Euskal diaspora | 2018ko Abenduaren 06a
ENE, Uxue Barkos, Kepa Junkera eta Londresko Euskal Etxea
Joseba Etxarri
EUSKARAREN EGUNA.
Euskararen Nazioarteko Eguna --aurten gehienetan Euskaraldiarekin bat eginik-- mundu osoko hainbat euskal etxe eta komunitatetan ospatu da, aitzineko asteburuan, astelehenean berean, eta helduden asteburuan beste batzuetan. Bere 100. urteurreneko ekitaldien karietara Eusko Ikaskuntzak ENE saria aurten eman ez duelarik, bakarrik Mintzanet.net-ek aurten bosgarren aldiz eman sariak aipatuko ditugu, mereximendu handiko jendeeri emanak: ‘Bidelagun’ (erran nahi baita, internetez euskara ikasten ari direnekin lengoaia praktikatzen duen euskaldun zaharra) saria Ainara Maia irundarrari eman zaio; eta ‘bidelari’ saria (mintzapraktika internetez egiten duen euskara ikasleari), Estrasburgeko Peio Duzan- i. Ohorezko ‘bidelagun’ saria, Lazkaoko (Gipuzkoa) Joxe Mari Allur-endako izan da. Argentinatik mintzatu dira pantailatik, Begoña Tisera eta Elisabeth Echegaray, eskerrak emanik Ainara Maiari, heieri 2018 osoan internetez eman laguntza guziarendako.
UXUE BARKOS ARGENTINAN.
Argentinan da aste huntan Nafarroako lehendakari Uxue Barkos. Bere bisitak helburu ekonomikoak ditu, energia berriztagarrien alorrean bereziki, arlo hortan ari baitira lanean Argentinan zenbait enpresa nafartar; eta nafar etxe eta komunitateak ere ari da bisitatzen, Buenos Airesen eta Rosarion. Izan ere, Rosarion, Argentinan mementu huntan lanean diren lau nafar etxeen bilkura eginen dute asteburuan, Uxue Barkos bera komitatu berezi. Rosariora ostiralean heldu da Barkos, eta hirian zein ondoko Funes herrian nafar etxeak duen pilotaleku eta lursailak bisitatuko ditu.
KEPA JUNKERA BRUSELAN.
Ortzirale huntan, abenduaren 7an, CC De Kriekelaar aretoan emanen duen kontzertu batekin hasiko du Bruselako Euskal Etxeak heldudiren egunetan antolatu Bruselako Euskal Astea. 8an, ebiakoitza, Maison Pelgrims-en, Euskal Herriari buruzko argazki erakusketa estreinatu, pintxoak, txalaparta eta Koldobika Jauregi artista ukanen ditu; igandean, leku berean, txalaparta, euskara, harrijasotzea eta musa izanen dira; asteazkenean, hitzaldia euskarari buruz, Marijose Olaziregi erakaslea hizlari; eta helduden asteko ebiakoitzean, Euskal Etxean, Bergara- ren kontzertua, euskal dantza eta kantu ikastaroa, eta afaria.
LONDRES, INGALATERRA.
Bazkide berriak egiteko kanpaina abiarazi du Londresko Euskal Elkarteak, bazkide eta laguntza beharrean baita. Lan ederra egiten dute euskararekin, musika kontzertuekin, euskal elgarretaratzeak antolaturik, eta euskal kultura sostengatzen. Urteko 25 libera behar dira ordaindu, eta internetez egiten ahal da. Ikus Zintzilik. org/membership.html.