Egun eta bihar | 2018ko Abenduaren 06a

Egun eta Bihar

J-B D

Untsa egun hitsa

Horiz Jauntzien mugimenduak segitzen du aitzina. Joanden larunbatean iduriz segurik neurri guziak hartuak ziren zalapartarik ez izaiteko aitzineko astean izanak ziren bezala. Manifestaldia haizu Champs-Elysées etorbide famatuan, harat heltzean denek beren nortasun-ageria erakustekotan eta zaku bat bazutenek zakuan zer zuten. Zonbait mila jendarme eta polizako kasu egile. Bainan gauzak ez dira batere hola iragan. Etorbidean berean ez da kataskarik izan bainan jende gutixko bildu da. Horiz Jauntzi ainitz berduratu dira inguruko beste karrika batzutan eta bazter nahasle frango, aitzineko bi larunbatetan baino aise gehiago, heiekin plantatu dira alegia-eta deusez! Ondorioz kalapita gaitzak eta zernahi bortizkeria. Biziki egun hitsa zinez! Alimaleko makurrak, dela saltegietan dela bestalde. Champs- Elysées etorbidetik hurbileko plaza eta karriketan bainan Parise guzian gaindi beste asko tokitan ere. Besteak beste zernahi sute, batzu polliki hedatu direnak. Zernahi bazter funditze, monumentu famatu batzu ere tinduz zikinduak. Orotarat, 133 kolpatu, horietarik 17 polizakoak. Horiz jauntzi bat arrunt estatu txarrean ospitalerat eremana. Lau ehun bat lagun atxilotuak. Gaitzeko iraultza giroa nolazpait. Aspaldian etzen holakorik ikusia! Beste hiri frangotan ere berriz izan dira manifestaldiak, ardura aitzineko astean baino giro minberagoan.

Eta orai?

Ondoko egunetan, zer behar dugu ikusi? Gobernuak dio larderia handiena erakutsiko duela denak hautsi nahi dituzten horien kontra. Ez ote du besterik ere egin beharko? Hobeki kondutan hartuz jende ainitzek agertu arrangurak... Hego-Ameriketatik gibelerat jin orduko, Macron presidenta izan da ikusten nun izanak ziren makur handienak. Azkar salatu ditu berriz ere gaitzeko lan tzarretan aritzen direnak. Hitzeman du gobernuburua aste huntan mintzatuko dela alderdiburu eta kargudun frangorekin. Denen artean kausitzeko bazterrak lasaituko dituen aterabide bat...

Prediku ederra bainan

Zonbait egun lehenago, gaitzeko prediku ederra egina zaukun Macron presidentak. Luzexkoa (oren erdia baino gehixago) bainan ederra. Nazioarteko bilkuretan egiten dituen batzuen parekoa. Ez dena espantu eta harrokeria, beste orduz arizan den bezala, bainan sanoki eta nehor apaldu gabe. Ez dugu haatik deus berriagorik ikasi. Erran dauku xahu girela Lurra beti eta gehiago andeatzen balinbadugu, denek indar handi bat ez badugu egiten beraz ingurumenaren alde. Egia handia hori bainan badu urteak eta urteak kantu bera edo bertsua entzuten dela eta ez gira halere aski mugitzen. Eskasegia bada eskasegia, Parisen finkatu zen ez hain aspaldi hitzarmen bat ingurumenaren aldetik hobeki heltzeko gisan. Bide hortarik da segitu behar bixtan da, Trump amerikano edo amerikar lehendakaria ez ados izanikan ere. Bai, prediku gaitza entzun dugu beraz bainan predikuak ez dira aski. Bada nun zer egin eta ez segi otoi guri sinetsarazi beharrez zerga eta tatsa batzu goitituz izan ditakeela aterabide egoki bat. Dena den, Macron presidentak ainitz gauza erran du gai hortaz, aise gutiago gutarteko jendeak badituen arrangura horietaz. Beharbada ez baitu berak aski ezagutzen gutartekoen mundu hori. Beste mundu batean bizi balitz bezala. Horiz jauntzien manifestaldiak aipatzean, zer du gehienik azpimarratu? Bortizkeria batzu ezin onetsiak izan direla, bereziki Parisen. Arrazoinekin salatu ditu eginak izan diren kalteak. Bainan hitz bat edo beste, ez biziki gehiago, ezinbestean bezala, erraiteko konprenitzen duela jende frango nardatuak izaitea, eta hortan kito. Segur, hitzeman du hiru hilabete barne denetan bilkura batzu eginen direla egiazko behar-orduak nun zoin diren hobeki aztertuz bainan ainitzek ez dituzte solas horiek biziki fidagarriak kausitu. Prediku luze horren ondotik egin diren sondaiek salatu dute horiz jauntzien alderateko sustengua, gertatuak gertatu, ez dela emendatu baizik. Untsa gogoetagarri ere baita bainan ez baitezpada harrigarri...

Gauaz argirik gabe?

Ainitz herritan, hasteko hiri gehienetan, plaza eta karrikak argituak dira gauaz eta hala daude gau guzia. Gero eta gehiago aditzen dena da gau betean argiak hiltzen ahal litazkeela. Aratseko 10-etarik edo 10-ak eta erdietarik goiti goizeko 6-ak arte eman dezagun. Gisa hortan, aise argindar gutiago erre litakeela, gastu gutiago beraz herrientzat, denetan errepikatzeneta diruari biziki kasu egin behar dela. Hori alde batetik bainan bestetik ainitzen beldurra bazterrak ilunbean atxikiz lan tzarrak egin nahi dituztenak ere ausartago litazkeela....

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3477. zbk

Diru poxi bat galduz deus ez da galtzen adixkideak galduz ainitz galtzen da

Alemaniako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/12/06

InSight!

Janbattitt Dirassar

InSight, zer da hori? Edo nor da? Hauxe da izen bitxia gisa guziz! Bestenaz ere S hizki larri bat erditsutan sartuz idatzi behar-eta! Bainan nundik heldu ote da hitz hori? Euskara batuak ekarri ote dauku Mari jainkosa zaharra bizi omen den leize ilunaren zolatik? Ez dea izaitekotz ingleskeria bat gehiago, beste frangoren artean sar-arazia? Xo, InSight hori zeru-tresna edo espazio-tresna arraro baten izena da, Martes izarbelerat igorria iragan maiatzean eta gaitzeko itzulia eginik han pausatua joanden egunean. Mundu guzian, jakintsun ainitz loriatuak, hori dela hori ikaragarriko balentria! InSight bi urte han nunbait egon beharra da. Hango zernahi berri igorriko daizkigu, argazki eta beste. Jadanik ere baditu hel-araziak. Duela hameka urte zeru-tresna bat igorria izan zen Marteserat eta planeta horren axalaz zernahi gauza ikasi zen. Bainan InSight horrek badu aise muntadura gehiago, muntadura trebeago eta ausartagoak. Izarbelaren barnea ere ikertuko du. Ez da beraz harritzeko jakints...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016