Egun eta bihar | 2019ko Urtarrilaren 10a

Egun eta Bihar

J-B D

Solas ederrak?

Urtats joan da beraz, Trufania ere jadanik iragana... Besta ederrak izan dira, eguraldia frango hotza bazen ere... Bainan ez dugu aroa manatzen, eta beharrik naski, ezen guhaurek manatzen baginu balitake hor berean kalapita ederrik... Besta horietaz mintzo da ainitz jende, bainan ere Horiz Jauntzi delako horietaz, bazterrak gogoetatuak mugimendu horrek zer ekarriko duen ondoko egunetan. Jende frango mintzo ere Macron presidentak Urtats bezperan egin duen prediku luze hortaz. Bai, arras luzea izan da nahiz jazkoa baino doi bat laburtxagoa, oren laurdena gaindituz halere. Apez frangok ere ez dutea erraiten predikua luzexkoa dela, luzeegia berdin, hein hortakoa balinbada? Bainan hamazazpigarren mendean bazen haatik predikari famatu bat, Bourdaloue, gaitzeko predikuak egiten zituenak, gutienez bi oren irauten zutenak... Denborak kanbiatu dira elizetan ere. Eta politikaren mundu hortan nola ez? Dena den, Macron mintzatu da beraz, ederki eta abilki mintzatu gisa batez, eleketari ederra baita, bakoitxak berea behar du, eta frango azeria. Solas ederrak entzun ditugu beraz, Alain Juppé Bordeleko auzapezak ere aski gora azpimarratu duen bezala. Bainan solas ederrak baziren axalari fidatuz, mamiz ere hala zirena? Erne eta harro agertu da jaun presidenta eta bizkitartean ez da errana ainitz tanto irabazi duela. Bai, solas ederrak ziren, aski polliki laudatuz denen arteko elkartasun guziz baliosa, goxoki erranez elgarri atxikiagoak behar dugula izan, elgar gehiago maitatuz. Bai hola mintzatu da Jupiter, harro dena nolakoak giren ikusiz. Dena konplimendu azkenean, hala iduritu zaiote segurik batzuri. Ahantzia ote du berrikitan oraino bera nola mintzo zen jende asko apalduz, batzu alfer tzar batzu zirela eta beste asko nik dakita zer, deus ez onik zernahi gisaz? Bi katixima mota ba ote ditu gure gizonak? Egun batetarik ari eta bihar bestetik? Noiz behar zaio fidatu? Batzuk diote Urtats bezpera hortan hobeki mintzatu dela, nehor ez duela apaldu. Oro har, egia da nahiz keinka batean aipatu dituen herratsuak dauzkan jende batzu... Nor ote ditu herratsu horiek?

Eta Europa?

Macronek ez ditu deplauki aipatu Horiz Jauntzi horiek, mugimendu hori gauza guti balitz bezala. Ahantzi du ere hitz bat erraitea Benalla bere adixkide ohiaz. Zertan den eta nun nola dabilan. Ixtorio horrek ere ez munta handirik dudarik gabe. Aldiz, aipatu ditu helduden maiatzeko hauteskundeak, Europa maileko legebiltzarraren berritzea. Ezagun da munta handikoa daukala hitzordu hori. Aski garbiki erran dauku badugula Europa azkar eta batuago baten beharra. Bai hor ere ederki mintzatu da. Bainan ikusten ote du Europaren aldeko sua eztitua dela, untsa domaia ere baita, eta hori ez dela ustegabetarik gertatu? Ikusten ote du Europak bere sudur luzea zernahi saltsetan sartu duela, eta beti sartzen, norabide nagusietaz hobeki griñatu gabe? Oraidanik deia luzatzen du bere aldekoek agertuko duten hautagai zerrendaren alde. Besterik beharko du oraino kondatu nahi badu lixta horrek ukan dezan arrakasta eder bat.

Sobera bortizkeria

Joanden larunbatean, Horiz Jauntzien mugimendua berriz azkartu da. Eta berriz ere izan dira zalaparta itsusi batzu. Bazter nahasle batzu egundainokotan bazterretik sartu baitira eta Horiz Jauntzi batzu berak ere lan tzar batzuen egiterat gero eta aiseago atrebitzen baititazke. Dena den, kalapita gaitzak Parisen eta asko hiritan. Parisen preseski gizon multxo batek gisa hartako tresna batekin bortxatu du Benjamin Griveaux minixtroak bere bulegoak dituen egoitzako atea. Minixtroa bortxatua izan da handik urruntzerat. Izan dira ere bestalde mehatxu batzu ezin onetsiak macrontiar deputatu batzuen kontra. Hots, aise sobera bortizkeria... Noiz lasaituko dira bazterrak?

Gutun bat

Horiek hola, Macron presidentak deneri gutun bat igortzekoa dauku hemendik zonbait egunen buruko. Deneri postaz ote? Ez omen. Gutuna prentsa idatziko egunkarietan agertuko da eta Internet sarean ere ba. Xeheki erranen omen dauku zer i g u r i k a tzen duen gure aldetik, denak gomitatuz parte hartzerat bi hilabete iraun beharra duen ikerketa hortan. Bakoitxak bere ikusmoldeak agertuz, bere arrangurak bixtan da bainan orokorkiago zer igurikatzen duen. Hainbestenarekin, zer dio Bruno Le Maire gobernuko diruzain nagusiak? Aurten behar direla hartu munta handiko erabaki batzu, orai dela keinka guziz egokia, gisa hartako erabaki batzuen hartzeko, ez direnak hartzeko erretxak baitezpada bainan arrunt beharrezkoak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016