Mundu zabalean | 2019ko Urtarrilaren 10a

Mundu Zabalean

M.L.

Mundu%20Zabalean

AEB: Trump-Demokratak sokatira

Joan den abenduaren 22az geroztik Ameriketako Estatu Batuetako administrazio federala kasik geldian ezarria du Donald Trump presidenteak berak. Zehazki ez du izenpetu nahi izan administrazio federalen finantzamenduaren laurdena. Horrela 800 000 funtzionario zuzenean hunkiak dira: hautua dute lanean segitu pagatuak izan gabe, ala etxean egon. Berehala agertzen hasiak diren ondorioak erakustoki publiko anitz hetsirik daudela, eta hainbat eremu publikotan hondarkin zakuak metatzen hasiak direla. Blokeo horren arrazoia argia da: kongresuak bost miliar dolar ukatzen dizkio Presidenteari Mexikorekiko mugan 3000 km luzeko pareta baten eraikitzeko. Presidentea bere hartan dago sekula baino gehiago, hala ere iragan astelehenetik demokrata eta errepublikano hautetsien buruzagiekin solasean ari beharra zen aterabide baten aurkitzeko. Donald Trumpek aipatu zuen joan den ostiralean urgentzia prozedura berezi bat deitzeko gaitasuna baduela Mexikoko paretaren eraikitzea bururaino eramateko kongresua kontra izanagatik. Kongresuak jada pareta horren eraikitzeari ezetz errana baldin bazion joan den abenduan, azaroko bozetan berriturik kargua hartu duen kongresuan demokratak gehiengo argiarekin izanik paretari ezezkoak indar handiagoa du oraino. Ikusteko dago demokrata batzuk Trump-eri amore emanen dioten, ala presidenteak hautsi-mautsi bat aterako duen demokratak burua xut utziko dituena. Demokratak justizia ministerioak abiatuak dituen bi inkesten emaitzen beha daude Donald Trump-ekin nola joka ikusteko. Lehen inkestak ikertzen du Errusiaren laguntza teknikoa ukan ote zuen presidenteak bozetan pasatzeko 2016an. Bigarrenak ikertzen du zergatik ez duen bere ontasun zerrenda publikoki aitortu. Demokratek diote uzten dituztela inkestak bakean iragaiterat, baina emaitzen ondorio politiko guziak aterako dituztela. Lehen inkestak erakusten badu argiki Donald Trump-ek errusiar zerbitzu teknikoak baliatu dituela bozemaileak ideiaz kanbiarazteko, presidentearen kargutik kentzea eskatzeko prest dira demokratak.

...eta ere Frantzia-Ford sokatira

Laster urtea eginen du Ford-ek iragarria duela Blanquefort-eko lantegia hetsiko duela berantenik heldu den irailean. Segidan abiatuak dira negoziaketak lantegi horren geroaz botere publiko eta Ford-en artean. Egia erran ulitxetan dira Frantziako botere publikoak. Oroitzen dira 2011n 23,5 milioi euroko laguntza publikoa ekarri ziotela, eta orain prest lirateke beste 16 milioiren ekartzeko, Ford-ek Blanquefort-eko lantegia Belgikako Punch Power Glide lantegiari saltzea onartuko balu. Ordea, proposamen horrekin argi dute Blanquefort-eko langileen erdiak bakarrik lanpostua segurtatua lukeela. Badirudi hori oro ez dela Ford-en arazoa. Honek ez du lantegia lehiakide bati saldu nahi. Ez zaio batere axola lantegi hori hestea eta horko ekoizpena Ameriketako Estatu Batuetan fabrikatzea. Oroitu behar da Donald Trump-ek laguntzak hitzeman dituela AEB-etan lantegiak irekiko dituzten holdingentzat. Horrek ulitxetanago oraino ezartzen ditu hexagonoko botere publikoak, berriki jakin baitute Ford-ek 6,6 miliar euroko eskugaina atera duela 2017an. Hots, frantses gobernuak ez du egiazko tantorik eskuan Ford ideiaz aldarazteko, Ameriketan Donald Trump buru deno. Blanquefort-eko lantegia irailean hesten badu, Ford-i beharko du segur enpleguaren begiratzeko plan bat aurkeztu, lantegiaren kutsadura garbitzerat engaiatu, eta arrahartzaile bat bilatu duela frogatu. Bilatu bai baina ez da atzemaiterat behartua. Funski gauzak ikusiz pentsa daiteke Ford-ek dituela tanto hoberenak eskutan. Frantses gobernuak Blanquefort-eko lantegia nazionalizatzen balu, Bernard le Maire ministroak mihi puntaz aipatu duen bezala, Ford-eri beharko lioke erosi. Azkenean Ford-ek dirua hunkiko luke Blanquefort hesteko frantses gobernutik, eta beste hainbeste edo gehiago dolar hartuko luke amerikar gobernutik lantegi berri bat AEB-etan irekitzeko. Bistan dena Blanquefort-eko langileek joko bikoitz hori ikusten dutela heldu. Pilota goregi dute haiek eskutan hartzeko. Nazionalizatzea ongi dakusate lanpostuen salbamendua segurtatzeko.

