Inbido | 2018ko Urriaren 18a
Oroitzapen andana bat
Muslaria
Jakintza elkarteak plazaratu du udazken huntako bere aldizkaria, oroitzapen andana bat harrotuz. Hiru gai desberdin agertzen dira, duela ehun bat urteko gertakariak gogoan. Alde batetik beraz, Claude Louvigné ikerle ezagutuak kondatzen du nola bere aita, François Louvigné, bi urtez errient egon zen Ezterenzubin, ez herrian berean bainan Beherobi auzoaldean (1921-1923). Lekukotasun hunkigarria errientak berak utzi idazkien argitarat. Herriko plazatik Beherobiko eskolarat bazen oren erdi baten bidea, oinez egin behar bixtan da, eta gainerat bide txarra, biziki txarra. Noiz nahi gaitzeko saltsa eta eskalapoinak behar oinetan!. Denbora ederretan espartinak... Nolako bizia zen urte heietan Beherobiko kasko heietan biziki polliki kondatua da, azpimarratuz eus kararen jakiteak ainitz lagundu zuela. Kondatzen du berrogoita- zonbait haur bazirela eskolan bainan frangotan aise gutiago, edo denbora txarraren gatik, edo aitamek etxen atxikitzen zituztelalotz, behi zain edo kanpolanetan ararazteko... Baserriko biziaz ere badira lerro batzu xarmanki itzulikatuak. Hasian hasi, aipatzen ditu, herritarreri adituak, bere aitzineko batzuen ixtorio zonbait. François Louvigné bi urte han egon zen beraz, oraino gazte hutsa zelarik, eta gero Martxutarat izendatua izan zen. Bi urte egon bakarrik bainan aitzinekoak, gehienak behin, etziren urte bat baizik egonak...
Tunisian gaindi
Hau arrunt besterik da: aldizkariaren zati luze bat - berrogoitahamar bat orrialde- hartzen du frantses armadan engaiatua zen donibandar gazte baten kondaketak.
Jean-Victor-Alban Labille
Pauen sortua zen bainan ttipi-ttipia zen aitamak Donibane Lohizunen kokatu zirelarik. 1912-an gaitzeko ibilaldia hasi zuen bere soldado lagunekin Tunisian gaindi. Bi urte iraun zuena. Bera 14-ko gerla hasi-eta laster hil zen Champagne eskualdean (bere anaia bat gerlan hila hura ere bi aste lehenago). Doi-doia 30 urte zituen. Bainan familiak beti begiratu du Afrikan egon zen denboran idatzia zuena. Nun ibilia, nola eta norekin...
Galerna ikaragarria
Aldizkariaren hirugarren zatia arras laburra da, lau orrialde bakarrik, bainan aspaldiko gertakari bat oroitarazten du. Nola 1909-an, urriaren 4-an, izigarriko galernak kalte handiak egin zituen Donibane Lohizunen eta inguruko herrietan. Artetan izaiten dira holakoak. Donibandar xahar ainitz oroit dira konparazione 1951-n Eguberri irian izan zenaz. Itsasoa azkarki kexatu zen, alimaleko makurrak izan ziren. Jean Velez argazkilariari esker bildu ziren galerna hortaz lekukotasun batzu kasik ezin sinetsiak eta bizkitartean ezin ukatuak... Eta 1909-an izan zen hartaz ote? Gauza gutiago gelditua da bainan hor ditugu halere zonbait argazki eta orduan agertu artikulu batzu, Jakintzak baliatu dituenak hain xuxen.... Galerna gaitza izan zen eta bereziki ikaragarriko haize zirimola, aratsaldeko 6-ak irian, zonbait minutu baizik etzuena iraun bainan epe labur hartan kalte itsusiak eginez. Zernahi teilatu eta ximinia edo kebide airatu zituen, zuhaitz ainitz funditu, frango errotik atera, kanpoan ziren muntadura asko andeatu... Jendetan etzen haatik makurrik izan eta arrantzaleak portuan ziren, eguraldi txarra zelakotz ez ateratuak... Baionako egunkari batean idatzi zenaren arabera haatik, gutik egin zuen Donibane eta Zibururen arteko zubi hortan emazteño bat ez baitzuen haizeak airean ereman. Han berean zen mutiko gazte batek zuen salbatu... Ondoko asteburuan, gaitzeko ikusgarria muntatu zen kalteak jasan zituztenen fagoretan. Bestalde ere elkartasun urrats frango egin zen eta laguntzaileetan izan zen besteak beste Miarritzeko hiria...