Jainkoa bizia jendea | 2018ko Irailaren 13a

Eliza berdea

J-L D

Duela dozena bat urte ChiracFrantziako presidenteak zioen: "Etxea sutan dugu, eta gu beste norapait so!" Geroztik sua zinez indartu zaigu, eta beharrik ikusten hasi gatzaikio, haatik ez aski, hortik urrun. Nicolas Hulot ekologiako ministroak bere kargutik lekutuz, gobernua utziz, finki oroitarazten digu arazoa zinez larria dela, eta horri buru egiteko presa handia dugula. Gizateriaren eta jendetzaren geroa jokoan dago, eta orain berean finki mugitzen ez bagara, ongi ateratzeko bideak hesten dizkiogu. Jende zenbaitek ez dute sinetsi nahi klima kanbiatzen ari dela, baieziz eta lehenago ere uda berorik egin ukan duela. Haatik ene bizitza franko luzean, baina lazgarri fite joan zaitan horretan, aurtengoa bezalako gutiño ezagutu dut berriki arte: ene lehenbiziko mende erdian 1949 urtekoa, eta beharbada beste pare bat? Aldiz azken bizpahiru hamarkadetan bospasei bederen. Beraz "kanikula" delako horiek gero eta maizago gertatzen ari zaizkigu. Ber denboran kanzer edo minbizia eritasun arrunta bilakatu zaigu, haur eta gazteen artean ere hedatu: gorapen hori gauza berria dugu eta oso kezkagarria. Gainera laborantzako lur hoberenak betoin eta gudroin azpian galtzen ari zaizkigu toki askotan, hala nola industriaz hain joria ez den Zuberoako urrupera / errepira / erribera honetan. Eta energia burrustan erretzen dugu, batetik erregai fosiloen agortzea erakarriz, bestetik CO2 delakoa airera isuriz, beste gas kaltegarri eta ke pozoitsuekin batean. Beraz zer egin? Munduan zazpi miliar jendez goiti gara. Bakoitzak ahal duen poxiño hura obra baleza, denetara izigarriko emaitza erdiets genezake. Mementoan alderantziz gabiltza. Etsenplu xumetzat, Larrabileko patar erditan bizi bainaiz, hemendik jende franko paseatuz igaten da, bereziki autoz ala bizikleta / pirripita / txirrindulaz, eta bidera jalgitzen naizen aldikal, bi bazterretan ondarkin txikiak edireten ditut: zigarreta estalki, garagardo edo bierra ontzi huts, janari edo edari bat edan duten kartoi eta beste... Mundu osoa gisa berean ari baldin bada, zer ondarkin, zabor, zakar meta denen artean! Baina beste aldera jokatuz, bakoitzak indarño bat eginez, zer kanbioa genukeen bizitzaren alde! Presa handia dago, etxean sua nagusitzen ari baitzaigu.. Azkenean Eliza Katolikoa atzarri zaigu, bereziki Frantses Aita Sainduari esker. Horren Laudato si gutun famatuak hautsak harrotu ditu, eta ez bakarrik katolikoen artean. Egiaz, letra baino gehiago da, liburutto bat, eta klimaren kanbiotik haratago, beharrunen itzuli osoa egiten du Bibliatik abiatuz, kreazioaren errespetuan oinarrituz. Errespetu horren behar izigarria dugu guhaurentzat ere, zeren naturalezak bizirik atxikitzen gaitu, haritz adarrak txori habia dakarren bezalaxe. Haatik zuhaitz hori, denen egoitza, sutan dugu, eta guzien artean salbatu behar dugu, sugarren haztea utzirik, hori gure ahal guziez itoz elkarrekin. Besteen akulatzea Elizari ez zaio aski izan behar, etsenplu ona eman behar du, eta bere partea egin. Hori bera pentsatu du kristau andana batek juntaturik, katoliko, protestante, ortodoxo, lehenik Bretainia Handian, gero Frantzian, azkenik Euskal Herrian ere, "Eliza berde" labela sortuz bere webgunearekin: www.egliseverte.org. Bilkura bat egin izan da Angelun, bigarren bat Hazparnen CMR / Herri Ekintza baserri mugimenduko kideekin. Laster beste bat eginen da barneko aldean. Horretara gomitatuko gaituzte. Deiari ahal bezain ontsa ihardets diezogun, eta oroz gainetik ahal dugunaren egitera lehia gaitezen denak, bakoitza bere tokian, adibidez katiximan haurrak kreazioaren alde argituz eta sustatuz, parrokian paper gutiago gastatuz, Elizaren eraikin, ekipamendu eta obra guzietan erregaiak aurreztuz eta energia berriztagarrien hautua eginez, amoregatik eta denen etxea ez dakigun bururaino erre. Bistan da su horren aitzi, giristino bakoitzaren eginbidea ez dela Elizaren eremura mugatzen: bizi publikoan ere parte hartu behar dugu beste herritar eta jende guziekin batera, politikako hautuak barne, haatik etxetik hasiz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016