COP24 gutxieneko akordioa

Polonian hamar egunez bildu ziren munduko 200 estatutako ordezkariak joan den abendu hasieran COP24 lemaren pean. Goi-bilkura horren helburua zen duela hiru urte Parisen izenpetu hitzarmenaren betetzeko araudiak onartzea. Akordioak alde onak eta txarrak erakusten ditu. Alde onetan Pariseko hitzarmena hitzez hitz baieztatua izan dela, horren gauzatzeko araudiak 2024 arte finkatuak direlarik. Bigarren alde ona 200 estatuak adostu direla berotegi efektuaren elementu zientifiko berdinak erabiltzeko. Horixe ez zen aitzinetik segurtatua. Estatu batzuk nahiagoko baitzuten bakoitzak bere moldean estima dezan beroketa efektu hori. Alde txarrak ordea ez dira txikiak. Klima aldaketaren mehatxua azkarki goiti doala diotelarik aho batez zientzialariek, estatu bihi bat ez da engaiatu Parisen finkatuak zituen CO2 hedapen neurriak apaltzerat. Argi delarik beroketa gas hedapen horiek Pariseko hitzarmeneko heinean egoitearekin lurraren tenperatura hiru graduz bederen hupatuko dela mende bukaeran. COP24ko ordezkariek esperantza ONU erakunderat itzuli dute. Heldu den irailean eta New- York-en Nazio Batuen Erakundeak buru-biltzar bat muntatu gogo du klima aldaketaren geldiarazteko neurri anbiziokoak hartzeko. Antonio Guterres ONU-ko idazkaria hiru aldiz etorri zen Poloniara COP24-ko 200 estatuak bilkura horretara joaiten berotzerat.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3481. zbk

Zuk uste duzun baino berantago izaiten da beti

Xinako erran zaharra

Gure Hitza | 2019/01/10

Mintza!

Janbattitt Dirassar

"Ez da musik! Mintza!" Hori entzun ditake gutien ustean musean ari direnen artean... Hori dionak erakutsi nahi du karta onak badituela eskutan. Edo gezurrez ari da, eta gezurra ez da bekatu muslarien artean, abilki sakatua delarik behin. Mintza jaunak eta andereak! Hori zauku ere galdetua urte haste huntan. Frantses lehendakariak ere gisa hortako gomita luzatzen dauku. Gobernuak ere ba beroan bero. Bainan gisa hortako deia etzutena Horiz Jauntzi delakoek zabaldua duela jadanik hilabete pare bat? Eta aski kartsuki gainerat! Dena den, bi hilabete barne guri omen da jakinaraztea zoin diren hartaz eta huntaz ditugun arrangurak, zer aldaketa nahi ginukeen, hots zer igurikatzen dugun. Batzuk diote frantses Iraultza handia izan zenean, 1789-an, duela beraz 230 urte, egin zela holako zerbait, eta geroztik sekulan ez. Orduan ere aspaldiko partez egin zen, aitzineko biltzarrak 1614-an izanak, 175 urte lehenago. Horiek hola, ikusi behar halere nola gauzatuko den orai aipatzen duten hori, ez ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016