baino sei lagun gehiago hil dira Hego Euskal Herriko errepideetan. Navarroren arabera, preseski bigarren mailako errepideetan gertatzen dira heriotza eragiten duten ezbehar gehienak. Horietako erdiak abiadura handiegian ibiltzearen ondorio dira, bertze erdiak alkohol edo droga kontsumoarengatik, eta laurdenak autoa bidetik atera delako.

Euskara Nafarroan

Karrikara ateratzeko deia egin du Kontseiluak, euskararen ofizialtasunaren alde. Manifestaldia eginen dute urriaren 27an, Iruñean, Behingoz lelopean. Alabaina, erakundeari iduritzen zaio parada badagoela “Nafarroako euskaldun guziak, bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera berri bat sortzeko”, Nafarroako Parlamentuan euskararen lege berri bat idazteko batzordea muntatu dela baliatuz. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok oroitarazi du parlamentuko Euskara Batzordetik atera beharra den lege berri horrek hiru irizpide bete beharko dituela: Nafartarren hizkuntza eskubideak bermatzea, oraingo zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea. Nafarroan gaur egun indarrean den foru legeak, eskubideak bermatu baino gehiago mugatzen dituela azpimarratu du Bilbaok. Alderdi politikoei ere dei egin die aldaketa desiratzen duten herritarrei erantzun egokia eman diezaien.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016