Hegoaldean | 2019ko Urtarrilaren 10a

Hegoaldean

Euskal presoak

Eri handi diren presoak libratzeko baldintzak arinduko ditu, iduriz, Espainiako Gobernuak. Fernando Grande Marlaska Barne Ministroak protokolo berria plantan ezarri du, eta horri esker, eritasun larri eta sendaezinak dituzten preso gehiago atera litezke presondegitik. Orain arte, libratua izateko, presoak hil-hurran izan behar zuen; hemendik aitzina, aldiz, bertze faktore batzuk hartuko dituzte kontuan, adibidez egoera eta bizi kalitatea. Haatik, ministroak zehaztu du libratzeko erabakiak beti kontrol judizialpean hartuko dituztela. Presoa askatzeko erabakia hartzeko, espetxeetako zuzendariek kartzeletako Tratamendu Batzordeei edo Espetxe Zaintzako epaileei igorri beharko dizkiete medikuen txostenak, baina orain arte bezala, Espetxe Erakundeek lukete azken hitza. Sare plataformak eta EAJk ere begi onez ikusten dute Grande Marlaskaren erabakia. Haien esperantza da lege hori denentzat betetzea, hots, ez daitezela euskal presoak araudi berri horretatik bazter utziak izan.

Auzitegiak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezeztatu du Nafarroako Gobernuak EHUri (Euskal Herriko Unibertsitatea) emana zion 30 000 euroko diru-laguntza. Azken honen helburua zen eskuin muturreko taldeek eta foru erkidegoko funtzionario publikoek egin indarkeriazko ekintzak ikertzea. Espainiako estatu abokatuak dirulaguntza baliogabetzea galdegin zion auzitegiari, Konstituzionalak polizia indarkeriaren legea baliogabetu zuelako. Galde horren kontra altxatu ziren Nafarroako Gobernua eta EHU.

Txotx!

Urtarrilaren 16an abiatuko da txotx denboraldia, Astigarragako Sagardoetxean. Sagarno uzta aurkezteko ekitaldia 12:00etan izanen da. Zorione Etxezarraga auzapezak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako zenbait ordezkarik parte hartuko dute ekitaldi horretan. Geroxeago abiatuko da, aldiz, txotx garaia bera, Gartziategi sagardotegian. Aurten Olatz Arrieta, EITBk Bruselan berriemaile berezi gisa duen kazetaria izanen da sagarnoa dastatuko duen lehen pertsona.

Guggenheim museoa

Bilboko Guggenheim museoak 1 265 756 bisitari izan zituen 2018an. Erakustokiaren historiako hirugarren urte hoberena izan da iazkoa. Bisitari gehienak atzerritarrak dira (%71), Euskal Herrikoak %9 eta gainerakoak espainiar estatutik heldu direnak.

La Manada

Nafarroako Lurralde Auzitegiko Bigarren Sekzioko epaileek La Manadaren bost kideak baldintzapean libre uzteko erabakia hartu du. Beraz, Auzitegi Gorenak behin betiko epaia eman arte, bost gizonak aske geldituko dira. La Manada bezala izendatzen den taldea osatzen duten kideek 2016ko San Ferminetan bortxatu zuten biktimaren abokatuari erabaki hori ez zaio zuzena iduritzen, eta erregu-errekurtsoa aurkeztea aztertzen ari dela jakinarazi du. Iritzi bera agertu du ere Nafarroako Gobernuak, eta honek ere erreguerrekurtsoa aurkeztuko omen du.

Langabeziaren apaltzea

Urte hastapen honetan, Euskal Enplegu Zerbitzuak 2018ko langabezia datuak ezagutzera eman ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan 119 674 langabe kontatu dituzte urte osoan, 2017an baino 7 873 gutiago, erran nahi baita %6,17ko apaltzea ukan duela langabeziak. Epe luzeko langabe kopurua ere ttipitu da, %9,5 pertsona gutiago izan baitira kasu horretan. Bestalde, kontratu mugagabeak 2017an hitzartutakoak baino %2,8 gehiago izan dira. Gisa bereko berriak dira ere Nafarroan. Joan den urtean aitzinekoan baino 2 890 langabe gutiago izan dira, %8,09ko apaltzea, beraz. Eusko Jaurlaritzak datu horiek goraipatu ditu, eta 2019an ildo beretik segitzeko beharra azpimarratu du. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bere helburuetako bat bete du, hots, langabezia tasa %10etik beherago atxikitzea.

Lan gatazkak

La Navaleko langileek elkarretaratzea egin dute urtarrilaren 3an, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aitzinean. Ikusiz maiatzean udal eta foru hauteskundeak izanen direla, bai eta ere Europakoak, ontziolaren egoerari aterabide egokia ematen dion alderdiari emanen diotela boza jakinarazi dute. Enpresa batzordeak ontziolaren alde “dena emateko” eskaera egin die alderdiei. Gobernuei berriz, ontziola eros dezatela galdegin die.

