Jainkoa bizia jendea | 2018ko Urriaren 11a

KLERIKALISMOTIK ATERA

Peio Ospital

Iragan udaldian ikasi ditugun eliz-gizonek azken 60 urte hauetan munduangaindi egin sexu abusuek harriturik eta lur jota utzi gaituzte. Harrigarria eta ikaragarria egiten zait fenomeno hunen hedadura: mila haurrez goiti bortxatuak izan dira Pensilvanian hirurehun bat eliz-gizonenganik, 3677 haur bortxatuak Alemanian 1670 bat eliz-gizonenganik! Kondatu gabe lehentxago ikasi Irlandan, Australian, Txilen gertatuak... Bai! Harrigarria eta ikaragarria! Bainan kasik ikaragarriagoa eta eskandalagarriagoa iduritzen zait mende erdi batez baino gehiago eliz agintariek, eta bereziki apezpikuek, hau guzia "estali" izana! Nolaz eta zergatik? Instituzioaren (ustez) "salbatzeko", biktimen axola eta artaketa bigarren mailara utziz! Hori guzia dela eta, Frantses Aita Saindua ausartu da agorril ondarrean "Jainkoaren Herriari Gutuna" bidaltzera. Lehenik, ohar gisa, deigarria egiten zait moldea: Jainkoaren Herriari zuzenean igorri Gutuna da. Ez da Instituzioaren bidez edo hierarkiaren bidez igorria, ez! Zuzenean Jainkoaren Herriari! Enetzat, anitz erran nahi du hunek: gai huntaz jabetzea ez da soilik eliz agintarien egitekoa, edozoin mailatakoak izanik! Ez! Jainko-Herri osoaren egitekoa da, eta laikoek badute hor erantzukizun handia eta propioa. Erantzukizun hau bataiodun guzien apezgoan oinarritzen da: laikoak "bataioaren bidez...Kristoren apez, profeta eta errege egitekoan esku-hartzea eman zaien kristauak dira" (LG 31). C. Theobald teologo jesuitak bere aldetik dio: "Bataioak bataiodun guzien arteko oinarrizko parekotasun- araua finkatzen du, eta hau denen gainetik dago". Huntan da beraz errotzen laikoek Elizan hitza hartzeko eta erantzukizun propioa betetzeko duten eskubidea eta zilegitasuna. Eta huntara gaitu hain xuxen lehiatzen Aita Sainduak, diolarik: "...ezinbestekoa da bataiodun orok bere burua engaiaturik senditzea hain beharrezkoa dugun eraldaketan, eliz barnekoan berdin sozialean". Frantsesek argi eta garbi identifikatzen eta izendatzen du gaitzaren eta gehiegikerien iturria: klerikalismoa. Eta hitz biziki gogorrak erabiltzen ditu hau kalifikatzeko: "heriotz-kultura", "abusu-kultura"... Klerikalismoa definitzen du "Elizan autoritatea ulertzeko molde bihurri bat" bezala. Azkenean salatzen duena da aginpidea eta autoritatea beren buruaren probetxurako jartzen duten apezak, artzain izanagatik beren buruari besteren gaineko nagusitasuna ezagutzen dutenak. Eta estigmatizatzen ditu klerikalismoak har ditzakeen itxurak: enganioa, kalumnia, berekoikeria, hainbat auto-erreferentzialtasun molde sotilak, bere autoritatearen baitako konfiantza itsua, bere ahulezien eta, orokorki, bere gizatasunaren ezjakintasuna... berdin gradu hierarkikoarekiko atxikimendua. Euskaraz badugu anitz adierazten duen erran zahar bat: "apezak beti azken hitza bere..." Eta argi! Klerikalismoa indarrean jarri edo finka daiteke soilik apezek inposatzen badute eta aldi berean laikoek onartzen! Klerikalismoa, azkenean, botere abusua da. Horra beraz mina edo gaitza. Galdera da orduan: nola huni buru egin? Eskuratu ahal izan dugun prentsaren artean, aipa nezake intelektual multxo batek plazaratu proposamena: "Klerikalismotik ateratzeko hamar bide". Hauek dira: apezak beren toki egokian jarri, laikoak beren toki egokian jarri, bataioak eman guzien arteko parekotasuna gogoratu, Elizaren hutsak publikoki bere gain hartu, hitz askatasuna erabili, eztabaida guneak antolatu Elizan, diozesak molde kolegialagoan gobernatu, laikoeri erantzukizunak eman, emazteen partzuergo handiagoa sustatu apezen formakuntzan, hainbat aginpide-ardura emazteen esku utzi. Bistan dena, bide edo pundu bakotxak hausnarketa sakon bat merezi du, eta lan horri gira lotu behar eliz-gizon ala laiko. Umiltasun eta dizernimendu handiz, elgarren arteko errespetu osoan. Ez dugu lan errexa segur, errotiko kultur-eraldaketa bat dugu bidean jarri behar! Hemen okerreko bide frango ere izan daitezke, hala nola antiklerikalismoan erortzea. Eliz-gizonak ez baldin badira goraltxatu behar, ez dira ere gutietsi behar. Gaurko egoeran, irriskua da eliz-gizon guziak "zaku berean sartzea" eta ekuazio bihurri huntan erortzea: apez = pedofilo. Hortarik beiratu behar gira gain-gainetik eta, aldiz, aintzat hartu apezek beren engaiamendua betetzeko bizi behar duten borroka izpirituala eta haientzat otoitz egin. Beste okerreko bide bat izan daiteke laikoen ganiko botereabusua edo autoritarismoa. Izan ere, apez eskasiagatik, laikoak deituak dira erantzukizunak hartzera Elizan. Bainan bide hortan apezak baino "klerikalagoak" agertzeko irriskua ere badago. "Zerbitzua" da denen gainetik jarri behar. Azkenik, emazteen ekarpen berariazkoa fagoratu beharra dago, ez gizonaren "ordezko" bezala, baina bai emetasun propioari tokia emanez. Bururatzeko, erran nezake bizitzera emana zaikun aldi penagarri hau Esperantza handiz bizi behar dugula, Eliz-eredu eraldaketa sakon bat bideratzeko parada emaiten daukulako, eredu patriarkaletik ateratuz Jesusek nahi izan duen "hierarkia iraulia" indarrean jartzeko: "Zuen artean lehen izan nahi duena izan bedi guzien mutil" (Mk 10, 44). Mentalitateak dira alde guzietarik aldatu beharrak. Ez dugu lan errexa, berriz ere diot, luzea izango da, baina hau da bidea!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3469. zbk

