Inbido | 2019ko Urtarrilaren 10a

Duela ehun urte

Muslaria

Duela%20ehun%20urte

2019-an sartuak gira beraz... Behako bat emaiten baginu, larrilarria bederen, ehun urteko jauzi bat eginez gibelerat, 1919-ari. Bazterrak oraino minbera zauden, 14-ko gerla bururatu berria baitzen, kanoiak ixilduak alabainan aitzineko azaroan, Jondoni Martine egunean... Idazten dugularik gerla izigarri hura bururatua zela, gisa batez ez gabiltza hain xuxen. Bai, egia da gudukak geldituak zirela, eta hori bera etzen guti, bainan bakea etzen oraino legez eta ofizialki finkatua. Denetan denek gogoan zituzten gerlak egin makur izigarriak. Orotarat, zortzi miliun hil, Errusia, Alemania eta Frantzia izanik hunkienak! Hainbeste kolpatu bestalde! Eta hainbeste desmasia bazter guzietan... Dena den, 1909-ko urtarrilean, hilabete horren 18-an, Parisen hasi ziren bake-hitzarmeneri buruzko solasketak. Ikusteko Alemania nola behar zen zigortu. 27 herrialde partzuer, Georges Clemenceau kudeatzaile nagusi. Frango luzeak izan ziren - bost hi labete iraun zuten - eta uste baino zailagoak. Denen buru, hitzarmena izenpetua izan zen ekainaren 28-an, Versailles hiriko jauregi miresgarrian. Ainitzek berantetsia zuten eguna... Beste solasketa batzu aise gutiago aipatzen dira, Austriarekin izan zirenak. Irailaren 10-ean izenpetua izan zen hitzarmena, eta hori Pariseko ondoan, Saint-Germain-en-Laye hirian. Austria, Hungariarekin bat zena, puskatua izan zen. Europako herrialde puxantenetarik zena, arrunt ttipitua... Bazterrak lasaitu ziren nahitez. Frangok zioten, ikusiak ikusi, eta jasanak jasan, etzela gehiago gerlarik izanen gure eskualdetan, 14-ko hura izigarriko itsuskeria izana zela-eta... Hori alde batetik, bainan bestetik laster agertu ziren arrangura pisu batzu. Alemanak kexu, sobera gaizki tratatuak izanak zirela, sobera apalduak... Bazen beldur bat, aleman horiek, berriz azkartzearekin, ez ote ziren ezin atxikiak izanen... Historialari ainitzen gustuko, izenpetu hitzarmenek bazuten halako gustu kirets bat, egundainokotan makur frango hazten ahal zuen kirets bat. Handik hogoi urteren buruko gerla berriz piztu zen. Eta nolako gerla!

Entzun balire!

Bixtan da beste gertakari frango izan zela 1919-an. Ez gira xehetasunetan sartuko. Bizpahiru aipatuko halere. Urtarrilean, biltzar bat izan zen Parisen, Frantziak Afrikan zituen kolonietako kargudun batzuk galdeturik. Zergatik eta zeri buruz? Azpimarratuz afrikar gizon frango, berenaz hango berekoak, larru beltzak beraz, alemanen kontra gerlan arizanak zirela, behar zirela beraz eskertu; eta denbora berean parada hauta zela afrikar beltzeri eskubide gehiagoren segurtatzeko, etzezaten pentsa arrunt azpitik atxikiak zirela... Denen buru, izan zen goresmen frango soldado ohientzat, eskubide gehiagoren alde solas eder batzu bainan besterik ez... Nork daki, orduan zabaldu dei batzu hobeki entzunak izan balire, Frantzia eta Afrikaren arteko harremanek beste itxurarik hartuko zuten orobat... Gertakari latzak ainitz tokitan. Argentinan, urtarrilean, gaitzeko grebak eta gobernuak larderia handiena erakutsirik, berrehun bat langile hilak! Martxoan, Japoniaren manupean atxikia zen Korean alimalelo jazarkundea, Japoniako gobernua dena larderia, 7500 hil, 16.000 kolpatu; 46.000 lagun preso altxatuak! 1919-an zen ere Mussolini polliki azkartzen hasi Italian. Handik hiru urteren buruan gobernuaren buru jarriko da. Denbora berean, komunixten larderia gero eta handiagoa izanki Errusian. Hau arrunt besterik da bainan 1919-an zen, apirilean, lehen aldikotz hegazkin zerbitzu bat, jendeketakoa, sortu Parise eta Londreseren artean. Jende guziak harrituak omen! Orduan hola harritu zirenek zer erran ote lezakete orai hoinbeste hegazkin egun guziz ibilki-eta mundu guzian gaindi?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016