Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2019ko Otsailaren 07a
Amikuze
Otsail ostegunak:
otsailaren 7an, Maialen MORENO ZUBELDIArekin, irri ixtorioak, gure ahozko literaturatik. 23. aldikotz, Zabalik elkarteak antolatzen ditu aurten ere otsail ostegunak. Lau hitzaldi, lau ostegun gauez (20:30-23:00), trago eta bixkotx bat barne. Lehen gauean, Maialen Moreno Zubeldia mintzatuko da Donapaleun, Auzitegi karrikako Herri Elkargoko gelan. Gaia: irri ixtorioak, gure ahozko literaturatik. Maialen Moreno Zubeldiak bere filologo doktore tesia Deustuko Unibertsitatean iragana du, irri ixtorio hauek zituelarik azterketa gai. Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, 2009-2010 urte bitartean, herri kontakizunen bilketa metodiko bat egin zuen Maialen Moreno Zubeldiak. Herrizherri jendearen ahotik atera kontakizunak bildu eta gero horiek transkribatu, sailkatu eta aztertu zituen. Beraz, kontakizunen gaur eguneko corpusa osatu nahi izan du. Bilketa hori egiteko zein metodologia erabili duen eta kontakizunak aztertzeko jarraiki oinarriak azalduko dauzkigu, nola heldu zen jendearengana eta nola atera zuen informazioa, zer egin horretan aurkitu mugak… Bilketa osatu eta gero, corpus hori aztertu du. Lehenik, bildu kontakizunen ezaugarriak eta orain arte izan dituzten sailkapenak aurkeztuko dauzkigu. Kontakizun anitz errealistak deitu ditu, eguneroko bizitzako pertsonaien eta gertakarien berri emaiten baitaukute. Jarraian, errepaso bat eginen du euskal aldizkarietan, liburuetan eta eskuizkriburen batean agertu kontakizun laburrez, eta horiek aztertzen dituzten ikerketez. Era berean, bilduma zahar eta berrietan gure kontakizunek dauzkaten baliokideak aipatuko ditu. Badira Erdi Arotik hasirik errepikatzen diren antzeko gai irringarri batzu. Gure kontakizunen baliokide zaharren artean, adibidez, XV. mende hasieran Poggio Bracciolini latinista italiarrak bildu kontakizunak daude. Azkenik, irriaren adierazpenaz mintzatuko zauku, istorio horietan hauteman irri baliabideak aipatuz. XX. mende hasieran Bergson-ek eta Freud-ek umoreaz egin teorizazioak gure kontakizunetan aplikaturik aztertu ditu.
Libertimendu eguna Amikuzen otsailaren 24an
Aitzineko urtetan bezala Libertimendua markatua izanen da aurten ere Amikuzen. Lehenik, Santibate iraganen da otsailaren 9an Donapaleun, arratsaldeko 5etan abiatuz merkatu estalitik. Libertimendu eguna otsailaren 24an igandearekin. Bazkariko aldiz, izenen emaiten hasten ahal zirezte Zabalik elkartera maila bidaliz: zabalikelkartea@ gmail.com
Besteak beste...
"Essor Basque" txirrindula lehiaketak bere pasaia eginen du Oztibarren eta Amikuzen otsailaren 8an ostiralez. Etapa Larzabaletik abiatuko da eta Donapaleun bukatuko arratsaldeko 4ak inguru.