Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Otsailaren 07a
Hazparne
Otsaileko oporrak
Otsailean sartu berriak gira eta buraso gazteek aitzinetik ikusi behar dute oporretan haurrak nun eta nola koka... Aisealdi gunea idekia izanen da otsailaren 18tik, martxoaren 1era. Izenak eman daitezke Hazpandar gisa, hilabetearen 8raino. Ondotik besteendako otsailaren 11tik 14ra. Astelehenetik ostiralera egin daiteke (09:00-12:30) eta (13:30-17:30). Larunbatean aldiz (09:00-12:00) Elgar Zentroan, gazteen gunean. Telefona daiteke ere: 05 59 29 58 33 edo pij.hazparne@wanadoo.fr helbidera idatz.
Adinekoentzat
Urtero bezala, Herriko Etxeak bazkari bat eskaintzen die 65 urte baino gehiago duteneri, otsailaren 27an asteazkenez, Bil Toki ostatuan. 75 urte baino gehiago dutenek herriak eskaini oparia hartu badute, bazkaria pagatu beharko dute. Izenak eman Elgar Zentroan otsailaren 14a aitzin: 05 59 70 29 07.
Jakitea hobe!
Bastida, Bidaxune eta Hazparneko jendarmeek urteko bilkura bat egin omen dute, iragan urtea aztertzeko eta ondokoa aipatzeko. 2017an baino pixka bat gehiago atera dira jaz, bainan bi egitate mota apaldu dira: etxe arrobatzeak eta jende jazarpena. Bideetan ere, istripuz hiltzerik ez da izan zaintzen dituzten eremuetan. Aurten jendarmeek jendea hurbiletik lagunduko dute ziber kriminaliteari eta etxe arrobatzeeri buru egiten. Bideetako lege hausteak bereziki begiztatuko dituzte eta kontrolak emendatuko. Badakigu... beraz bietan kasu eginen dugu!!
Ate idekitze
Aldi huntan, Jean Verdun ama eskola publikoak ditu ateak idekitzen larunbat goizez, otsailaren 16an (09:30-12:00).
Haritz Barnen
Jadanik erran bezala, 6an berriz hasiko dira film emanaldiak. Berezia den film bat pasatuko dute otsailaren 8an (ostirala) eta 10ean (igandea) "Un berger et deux perchés à l'Elysée". Jean Lassalle, Pirinio Atlantikoetako laugarren eremuko diputatu famatuaz, bi kasetalari ezkertiar ohi edo galduek (Pierre Carles eta Philippe Lespinasse) egin duten komedia dokumental politikoa da hau... omen ikustekoa.