Mundu zabalean | 2018ko Irailaren 13a

Mundu Zabalean

M.L.

Greziak lehen aldapa gainditua

Greziako buruzagiak baikortasuna predikatzen hasiak dira joan den uda hasieraz geroztik. Alexis Tsipras-en gobernuak handizki jakinarazi du ateka gaixtotik ateratzen hasia dela Grezia. Hiru elementu azpimarratzen ditu aitorpen horren berme. Langabezia serioski apaltzen hasia dela: %29raino hupatua zelarik aspaldiko hilabetetan, orain %21,5etara jautsia dela. Bigarrenik, Greziaren osasun ekonomikoaren nota B+eraino hupatu dutela nazioarteko erakundeek. Hirugarrenik, aditu fidagarriek estimatzen dutela heldu den urtean Greziaren ekonomia %1,5ean garatuko dela, bost urte hauetan beti gibelka ari zen estokatik azkenean ateraturik. Estatistika baikor horren infrentzuari so eginez, ordea, anitz dira diotenak oraino urte goibelak biziko dituela Greziak. Lan ministerioak aitortu berria du 400.000 gaztek alde egina dutela Greziatik bost urte hauetan. Bistan dena odol huste horrek errazki apaltzen dituela langabeziaren zifrak. Baina luzara begiratzen duten adituek azpimarratzen dute ere hainbeste gazteren joaiteak Greziako ekonomiari saku iraunkorra irekitzen diola. Bereziki ikustearekin 700.000 lanpostu hetsi direla, eta Greziako barne produktu gordina %26an apaldu dela bost urtetan. Gobernuak aipatzen baitu lanpostu sortzeak berriz abiatuak direla, adituek gehitzen dute baietz, hori egia dela matematikoki, baina lanpostu berrietan gehien gehienak epe motzekoak direla, lan denbora malgukoak. Horrela langabeziara ez itzultzeko langileek onartzen dituztela hilabetean 300 euro pagatuak diren lan-kontratuak. Hots, Greziak lehen aldapa gainditua du baina baditu beste batzuk igaiteko.

Eskola sartzea... Gazan

Agorrilaren 29an zuten eskola sartzea Gazako 260.000 haurrek. Inork ezin erran ordea irail ondarretik harat eskolek ateak zabaltzen ahalko dituzten. UNRWA palestinar iheslariez axolatzen dena nazioarteko sosik gabe gerta baitaiteke hilabete honen bukaeran. Egitura horri 300 milioi euroko laguntza ekarri zioten iaz Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak 150 milioi. Ordea joan den urtarrilean Donald Trump amerikar presidenteak erabaki zuen laguntza horren herena bakarrik eskaintzea aurten, eta heldu den urtean zentimorik ez! UNRWA erakundeak jada lehen erabaki zorrotzak gauzatzen hasiak ditu. Eskoletako irakasleen lan kontratuak urte bukaeran moztuko ditu; eskola sartzearen kari hornitzen zuen eskolako material berririk ez dute haur palestinarrek eskuratu aurten. Bestalde, Gazan dituen 50 langileeri lan kontratua jada moztua diote. Ondorioz hauek protesta baketsuak egiten hasiak dituzte. Nazio Batuek sortua duten UNRWA egitura jotake ari da diru laguntza berrien bilatzen Amerikaren hutsa ordezkatzeko.

Donald Trump azaroaren seiari so

Heldu den azaroaren 6an iraganen dira Ameriketako Estatu Batuetan “MIDTERMS” bozak. Ameriketan “ordezkariak” deitzen dituzte deputatuen ganbarako 435 aulkiak berrituko dituzte. Aldiz zenatuko 100 aulkietatik herena berrituko dute egun berean. Bi urte honetan Donald Trumpen alderdia da nagusi bi ganbaretan, nagusitasun handiarekin ordezkarietan (435etatik 238), baina gehiengo tinkiarekin zenaturretan (100etik 50), baitituzte parean 49 senatur demokrata. Dirudienez, egiazko joko politikoa ordezkarien bozketan dago, “ordezkarien ganbarak” Trump-en kargutik kentzea bozka baitezake, baldin eta demokratak nagusitzen balira. Bozkanpaina bero honetan demokratak gora mintzo dira, “Trumpek ez du gerorik gu nagusitzen bagira”. Ordea, ikusteko dago kanpo emaite hori noiz gauzatuko den, Ameriketako lege nagusiak beharko baitira hitzez hitz bete hastetik bururaino. Kinka minbera horretan zein da Donald Trump-en jokamoldea? Ez da erasiak egitetik gelditzen, bere twitter kontua lan horretan betetzen du kasik egunero. Joan den agorrilaren 29an Indiana estatuan baitzen mintzaldi publiko batean, lurra baino beherago ezarri du Jeff Sessions bere gobernuko justizia ministroa. Ez da horretan gelditu, madarikatu du oraino FBI egitura, leporatuz mendekua gauzatzen duela Ameriketako presidentearen kontra. Ez da dudarik, ordea, bai justizia ministroa, bai FBI egiturako buruzagiak presidentearen kideak direla. Adituek ahapetik aipatzen dute Sarah Huckabee presidentearen bozeramaile kargua uztekotan dela, gauza bera John Kelly kabinete-burua, biek lepoz goitia dutelako presidenteak bere twitteretan ateratzen dituen pettoak zuzentzen. Ba omen dira bi “aztore” hauen lekuak hartzeko prest aspalditik eta begiak zuriturik. Biak osoki eskuintiarrak dira, eta bere aholkulariek Donald Trump presidenteari aholkatzen diote azaroaren 6ko bozetan irabazteko hitz lañoagoak eman ditzan bere twitter-etan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3465. zbk

Dakitan gauza bakarra da deusik ez dakitala.

Sokrates

Gure Hitza | 2018/09/13

Onjoak eta urtxoak

Janbattitt Dirassar

Eta bai, uda ari zauku buruz beheiti eta irailean polliki sartuak gira. Edo buruilean, lekuka erraiten den bezala. Udatiarren mugimendua ere eztitua nahitez. Sasoina, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukaiten duen sasoina, han harat joana. Nahiz irailean ere baden kanpotiar frango. Hirugarren adinerat helduak diren horietarik bereziki. Ardurenean, uztail-agorrilekoak baino jende pausatuagoak direnak, ez alde bat tarrapataka harat eta hunat ibilki! Deneri pusaka eta tiraka! Udatiar frango oraino, ikusgarri eta besta frango ere ba. Heientzat eta guretzat, denentzat! Ravel festibala besteak beste, bere kontzertu arraroekin. Kostalde guzia harrotzen duena. Herriko besta arrakastatsu zonbait ere ba oraino, ez direnak txarrenak. Eskolak berriz idekiak. Ikastoletan, arrangura pisu batzu, erakasle lanpostuak ez izanez behar-orduen araberakoak. Untsa kezkagarri baita! Elkarte ainitzendako urte berri bat hasten edo laster hasiko. Noizbait nunbait irakurtu nuen urtean bi Urtats izaiten direla. Urta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016