Azalekoa | 2019ko Urtarrilaren 10a

Orain presoak!

M.O.

Orain%20presoak!

Bakegintza eta elkarbizitzaren bidean: Presoak Orain! mezuaren inguruan iraganen da Bilbon eta Baionan manifestazioa (17:00).

Bakegintza eta elkarbizitzaren bidean: Presoak Orain! mezuaren inguruan iraganen da Bilbon eta Baionan manifestazioa (17:00). Antolatzaileek nahi dute mezu argi bat igorri Madril eta Pariseri, bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direlakoz oraindik beteak. Armagabetzea eta ETAren desarmatzea bururatua dela eta, presoen egoera ez dela biziki aldatu diote presoen inguruan ari diren elkarteek.

Bake prozesuaren lehen urratsak

2011ko urriaren 10ean ETAk adierazi zuen ageri baten bidez su-eten iraunkor eta orokor bati buruz abian zela, Nazioarteko Egiaztatzaile taldeak baieztatu zuena. Horren segidan, urriaren 17an Aieteko deklarazioa izan zen, nun bildu ziren Ipar eta Hego Euskal Herriko ordezkari andana bat, nazioarteko delegazioko pertsonalitate ospetsuek sustengatu zutena. Urriaren 20an ETAk berresten du definitiboki borroka armatua gelditzen duela. Presoen inguruan lan egiten duten elkarteek, 2012an Baionan (15.000 pertsona) eta 2013an Bilbon (130.000) manifestazioak antolatu dituzte. 2013ko ekainean euskal iheslari eta deportatuek ere bat egiten dute prosezu berri horren bidetik segitzeko. Urtez-urte urratsak eginak izan dira, mobilizazio, bake foru sozialak... gauzak aitzinarazteko, erantzun gutti zelarik frantses eta espainol estatuenganik.

Pausu bat handiago

2016ko abenduan Luhusoko gertakariak beste inarroste bat eman zuen, ETArekin harremanetan sartu eta, jendarte zibileko pertsonalitate batzuk armagabetzea beren gain hartzen zutela. Horren ondorioz arrastatuak izan ziren eta milaka jende bildu ziren Baionan hauen sustenguz. 2017ko apirilean, desarmatze prozesu handi bat antolatua da Frantses estatua eta ETArekin adosturik. Herritar batzuk prest agertzen dira, ETAk gorde zituen arma gunetara joaiteko eta polizari emaiteko, memento berean 20.000 jende biltzen dira Baionan, desarmatze horren laguntzeko. Euskal Herrian delegazio bat osatzen da Pariseko justizia ministeritzarekin harremanetan sartzen dena presoen kasua lehen aipagai delarik. Bide hortarik da abiatzen “Orain Presoak” kanpaina, 2017ko abenduan Parisen 11.000 jende biltzen dira aldarrikapen horren inguruan. 2018ko maiatzaren 3an ETA ofizialki desegiten da, biharamunean Kanbon elgarretaratzen dira Euskal Herriko ordezkariak eta Harremanetarako Nazioarteko Taldea.

Deiadarraren garaia

Bide luze horren ondorioz Ipar Euskal Herrian hogei bat pertsonez osatu delegazio taldea plantan jartzen da, frantses justizia ministeritzarekin solasean aritzeko. Konfiantza lortzen dute eta diskrezioz lan eginen dute aterabide baten atzemaiteko puntu batzuen inguruan: presoen hurbilketa, DPS (Détenus Particulièrement Signalés) estatusa kentzea, eri diren presoen egoera eta baldintzapeko askatasuna. Presoen hurbilketa arloan arazo bat bada emazteentzat, ez direlakoz hurbiltzen ahal, hurbil den presondegirik ez baita eta horrek arazoak sortzen ditu. Berrikitan egin agerpen publikoan, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak adierazi du solasaldiak geldituak direla, gauzak ez direlakoz aitzinatzen. Hortarakoz berriz deia egiten dute jendarte zibilari urtarrilaren 12an Euskal Herriko bi gunetan, Baionan eta Bilbon (17:00) iraganen diren manifestazioetan parte hartzea “Orain presoak!” lelopean. Baionakoa geltokitik abiatuko da, hirian obrak izanez.

Gaur egun presoen egoera zertan da:

Etxerat presoen familietako elkartea da arduratzen laguntza ekartzeaz familieri, bai eta preso bat asistentzia beharretan delarik, salaketak egiten ditu preso batek zigorrak jasaiten dituelarik. Bisiten antolaketarako laguntzen ditu ere familiak. Jakin behar da ere bisita horiek egiterakoan, erregurlarki istripuak gertatzen direla, zigortuz oraino gehiago familiak edota presoen lagunak. Abenduaren 18an egin du azken kondaketa, hilabetean behin egiten duena. Frantses estatuan 47 preso dira, horietan 10 emazte 3 presondegitan banatuak eta 37 gizon 8 presondegitan. Ipar Euskal Herrian presoen inguruan ari diren mugimenduentzat, emazteen egoera konpondu behar dela dudarik ez dute, gelditzen diren azken 8 gizon presoak hurbildu behar direla ere zioten. Horrez gain azpimarratzen dute 30 urte presondegi beteko dituzten 3 presoen baldintzapeko askatasuna urgentziaz konpondu beharreko pundu bat dela. Espainol estatuan 211 preso dira, 40 bat presondegitan banatuak, horietan 26 emazte. Lau emazte beren haurrekin presondegian direlarik. Etxeratek dosier bat publikatua du “dispertsioaren haurrak” deitzen dena, agertzen da anitz haurrek jasaiten dutela burasoak preso izanez zigor handia, afektiboki eskas bat, bide anitz egin behar akidurak sortuz. Etxeratentzat dudarik ez da presoen hurbilketak pausa handi bat ekar lezakeela haur horieri.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016