Inbido | 2018ko Irailaren 13a

Bainan noiz da egiazki eguerdi?

Muslaria

Badu orai 42 urte ez idurika, urtean bi aldiz tenorez kanbiatzen girela. Badugu udako tenorea eta badugu negukoa. Izenak berak ere ez hain fidagarriak egia erran. Negukoa urriko azken igandean hasten da, oraino udazkena delarik, udakoa martxoko azken igandean, udaberria hasi berria denean... Aldaketa hori erabaki zen argindar gutiago erretzeko gisan. Denak jarriak gira joko horri nahiz frangotan aditzen den ez dela baitezpada hain egokia. Gainerat, ikerketa askok salatzen dute argindarraren aldetik uste baino gutiago irabazten dela. Frangok diote ere tenorez kanbiatzearekin, zonbait egunez segurik denak nahasiak bezala izaiten direla... Gero eta gehiago badira denen buru deplauki diotenak hobe baizik ez litakeela urte guzian tenore bera atxikitzen balitz. Europa-maileko batzorde nagusiak ere ez du besterik erraiten, kondutan hartuz ainitzek zabaltzen duten deia. Joanden egunean, Jean-Claude Juncker batzordeburuak garbiki erakusterat emana du preseski aldaketa hori egiten ahal litakeela helduden urtean edo berantenaz ondokoan... Bainan hara, beti tenore bera atxikitzekotan, zoin da atxiki behar, udakoa ala negukoa? Hortaz badira arras ikusmolde desberdinak...

Iguzkia gorenean

Gai hori aipatzen delarik, galde bat heldu da laster gogorat: untsalaz, erran nahi baita naturalki, noiz den eguerdi... Hortan ez da haratik ez hunatik, eguerdi da ziren tokian iguzkia gorenean delarik. Edo bederen hala iduri duelarik. Lurraren itzulikatzeak baitu hori egiten. Hots, beti eguerdi da nunbait. Eta hori hola izanen da Lurra itzulikatzetik ez deno geldituko. Horrek erakusten du hauxe: ekialdetik mendebalerat gero eta berantago heldu dela eguerdi. Frantzian konparazione, bada oren laurden baten makurra. Nizan eguerdi da Bordelen baino goitxago. Bainan konduak xuxen xuxena atera behar, Hazparnen ere Kanbon baino doi bat lehentxago, bi herriak elgarretararik arras hurbil izanikan ere. Hots, arrunt iguzkitik ari behar, herri batetarik besterat, ekialdetik mendebalerat joanez, ez litake nihun tenore bera behar... Xuxenago litake gisa batez. Xuxenago beharbada bainan zer saltsa!

Treinen gatik

Egia erran, luzaz eta luzaz hori hola izan da. Hiri bakoitxak bazuen bere tenorea. Etzen bera Marsellan eta Bordelen. Hemeretzigarren mendean ohartu ziren joko horrek etzuela hola irauten ahal. Treinen gatik gehienik. Bainan treinek zer ikusteko dute ixtorio horrekin? Hemeretzigarren mende hortan azkarki hedatu zen burdin-bideen sarea. Treinek bazuten beren ordutegia. Parisetik Nizarat zoana, holako tenorean partitzen holako tenorean heltzeko. Bainan nola finka ordutegi manerako bat hiri batetik besterat ez balinbazen tenore bera? 1891-n erabaki zen beraz Frantzia guzian tenore bera izanen zela... Eta nunbaitik ere Pariseko tenorea zuten hautatu...

Aratsaldeak luzeago

Urteak jin eta urteak joan, izan dira geroztik ere kanbiamenduak. Alemanen denboran, alemanak nagusi handi zirelarik gure eskualdetan ere, 40-ko gerla zeno beraz, heien tenoreari behar izan zen jarri. Gisa guziz, etzen tenore bera denetan hola eta hola sartu, alemanen denbora hortarik kanpo ere. Duela tirahala 70 urte, "oren berri" ari ziren Hazparnen, "oren zahar" Lekornen. Hazparnen eguerdi, goizeko 11-k Gerezietan. Kasu, etzuten denetan tenore bera beraz bainan denetan zuten tenore hura alde bat atxikitzen zuten, uda ala negu. Gero jin zen, 1976-an, urtean bi aldiz tenorearen kanbiatzeko usaia. Joko horrekin, udako tenorea dugularik, aratsaldeak aise luzeago dira. Eta hori gustatzen zaio jendeari, gehiengo handi bati segurik ba, ikerketa guziek diotenaz. Bada haatik hor nunbait gauza bat frango harrigarria. Ainitzek uste dute udako tenorea dugularik iguzkiak manatzen duen eguerditik hurbilago gabiltzala. Hori ez da batere hola. Gure eskualdetan, neguko tenorearekin nunbait han oren bat iguzkiko eguerditik baino goizago gabiltza. Bainan udakoarekin bi oren goizago! Hots, eguerdi edozoin gisaz ez da egun erditan, izenari ez da fidatu behar. Eguna ez da beraz batere ongi orekatua. Bainan azkenean zer munta du horrek guri iduritzen balinbazauku hola hobeki dela?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016