Herriz Herri - Duzunaritze-Sarasketa (NB) | 2019ko Otsailaren 07a
Santibate
otsailaren 8an, ostiral gauean, zortzietatik gora, Buzunaritze Etxarteko supazter goxoan, Santibate ospatuko dugu: kantatzeko, dantzatzeko, irri egiteko, tripotak jateko, edateko, eleketan artzeko, elgar ezagutzeko… hots, neguan besta egiteko parada izanen da. Interesatua den oro ongi etorria da. Ipar Iratiko zaharrenak oroitzen dira nola duela hamarnaka urte batzu gure ibarrean Santibate ospatzen zuten. Santibatekariak, zirtzilki beztituak eta maskaturik, urtarrilean eta otsailean etxe guzietatik gauaz pasatzen ziren puskak biltzeko (tripotak, lukinkak, xingarra… gerrenari lotuz, eta arraultzeak, gasna, arnoa… saskian eramanez). Bildutakoekin ihaute asteartez apairu handia egiten zuten. Zirtzilak kantuz sartzen ziren etxeetara, koplak egiten zituzten, musika jotzen zuten, dantzatzen zuten, antzerkia egiten zuten… Zerbait jateko eta edateko eskaintzen zitzaien eta Santibatek Andere kantatzen zuten. Ohitura zaharra ipar Iratin: liburu zaharrenetan atzemaiten diren kantu horren airea eta hitzak, Behorlegin bilduak izan ziren XIX-garren mendean!