Kostaldean | 2019ko Urtarrilaren 10a

Obra Handi andana bat

Kantari andana ederra , Ramuntxo Douat kudeatzaile
Kantari%20andana%20ederra%20_%20Ramuntxo%20Douat%20kudeatzaile

Aise mintzo diren mihi luze batzuk diote beti hola izaiten dela, herriko etxetan ainitz obra akulatzen dela herriko bozen aitzineko urtean. Hauteskunde horiek aitzin erakusteko ez daudela segur alfer egoki. Ahal bezenbat boz biltzeko xedetan nolazpait. Baditake ez den beti gezurra hori ere bainan beste frangok beste arrazoinamendurik entzun-arazten dute. Bozetarik landa ikusten dela lehenik nun zer obra egiten ahal litakeen, eta gero gisa hartarat apailatzen, paperen egiteko alde batetik eta ere bixtan da diruztatzea nola segurtatuko den artoski aztertzeko... Dena den, aurten herriko bozen aitzineko urtea da eta zinez obra ainitz badira egitekoak, edo bederen hastekoak... Hori hola da Kostalde guzian.

Baionan badute afera beren "'tram'bus" delakoarekin, eta ez bakarrik Baionan ezen eremu zabal batean ibiltzekoa da ere inguruko herrietan gaindi. Artetik erraiteko, euskaraz nola behar dugu deitu ibilgailu hori, "tranbusa" menturaz?

Miarritzen gaitzeko obrak egin beharrak dituzte uda aitzin gradu handiko hotel gisa baliatzen duten jauregi handi eta eder hortan. Kasu, erne ibiltzekoak dira, denborarik galdu gabe, agorrilean hor bilduko baitira munduko zazpi herrialde puxantenetako agintariak. Eskuin eta ezker ainitz balinbadira ere jadanik erraiten dutenak ez direla batere hitzordu horren alde, bainan arrunt kontra izaitekotz... Bestalde, obra pizkorrak eginen dira Parmeko aireportuan, aitzineko urte horietan eginak izanak diren horien ildo beretik. Hegazkinak pausatzeko eta airatzeko pistak osoki berrituak izanen dira. Aireportua, ezin bestela egin alabainan, zerratua egonik otsailaren 3-tik martxoaren 4-rat, hilabete bat osoa beraz. Bainan jin giten orrialde huntan ardurenik gurea daukagun eremurat...

Hendaian, bazterrak hartuko du harroaldi bat. Alde batetik, obrak segituko dituzte hondartzaren hegiz-hegiko etorbide zabal hortan. Jadanik frango abantzatuak, orai azken zati bat gelditzen egiteko. Bainan hiribarneak ere beste itxura bat hartzekoa du, obran hasiko dira merkatu xaharra dena berritzeko, kultur bilgune berri bat hor muntatzeko. Bestalde, aspaldian aipu den bezala. Herriko Etxearen aitzineko plaza hori, berenaz aski arraroa dena, arramoldatzekoa dute, bizi berri bat nahi diote eman..

Ziburun, helduden astelehenean, urtarrilak 14, obran hastekoak dira tenisgune xaharrean bilgune berri baten eraikitzen, lau edo bost ehun lagun kokatzen ahal ikusgarri batzuentzat. Obra horiek gostako dira bi miliun euroz goiti eta iraunen dute untsalaz hamar bat hilabete. Bilgune berria estreinatzen ahal litake beraz helduden Eguberrietako. Proiektu hori ez da denen gustukoa. Entzuten da ez dela holako bilgune baten beharrik jakinaren gainean nolako obrak egitekoak diren bestalde bai Ziburun berean bai eta Donibane Lohizunen. Herriko Etxean diote aldiz badela jadanik ere, eta gero eta gehiago izanen, denen beharra. Arrangurak ere eraiki berriaren ondo hortan aparkaleku handixko batzu beharko direla eta nun nola muntatuko dituzten... Hau besterik da bainan Ziburun preseski badira beste obra handi batzu udaberriari buruz hastekoak, komentu xaharra dena berrituz eta bazterrean beste eraikin bat moldatuz. Hor balitake haatik bi urteren lana segurik. Donibanen, bi sail daude guziz aipagarriak nahiz ez den errana aurten berean izanen den aitzinamendu handirik. Alde batetik, Harriet-Baita ikastegiaren berritzea eta bestetik, munta handiahandia daukan gauza, portuaren bazterreko auzo guziaren arramoldaketa. Horiek hola, eta hor ere baditake ez diren gauzak aurten berean biziki kanbiatuko, bainan segur ukanen dutela aipaldi,

Larrun alde hortan ere obra batzu akulatu beharko dira, mendiaren kaskoraino doan trein-bideak baduela berritze on baten baharra... Salbu hara, obra horien estakuruan besterik ere nahi lukete egin eta bazterrak kexatu dira, Larrun mendia altxor paregabea dela, ingurumena behar zaiola sano eta garbi begiratu, ez dela beraz funditzerat utzi behar. "Larrun ez hunki" diote kontra diren horiek...

Liburutegi bat gutiago

Donibane Lohizunen, joan den larunbatean alde bat zerratu da Louis-XIV liburutegia, izen bereko plazaren ondoan. Badu hamar urte saltegi hori atxikitzen zutela Monique Maya eta Eric Soreau-k; hau Herriko Etxean axudant izanki bestalde. Nahiko zuten saldu liburutegi bat aitzina atxikiko zuen norbaiti bainan nehor ez da agertu. Egia erran, beste liburutegi batzu badira Donibanen, batto arras hurbil, Laketoki deitzen dena, eta badirudi liburuek lehen baino arrakasta gutiago dutela. Dena den, Peio etxea da hor jarriko, oraiko ustez berantenaz Pazko irian...

Merkatu plazan kantari

Donibane Lohizunen, hilabeteko lehen larunbata izanki, urteko lehena ere, Kanta Donibane taldeak xarmatu ditu guziak kantu eta kantu ariz merkatu plaza aitzinean... Etzen berorik egia erran bainan giro alegera halere...

Itsas-belarraren arrakasta

Arrantzaleentzat, Donibane Lohizune eta Ziburuko portuan, iragan urtea ez da hain txarra izan, nahiz kondu guziak ez oraino ateratuak. Gauza bat ainitzek azpimarratzen dutena, itsas-belarrari gero eta gehiago emanak direla barku batzu, dotzena bat orotarat; duela zonbait urte bizpahiru baizik etzirelarik. Denbora batez, itsas-belar gorria biltzen zen arraina xuhur zen keinkan batzutan, orai, irail erditsutarik goiti, zonbait hilabetez segidan; gaitzeko belar bilketa egiten da. Duela bi urte mila eta zazpi ehun tona bildu ziren, Banabeste batean, urtean nunbait han mila hiru ehun tona, ez baitezpada gehiago... Prezioa ere kanbiakor sasoin batetik bestera. Gure kostaldeko itsasbelarrak fama ona dauka, tira pollita badu eta erosle guziak mugaz bestaldekoak dira.

Ixtorio nahasia

Donibane Lohizunen, herriko mediatekan badute ixtorio bat iduriz segurik arrunt nahasia izan behar dena. Mediateka hortako langile batzu arranguratu dira, legezko salaketak egiteraino, erranez beren laneko lagun batzuk apaltzen dituztela, apaldu nahi segurik ba, dena berexkuntza eta mendekio. Ikerketa batzu akulatzen ari dituzte finkatzeko xuxen zer gertatu den. Orainokoan, biziki neke da garbitasun baten ukaitea...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016