Kostaldean | 2018ko Irailaren 13a

Kostaldean

Kostaldean

Ziburuko kermeza

Aurten ere xarmanki iragan da Ziburuko kermeza, gaitzeko giro goxoan. Larunbatean, bazen afaltiar frango. Igandean usaian baino bazkaltiar gutixago, beharbada biziki eguraldi ederra zelakotz, ziburutar asko kurri joanak orobat, iguzki ederrra bazela ikusiz. Pilota plazan, bazkari hauta beraz, prestatzaileek eta zerbitzariek badute mereximendu. Ausagailu frango bestalde eta krepa batzu ahotik ezin utziak gazte multxo batek eginak molde hoberenean.

"Larrun ez hunki!"

Herriko bestak direlarik herriko bestak dira! Ez da hortan haratik ez hunatik. Bainan herriko bestak direlarik ere haizu izan behar da aldarrikapen batzuen adiaraztea. Hori gertatu da joanden egunean Urruñako plazan. Jende andana bat bildu da "Larrun ez hunki" lemapean. Diote ez direla batere argiak departamenduak agertzen dituen xedeak. Hau dela eta hura dela, dena solas eder bainan azkenean egin beharrak dituzten obra batzuekin ez denetz toki paregabe hori andeatuko... Arrangura handiak badira beraz. Eta bildu diren horiek hauxe galdetu dute, Larrun mendiko obra horien saila Euskal-Elkargoak har dezan bere gain. Ez dadien gehiago izan, departamenduaren izenean, elur-tokietaz arduratzen den batzorde bereziaren kondu...

Ondarearen egunak

Asteburu huntan dira, eta Europamailean gainerat, ondarearen egunak. Karia hortarat, bazter guzietan, zernahi hitzordu berezi. Adibidez, Donibane Lohizunen eta Ziburun, egitarau nasai bat badute aurten ere pikoan ezarria. Ziburun, larunbatean, goizeko 11k eta erdietan golfeko muntaduren bisitaldia. Aratsaldean, 2 orenetarik goiti, 6-ak artean, komentu xaharraren bisitaldia. Musikaldi berezi bat han berean, 4-ak eta erdietan. Elizaren bisitaldia, larunbatean, aratsaldeko 2-ak eta erdietan. Leihorra egoitza ikusten ahal jadanik ortzirale goizean, 10-etan eta 11-etan, larunbatean eta igandean, zazpi aldiz, goizeko 10-etarik goiti. Egiategirat ere sartzen ahal larunbatean goizeko 11-etan bai eta aratsaldeko 3-etan. Donibane Lohizunen, eliza ezkilaren kaskorat igotzeak lau aldiz igande aratsaldean. Ibilaldi bat portuan gaindi larunbat goizean, 10 orenetan. Beste batzu hiri barnean larunbat goizean eta aratsaldean. Erakusketa bat Dukontenea egoitzan, Ramiro Arrue margolari zenaren obra askorekin. Han berean larunbat aratsaldean, aratsaldeko 6-etan, Jakintza elkartearekin, hitzaldi bat berrikitan agertu liburu batez, liburu horrek kondatzen egun guzietako bizia nolakoa zen Donibanen Napoleon III-aren denboratik haste De Gaulle jeneralaren urtetaraino. Bisitaldiak ere Herriko Etxean, elizan eta Luis XIV erregea berrogoi egunez egon zen etxean. Beste batzu portuan, "Brokoa" eta "Airosa" untziak ikusiz, edo berdin zurezkoak diren untziak, bai eta beste gauza frango, itsasorat ateraldi batzu ere eginez aroa gisa hartakoa bada segurik... Bestalde, baratze botanikoan ere ateak zabalik izanen dira, bisitaldi berezi batzu goizeko 11-etan eta aratsaldeko 6-etan, bai larunbatean eta bai igandean. Horiek hola, joanden asteburuan ere jadanik hasiak ziren nolazpait ondarearen egunak ezen "Hitzak" liburutegian, Donibaneko Karrika Handian, Christian Laprérie idazle ezagutuak aurkeztu baitu euskal-musikaren historiaz atera duen liburu argiaren bigarren argitalpena...