Miguel Gallastegiren heriotza

Miguel Gallastegi pilotaria zendu da urtarrilaren 4an. 1918ko otsailaren 25ean sortua zen Eibarren; 101 urtetara ari zen, beraz. Pilotazale anitzen arabera, historiako pilotari hoberena izana zen. 18 urtetan hasi zen esku pilota profesionaletan, 1936ko ekainaren 29an, Eibarko Astelena pilotalekuan. Espainiako gerla zibila zela medio, haren pilota ibilbideak geldialdi bat ezagutu zuen. Miliziano gisa ari izan zen Amuategi batailoian, eta jatekoa eramaten zien Kalamuako lubakietako kideei. Frankistak sartu zirelarik, ordea, haiekin soldadu joatera behartua izan zen. Baina eritu zen, eta horregatik etxera igorri zuten. Sendatu zelarik hasi zen berriz pilotan. Hiru txapel irabazi zituen buruz buru 1948 eta 1951 urteen artean. Lehena, Atano III. aren kontra, Bergaran, 1948 urtean; 1950ean eta 1951n, berriz, Akarregiren kontra. Lapurdin ere partida batzuk jokatu zituen, adibidez J. B. Haranbillet ezpeletarraren kontra. Hau munduko txapeldun izan zen 1944an. Gallastegik irabazi zion buruz buru.

Altsasuko auzia

Auzitegi Nazionalaren Apelazio Salak urtarrilaren 23 eta 24ra gibelatu du Altsasuko gazteen auzi erabakia berrikusteko saioa. 2016ko urrian bi guardia zibili oldartzeaz akusaturik, 2 eta 13 urteko presondegi zigorra ezarri zieten gazteei. Hastapen batean urtarrilaren 14, 15 eta 16rako finkatua zen saioaren gibelatzeko erabakia hartu dute lekukoen hainbat froga eta defentsak aurkeztu dituen zenbait dokumentu eskuratu ondoan. Beraz, froga horiek onartzeak ekarri du epaiketaren gibelatzea, horrela Auzitegiak defentsek proposatu lekuko berriak deitzeko denbora izan dezan.

Hondakinen kudeaketa

Zubietako erraustegiaren kontra bermatzen den GuraSOS plataformak hondakinak kudeatzeko plan alternatiboa Gipuzkoako Aldundiaren esku utzi du. GuraSOS elkarteak dio “plana bideragarria” dela eta Aldundiari elkarrizketarako deia egin dio, auzia akordio bidez konpontzeko. Dokumentua eman aitzin, ekitaldia egin dute Aldundiaren aitzinean eta haurrek hartu dute hitza. Beren burasoak urte eta erdi honetan Aldundiarekin mintzatu nahiz ari direla erran dute, baina ukan duten erantzun bakarra isiltasuna eta arbuioa izan direla salatu dute. Joseba Belaustegi GuraSOS elkartearen bozeramaileak azaldu du urte bat eman dutela Hitzartu ekimenaren baitan lanean eta horren ondorio dela hondakinak kudeatzeko plan alternatiboa. Zubietako erraustegiak Gipuzkoan eragin duen ”zatiketa eta gatazka soziala” geldiarazteko balio izanen duela pentsatzen du. “Zigilatutako, isolatutako eta bioegonkortutako gelaxkatan hondakin inertizatuak” atxikitzea da planaren funtsa. Teknika hori bera baliatua omen da jadanik Bizkaian, Joseba Belaustegiren arabera.

Politika

Heldu diren hauteskunde orokorretarako “aliantza handi” bat osatzea proposatuko du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, “EAJtik CUPera” PP, Ciudadanos eta Voxen “autoritarismoari eta aznarizmo zoroaren itzulerari” buru egiteko. Koalizioa ERCrekin eta BNGarekin batean Europako bozetara aurkeztuko dela oroitarazi du Otegik.

Orain presoak

Joan den larunbatean Joseba Azkarraga eta Arantxa Aldazabal Sareko bozeramaileek prentsaurrekoa egin dute Bilbon, urtarrilaren 12an Bizkaiko hiriburuan eta Baionan eginen diren manifestaldietara deitzeko. Denbora berean, agerraldia egin dute Baionan Ipar Euskal Herriko 60 bat hautetsik, mobilizazio horiei atxikimendua agertzeko. Halaber, euskal sindikatu guziek 12ko manifestaldietan parte hartuko dutela baieztatu dute. Kataluniako alderdi politikoetako ordezkariek eta preso diren buruzagi politikoen etxekoek ere engaiamendu bera hartu dute. Sare plataformak adierazi du ETA desegin ondotik “arazoa konponduta” dagoela uste izan dezakeela nork edo nork, baina oraino gauza frankok antolatu gabe dirautela uste duten herritarrak gero eta gehiago direla ere ohartarazi du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016