Jainkoa bizia jendea | 2019ko Urtarrilaren 10a

Parteniatik Baionara

Mandiok Itzulia

Garai batean, gogoeta talde batekin, Gaillot, Evreux hiriko apezpikua hurbildik segitzen genuen. 1995ean, Jean-Paul 2.ak bere kargutik kendu zuelarik, asaldatu ginen; oraino gehiago izendatu zuelarik ez den diozesa bateko apezpiku. Parteniako apezpiku. “Ez denik ez da” dio zuhur hitzak. Elkarrekin adostu artikulu bat egin genuen, eta Egunkaria kazetan publikarazi. Genion denak Partenia elizbarrutikoak ginela. Gaur ere holako aldarrikapen baten sinatzeko prest gaude. 24 urte eta gero, Gaillot apezpikuak erne dirau, izpiritua zorrotz eta engaiatzeko “bertutea” sendo. Huna zer mezu zabaldu digun, “Zoazte bururaino” titulu pean:

Anitz emigratzaile etorri dira Baionako Euskaldunen plazara, hor geldialdi bat egiten zutela. Afrika mendebaldetik: Ginea Konakriarretik, Malitik eta Boli Kostatik abiaturik, Maroko eta Espainia zeharkatu dituzte Baionara heldu aitzin. Haien kuraia miresten dut. Gudari ibilbide horretako atsekabeek bortizki joak iristen dira Baionara, baina, beren duintasunaren jabe. Hori ez diote nehork kenduko. Beren baitakoa eta beren berena dute. Laguntza bezainbat errespetu beharretan dira. Migratzaile horien presentziak, Euskaldunen plazan, elkartasun uhin handi bat sortu du Euskal Herri guztira hedatu dena. Baionako hiria mobilizatu da ezin sinetsizko moduan. Europako emigratzaile politikak etorkinak baino gehiago mugak babesten dituelarik, Baionako herritarrek gizatasun edo jendetasun handia erakutsi dute. Haientzat, arazo bat izan aitzin, etorkinak ziren jendeak! Etorkinei harrera ona egiteak bihotza irekitzen du mugagabeko elkartasunari, gure baitako hoberenarekin junta egiten duela. Xantza bat Baionarrentzat.

Etorkinen bide luze oztopoz beteak argitzen du Euskal bake bidea.

Emigratzaileak deliberatuak dira, bururaino joanen dira. Deus gabe, aurpegia desarmatua, argiki azaltzen dute beldurrik ez dutenen indarra. Ez dute beren egoera larria jasan nahi deus egin gabe. Errefusatzen dute hala beharrari men egitea. Ahulen indar bat badago gizartean. Bakeari buruzko martxa ez da gelditzen ahal, egoerak blokeatua badirudi ere. Itsas-gorakada ezin da geldi. Banoalarik Lannemezaneko presondegira, adiskide euskaldun baten ikustera, beti inarrosia naiz presoen kezka eta griñekin: eri handien askatzea, presoak familietarik hurbiltzea, zigor arintzeei lotu baldintzapeko libratze ukatzeak, eta azkenik, preso guzien etxeratzea. Baina biktimen elkarte espainol batzu mobilizatzen dira eta presio egiten dute, maila gorenean, presoen egoera blokeatzeko. Elkarte horien partaideak mintzatzen ahal banitu, bihotzez entzunen nituzke baina, ere, erranen nieke: “Konturatzen naiz zuen sufrikarioaz eta zuen familiarenaz, biktimengatik. Zuen zauriak ez dira sendatuak. Baina zerendako segitu sufriarazten jadanik gogorki pagatua dutenak eta beren familiak? Hola jokatuz ez dituzue zuen zauriak sendatuko. Zuen sufrikarioak iraunen du. Ez gare eginak elkar mendekatzeko baina baketzeko. Bakea prezio hortan da: presoek zuen beharra dute; bakegintzak zuen beharra du, elkarrekin bizitzen berriz ikasteko.” Nire aldetik, behar beharrezkoa iruditzen zait, autoritate politiko eta judizialak bururaino eraman dezan presoei buruz abiatu urraspidea. Egoera horretan, Baionan eta Bilbon manifestatzeko deiak, heldu den urtarrilaren 12ko, hartzen du garrantzi handi bat. Morroilo bat badago saltaraztekoa. Emigratzaileak Baionaraino etorri baldin badira, zuek ez ote zarete ba bururaino joateko gai izanen? Eguberriko besta, gizadiaren besta da, bere ezin neurtuzko duintasunarena. Jainkoak jende aurpegia hartu baldin badu, gure historian sartu baldin bada, da, gutarik bakotxak balio handia duelako harentzat: Jainkoagandik maitatua da. Maite dugularik biziki urrun joan gintezke. Bururaino.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016