Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2019ko Otsailaren 07a

Bidarrai

Jean Grenapin, Bubu asto famatuarekin (2010eko argazkia)
Jean%20Grenapin_%20Bubu%20asto%20famatuarekin%20(2010eko%20argazkia)

Aire Zabal elkartea, larunbateko biltzar nagusia

Parropiako Aire Zabal elkartearen biltzar nagusia iragan da joan den larunbat arratsaldean, jende multxo bat bildurik, tartean Jean-Michel Anchordoquy auzapeza. Xan Lambert elkarteburuak ideki du bilkura, elkartearen harat-hunatak aipatuz. Mayi Urruty diruzainak konduen berri eman dauku. Jaz 2.924 presuna pasatu dira Aire Zabal aterbetxetik, kasik 2017an bezainbat (2.999): 283 beilari, 895 mendizale, 906 haur eta gazte (ikasle talde, uda leku), eta 840 bertzelako jende (asteburutako taldeak). Obrak egin dira (51.000 euro inguru), barneko material berria, tindaketak, lauzadurak, harrizko murruak kanpoan... Diru sartzeak, aldiz, 40.000 euroren ingurukoak izan dira. Bainan aitzineko urtetako irabazieri esker, elkartea diru egoera onean da halere, jakinez aurten gastu gutiago behar litaikeela. Martxa onean doa, beraz, Aire Zabal aterbetxea.

Heriotze: Jean Grenapin

Joan den larunbat arratsaldean ehortzi dugu Jean Grenapin. 78 urte beteko zituen heldu den ekainean. Bospasei urtez bizi izan da gure herrian, trinketeko apartamendu batean. Trinketa berritu zelarik, joaitera behartua izan zen obrengatik. Kanbora joan zen, apartamendu bat harturik han, azken denborak aldiz Santa Elisabet xaharretxean iragan ditu. La Baule hirikoa zen sortzez (Loire-Atlantique). Ondotik Nantes hirian egon zen, eta geroxeago Rennes hirian, obragintza publikoetako enpresaburu gisa. Ezkondua zen eta hiru haur bazituen, Dorothée alaba, Mendiburuko Amaury Delabrusserekin bizi dena, eta bi seme, Cédric eta Stanislas. 51 urtetan, haatik, larriki eritu zen, narkolepsiaz jorik. Orduan familiarekin Vendée eskualdera etorri zen bizitzera, Arroxela ondoan den Ille-d’Elle herrirat. Garai hortan hasi zen oinez ibiltzen beilari gisa, Bubu astoarekin: 1995ean Konpostelako bidea, 1997an Bretainiako itzulia eta 2000. urtean Jerusalemera buruz. Azken abentura harrigarri hau kondatua du liburu batean: “Sur nos chemins de Jérusalem”. 9 hilabetez Europa zeharkatu zuen astoarekin, Frantzia, Suitza, Italia, Eslovenia, Kroazia, Hungaria, Errumania, Bulgaria eta Turkia, Bubuk karro bat tiratzen zuela, puskak karreatzeko. Sirian, haatik, ez zituzten sartzera utzi eta gibelerateko bidea hartu behar izan zuten, Grezian eta Italian gaindi. Maleruski, etxera itzuli eta laster, emaztea zendu zitzaion. Eta zenbait urteren buruan Euskal Herrirat etorri zen bizitzera, Bidarrairat, alabatik hurbiltzeko, oroituz ere haurrean aitamekin Gorri Gorria etxerat etortzen zela bakantzetara. Alabainan, Euskal Herria ez zuen arrotza, amatxi gipuzkoarra zuen, St-Nazairerat ezkondua. Azken bi urteak aski nekeak iragan ditu osagarriaren aldetik, minbiziaz joa izanki. Gure herrian nahi zuen ehortzia izan eta, fede handiko gizona baitzen, aitzinetik berak prestatuak zituen ehorzketetako kantu eta irakurgaiak. Joachim Jauregui Kanboko erretorak du meza eman, suharki mintzatuz Kanbon barna ezagutu duen Jean Grenapin gizon zintzoaz. Hunen alabak eta haur ttipiek ere beren lekukotasun hunkigarriak zabaldu dituzte beren aita/aitatxi zenaz. Guk ere luzaz gogoan atxikiko dugu beti irria ezpainetan eta urte osoan zapata idekitan galtzerdirik gabe zabilan gizon lagunkina.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3485. zbk

Jendea aberasten da ongia eginez

Mahomet

Gure Hitza | 2019/02/07

Santibate

Janbattitt Dirassar

Santibate hitz hori ez dute arrotza ukaiten ahal gure ihauterietako berri guti aski bederen badakiten guziek. Garazi alde hortan bereziki. Ihauteriak ekartzen du Santibate lehenik eta Libertimendua ondotik. Lehena neguaren despeitzeko bezala, nahiz negua berantxago ere izaiten ahal den oraino. Santibate dena zirtzilkeria beraz, zirtzilak errege izanki alabainan... Bigarrena, Libertimendua, udaberriaren agurtzeko bezala edo bederen erakusteko berantetsia dugula... Besta airos eta koloretsua... Egia erran, zirtzilkeria gutiagorekin bada ere, Santibate ospatzen ahal da nun nahi, izen hortako kantua entzunaraziz. Etxez etxe eske ibiliz berdin. Eskelariak Santibatek igortzen zituen xingarketa. Kantuak dion bezala, "ez zabiltzan ederrez ez eta ere beharrez, gostuma xaharraren ustez errreproxu beldurrez". Lehen ere, eske zabiltzanak mozorrotuak izaiten ziren, untsalaz nehork ez ezagutzeko gisan... Etxeko anderearentzat bazituzten konplimendu pollitak, bere bihotz ona erakusten bazuen, eras...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016