Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2019ko Urtarrilaren 10a

Aiherra

13 aihertar gazteak Belfasteko Titanic erakustokiaren aitzinean, lorios, izpiritua kurios!
13%20aihertar%20gazteak%20Belfasteko%20Titanic%20erakustokiaren%20aitzinean_%20lorios_%20izpiritua%20kurios!

Aihertar 13 gaztek urte hondarra Irlandan gaindi

Iduri du aihertarrek bidaiak taldean egiteko gostua hartua dutela… Berrikitan ostatuetan kantuz aritzea maite duten 13 herritar lagunek itzuli bat egin zuten Kortsikan 5 egunez. Beraiek prestatu programa segituz ibili ziren Ajaccio eta Bastia artean, bazterrak ikusiz, berdin hango kantari lagun batzuekin bilduz eta nola ez kantatuz. Hots oroitzapen anitzekin itzuli ziren gibelera. Aldi huntan beste 13 herritar gaztek Irlandan urte hondarra pasatu zuten, duela aste bat, denak besta komitekoak. Hauetan barne zen Kattalin Duhalderi galdatu diogu bilduma baten egitea. Eta galdatu bezain laster ondoko lerroak igorri dauzkigu. Anartean biba zuek, segur gira zuen arteko adiskidantza indartu baizik ez dela, eta proiektu berriak aipatu dituzuela zuen artean. Geroak erranen…

Abenduaren 30ean Aiherrako 13 gazte abiatu ginen Irlandarat Urtats gaua han pasatzeko asmoarekin. Dublinera arribatu orduko, autobus batekin Belfast, Ipar Irlandako hiri nagusirat joan ginen. Han 3 egunez, gelditu ginen, eta aktibitate zonbait egin, hala nola Titanic museoaren bisita, Cave Hill park mendian ibilaldi bat… Eta nola ez, Irlandes ostatuen itzulia! Ostatu hauetan egon ginen jaten eta edaten, baina irlandesen ezagutza egiten eta euskal kantuak kantatzen ere bai. Kantuaren bitartez harreman onak sortu eta ezagutzak egin genituen tokiko Irlandesekin. Azken egunean Dublineko bidea berriz hartu ginuen eta arratsaldean Guinness (Irlandes garagardo famatua) museoa bisitatu ginuen, bai eta hiri hortako karriketan ibiltzen egon ginen. Azken gaua Temple Bar auzo famatuan pasatu ginuen, eta lo gutti egin ondotik, urtarrilaren 3an, goizeko 4etan aireportuko bidea hartu ginuen etxerat sartzeko. Kattalin Duhalde

Urtarrilaren 26an Kabalkadak txartel irabazdunen zozketa, eta…eta… eta!

Urtarrilaren 26an egun handi bat izanen dugu Aiherran, larunbat goizarekin, 3 gertakari edo 4 iraganen baitira, bat bestearen ondotik larunbat goizarekin 10:30tik goiti. Herriko Etxeak urte berriko agiantzen ekitaldia antolatuko du Denen Etxean (10:30), denbora ederra baldin bada Jostaleku berria estreinatuz, ondotik kabalkadako txartel irabazdunen zozketa eginen da tokian berean aperitifa aitzin, eta (13:00) GOZATEGIA jatetxean proposatzen den kantu bazkarian parte hartzen ahalko dugu, hau deneri irekia izanki (tokia erreserbatzeko, jatetxearen tel zenbakia: 05.59.70.38.99). Hots manera hoberenean urte berriaren hasteko parada izanen dugu aurten. Gainera 2019 urtea berezia izanen dugu, lehen aldikoz kabalkada muntatuko baita gure herrian, buruilaren 22 eta 29an. Anartean honen finantzaketa erraztuko duen zozketa antolatu dute kabalkadaren arduradunek, sari ederrak eskainiz hala nola aste bat bakantza Costa Calidan 4 lagunentzat, 2 gaualdi irabazdunak hautatu tokian (gaua eta askaria barne), Aiherrako zare hornitua eta beste hainbat sari. Bi aste baizik ez dira gelditzen txartelen erosteko, bakoitza 2€tan izanki. Hauek kabalkadako parte hartzaileei erosten ahal dituzue edo ondoko 2 arduraduneei: Maite Habense (06.78.97.89.04) edo Beñat Durruty (06.84.23.54.58). Aitzinetik milesker!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016