Euskara ikasi nahi dutenentzat

Donibane Lohizunen, beste ainitz herritan bezala funtsean, AEK erakundeak segurtatzen ditu euskal kurtsoak euskara ikasi nahi dutenentzat. Izaiten ahal dira kanpotiarrak, gutartean kokatuak eta errotik hemengotu nahi. Izan ditazke hemen nunbait sortuak bainan ttipian euskara ez ikasia zerbait gisaz. Bada kasu mota frango bainan jakin behar da AEK hor dela kurtsoen segurtatzeko euskaradun bilakatu nahi duten heldueri, edo egun argiz edo aratsetan, bakoitxari egokiena iduritzen zaion tenorean, astean bospasei orduz, mailka, ikasleak trebatu arau. Donibanen, kurtsoak hasiko dira urriaren lehenean bainan izenak oraidanik hartzen dituzte Marañon etorbideko biltokian. Izenak eman ditazke beraz aste huntan, ortzegunean eta ortziralean, bai eta datorren astean, astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Goizeko 10-etarik goiti. Xehetasun gehiago nahi duenak deitzen ahal du ere telefono zenbaki huntarat: 05 59 26 46 02.

Hendaian, ingurumena gogoan

Hendaian, duela 28 urte sortu zen elkarte bat ingurumenaren arrangura handi batekin? Egia erran bere legezko nortasuna zuen orduan segurtatu, zonbait urte lehenago ere jende berak bermatuak baitziren etxegintza proiektu batzu salatuz, etzaizkiotenak batere egokiak eta denen buru etzirenak gauzatu. Gaurko egunean elkartea erne dago etxegintza sailean agertzen diren xedeak artoski aztertuz. Arrangura dira bestalde Txingudi itsasgunean toki batzu andeatzen ari direla, legarrak sobera hartuak batzu segurik. Eta beste arrangurabide handia, Hondarribiako aireportu hori, hegazkinak noiz nahi iragaiten Hendaiaren gainez-gain, arras apal frangotan, untsa kezkagarri baita.

Aitzindari berri bat

Hendaian, su-hiltzaileek badute buruzagi berri bat, Stéphane Boivinet kapitaina, 47 urte, jandarme ohia, Pauen zena lau urte huntan. Orai arte buru zena, Mattin Duhart, erretretarat joan da, 36 urte eginik Hendaiako su-hiltzaileetan, azken zortziak burulehen bezala. Eskerrak bihurtuak izan zaizkio bixtan da. Eta buruzagi berriak segurtatu du gogo berarekin segituko duela aitzina. Hendaiako su-hiltzaileak badira orotarat 71, horietarik 23 ofiziokoak direnak eta 48 bolondresak.

Ravel festibala

Asteburu huntan bururatzen da aurtengo Ravel festibala. Ortzirale aratsean, Donibane Lohizuneko elizan, "Armoria" ikusgarria, Katia eta Marielle Labéque bi ahizpekin, besteak beste. Ortzirale aratsean, Urruñako elizan, Maurice André fama handiko musikari zenari eskaini omenaldia. Igande aratsaldean, 5-etan, Ziburuko elizan, festibalaren despeidako musikaldia.

Jean-Marc Ospital

Donibane Lohizunen 70 urtetan pausatu da Jean-Marc Ospital biziki ezagutua eta estimatua zen gizon baliosa. Elkarte askotan partaide eta langile izana, herriko kontseiluan ere egona hautetsi abertzale bezala. Atxikimendu berezi bat bazaukan itsas-ondarearentat eta ondare hortaz agertu liburu baten idazleetarik izana zen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016