Egun eta bihar | 2018ko Irailaren 20a

Egun eta Bihar

J-B D

Behartsuak gogoan

Gobernua ere ohartu da gero eta pobre eta behartsu gehiago badela Frantzian gaindi. Nahi du beraz gehiago eta hobeki lagunduak izan diten. Xede guziz goresgarria. Behartsu ekarri horietarik baitira nunbait han bederatzi miliun, indar berezi bat eginen da heien onetan. Lau urte barne gostako dena bederatzi miliar euro. Emmanuel Macron presidenta bera arizan da hortaz erran eta erran, zer nola eginen den. Alde batetik, haurtzaindegi berri asko muntatuko da, tokiak prezio apal-apal batean biziki xuhurki ari diren familientzat. Eskoletako jantegietan ere kasu hortan diren familietako haurrek bazkaltzen ahalko dute euro xoil bat pagatuz. Laguntza berri batzu bestalde formakuntza sailean eta errextasun batzu sozial maileko laguntza zerbait galdetzen dutenentzat, paperak ere aiseago egiten ahal. Indar ederra diote gobernuaren aldekoek. Beste frangok eskasegia kausitzen dute haatik, ez dela egiazko beharorduen araberakoa.... Denborarekin ageriko da gisa guziz zer ondorio ukanen duen ixtorio horrek...

Gehiengo murritx-airea

Deputatuen biltzarburua zena, François de Rugy, minixtro izendatua izanik, ordain bat behar zen hautatu... Macrontiar bat bixtan da, alderdi horrek gehiengo ederra baitu legebiltzarrean. Hautetsia izan da Richard Ferrand aspaldian kargu hori begistatzen zuena. Haste-hastetik Macronen sustengatzaile beroenetarik izana. 254 boz ardietsirik, gaina frango aise hartu du bainan igurikatzen ahal zuen baino gehiengo murritxagoarekin. Macrontiar deputatuak badira alabainan 310. Modem delakoak bazuen bere hautagaia eta hautagai horrek bildu ditu 86 boz, alderdi hortako deputatuak 46 direlarik... Hauxe da bitxikeria hori ere...

Kikera pollitak

Eliseo jauregian obra batzu egitekoak dituzte eta salmenta bat muntatu dute gastu gutiago eginez heltzeko gisan. Zernahi gauza salgai eta batzu segurik hein bat merke, 15 eurotan berdin; gutarteko nornahik ere parte hartzen ahal ukaiteko gisan. Besteak beste gaitzeko kikera edo kikara pollitak, Macron presidentaren argazki bat grabatua daukatenak. Edo, bakoitxak hauta bere gusturat, Nemoren argazkia. Nor da Nemo? Nemo da Macronen xakurra... Kasu haatik, salgai beharrak ziren guziak ez dira denen buru agertu, besteak beste portzelanazko batzu, errana baitzen Frantzian eginak zirela eta egiazki Asiatik ekararaziak izanki... Hortaz ere piztu dira eztabada pollitak.

Ikusi behar

Joanden astean sail huntan berean idatzia zen minixtro berri bat gobernuan sartu zela, kiroletaz arduratzeko, Roxana Maracineanu. Gaixo emazteak badu nun josta. Gobernuak berehala erran dio, aitzineko minixtroari ja errana zuen bezala, ministeritza hortako zerbitzuak aise langile gutiagorekin behar litazkeela itzulikatu. 1600 lanpostu kendu behar lau urte barne. Minixtro berria mintzatu da gobernuburuarekin, azpimarratuz holakorik ez dela aise egiten ahal. Hainbeste beharordu ba-eta eskuin eta ezker. Berak dio entzuna izan dela bainan dena itzuli-mitzuli mintzatuz, denen buru nehork ez jakin xuxen zer gertatuko den. Kirol elkarteburu ainitz arras gogoetatuak daude. Harrituak ere asko gisetarat. Kirolak sustatu behar direla ez da alabainan besterik aditzen. Frantzia guzian, kirol-elkarteen sarea biziki hedatua da. Orotarat, 16 miliun badira, gizon eta emazte, gazte eta ez hain gazte, kiroleri emanak, elkarte batean barne direnak. Futbolariak berak bi miliunez goiti. Laguntza gutiagorekin nola segitzen ahal dute sanoki aitzina? Gainerat, eta aski errepikatzen da hori ere, dena espantu gainerat, bainan 1924-an Frantzian eginen dira udako Olinpi-Jokoak. Ahal bezen kartsuki behar direnak prestatu. Hori egin ditakea kirol-elkarteak gutiago lagunduz?

Noiz arte?

Nahiago nuke ez gehiago batere aipatu, edo biziki guti, Alexandre Benalla delako hori, bainan nola egin kasik egun guziz zerbait ateratzen delarik gizon hortaz? Batean bera mutur dela zenaturren arteko batzorde berezi batek nahi duelarik mintzatu. Bestean, eta egundainokotan, xehetasun asko noiznahi agertzen-eta, untsa gogoetagarriak, Eliseo jauregian zelarik egiten zituen urrats batzuetaz. Noiz arte ote hoinbeste ixtorio untsa usain txarra duen saltsa mintu horrekin?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3466. zbk

Musikak airosten ditu gogo-bihotzak

Platon

Gure Hitza | 2018/09/20

Bidez bide dabilena

Menane Oxandabaratz

Hola erraiten ahal bada gure biziaren ibilbideaz, urrats desberdinak egin behar ditugu, adin bakoitzak ekartzen ditu xendra batzuk hartu behar direla nahi ala ez, agian ez sobera harritsuak. Berrikitan eskola sartzeak izan direla eta beren biziko lehen urratsak egin dituzte haur anitzek. Aitamen edo aitatxi-amatxien goxotasunetik bat batean beste haur andana batekin egon behar egun guzian, araudi batzuk errespetatu behar direla, erakaslearen manuak obeditu behar. Lehen bide hortarik abiatuz dugu jakitate garrantzitsu bat lortzen, irakurtzeko eta kondatzeko gaitasuna, bizi guzian erabiliko duguna. Nerabetasunean emeki-emeki sartzen gira biziaren beste ikasgai eta esperientzia batzuk gureganatzen ditugula, burasoetatik urrundu beharrean errebelatzeko lehen pausuak, lagunek inportantzia gehiago dutela familia baino. Lehen amodiozko ixtorioak, bihotza pil-pilean dugula, lehen kilikadurak... emozio berriak deskubritzen direla. Hots heldutasunaren lehen urratsak! Ikasketak egin ondoan lan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016