Bera eleketaria denak ez ditu biziki maite eleketariak diren beste jendeak.

Arabiako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/10/11

Izitzekoa

Janbattitt Dirassar

Lau lagun ostatu batean egoki, aspaldian usaia hartua duten bezala, mundu zabaleko gertakari asko eta asko aipatuz, batek hau eta besteak hura... Ari ziren beraz Indonesiako ugarte batzu azkarki zafratu dituen lur-ikara hortaz. Telebixtan kondatua izanik zortzi ehun hil segurik bazirela eta beharbada aise gehiago ere... (2000 hilez goiti geroztik jakin denaren arabera). Ikaragarriko makurrak bestalde! “Holako baten aditzeak berak hotz-ikara bat bezala emaiten dauzu, zinez izitzekoa ere bada...” horra berehala entzun den ateraldia. Eta bai, izitzekoa ere bada, ez da dudarik, nahiz ez giren ere alde bat ikaran egoiten ahal nun zer gertatuko den... Duela bi mila urte nunbait han, Seneka idazle famatuak gutun batzu bidali zaizkion Lucilius bere adixkideari. Hauxe ziola besteak beste: ez dela aitzinetik sobera kezkatu behar noiz zer nahigabe jasan beharko den, gero ere ukanen duzula nigarrez artzeko denbora. Denak hein bat untsa doatzino hasten balinbazira dena pleinu, zuhauren kalte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016