Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Otsailaren 07a

Senpere

Ihauteriak hurbil:

Ihauterien ekitaldi ofiziala iraganen da otsailaren 23an Senpereko plazan, hemendik laster informazio gehiago emanen ditugu. Haatik egun hori aitzin, ez pentsa arduradun gazte horiek beren etxe xokoetan egoki direnik, erne-erne ibilki baitira auzoz-auzo beren animazio omoretsuen zabaltzen. Joan den larunbatean, etxez-etxe ibili dira Olha auzoan, larunbat huntan otsailaren 9an Hergarai zeharkatuko dute eta otsailaren 16an Urguri auzoa. Beraz kantu, dantza eta irri zafla batzuk ikusi eta entzun behar ginituzke, ea biztanleen harrera neurri berekoa izanen ote den?

Munduko musika Larrekon larunbatean:

Otsailaren 9an (20:30), eginen da YODI hirukote musikaren ezagutza. Beren musika tradizionaletik haratago, joan nahi izan dute norabide moderno bat hartuz. Emozio sorkuntza prozesuaren erdigunean gelditzen da, Hego Amerikako koloreak dituen musika goxo eta poetikoa. Yonna Diaz kantuan, Julio Portilla charangoan eta Jean- Marc Larroze baxu elektrikoan. Herriko Etxeko kultur sailak nahi ditu lagundu bertako talenduak. YODIk aktibitate artistiko asko baditu, hala ere sortu nahi izan du musika talde berri hau, izigarriko ahots ederrarekin. "Sin Armadura" (armadurik gabekoa) izendatu ikusgarria, YODI berak antolatzen du, prezioa 10€ (urririk 12 urtez petik). Erreserba egiten ahal da Euskal Herriko turismo bulegoetan baita ikuskizuna aitzin Larrekon bertan.

Bertsu saioa Herri Urratsen alde igandean:

Aurten ere, betidanik bezala, Senpereko aintziran iraganen da Herri-Urrats, maiatzeko 2. igandean (12an), gaurko lema izanen delarik LK (eleka hitz jokoa). Orain arte bertsu saioa antolatua zen Baiona hirian, oraikoan aldiz nahi izan dute besta ospetsu horren bihotzera hurbildu, Larreko sala hautatuz. Otsailaren 10ean (16:00), entzuten ahalko dira 2017ko bertsu xapelketa nagusiko 8 bertsulariak. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Sartzeak 10€ (5€ 12 urtez petik) salgai dira ikastoletan, Herri Urrats webgunean bai eta Elkar dendan.

Otarre Hustea larunbatean:

Arrantza elkarteak antolatzen du pilota plazan, goizeko 9etatik lekura, otsailaren 9an. Hasi aitzin, baliatzen ez duten materialaren saltzeko parada emana zaiote arrantzaleeri. Ondotik, 10 euroren truk elkarteak eskainiko du saltokia mahainarekin bai eta erguerdi aldean ogitartekoak. Xehetasunak eta izen-emaiteak deituz: 05-59-54-58-24 edo 06- 83-26-74-21.

Dantza Larrekon asteartean:

Miarritzeko Malandain baletak eta Senpereko EliralE konpainia dira bi oreneko gaualdi horren antolatzaileak, otsailaren 12an (20:00). Lehen partean deskubrituko da Gilshamber bretainiar konpaniaren dantza koreografia "Instinct" deiturikoa. Ondotik errusiar Thanstheatr dantza konpainiak aurkeztuko du "Le Spectre de la Rose et Cetera" dena mugimendu azkar eta ahulak nahastekatuz. Dantzaz gozatzeko hitzordu aparta, erreserbak egiten ahal dira Euskal Herriko turismo bulegoetan bai eta Malandain Ballet Biarritz Digitick. com webgunean.

Ate Idekiak San Josepe eta Arretxea eskoletan:

Heldu den larunbatean, otsailaren 9an goizeko 9etatik lekura, iraganen dira ate idekitzeak Senpereko ikastetxe katoliko elebidun hauetan. Euskal Haziak elkarteak antolatzen du urtero sasoin honetan ekitaldi hori, publikoak deskubri dezan zer irakaskuntza emana den ikasleeri.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3485. zbk

Jendea aberasten da ongia eginez

Mahomet

Gure Hitza | 2019/02/07

Santibate

Janbattitt Dirassar

Santibate hitz hori ez dute arrotza ukaiten ahal gure ihauterietako berri guti aski bederen badakiten guziek. Garazi alde hortan bereziki. Ihauteriak ekartzen du Santibate lehenik eta Libertimendua ondotik. Lehena neguaren despeitzeko bezala, nahiz negua berantxago ere izaiten ahal den oraino. Santibate dena zirtzilkeria beraz, zirtzilak errege izanki alabainan... Bigarrena, Libertimendua, udaberriaren agurtzeko bezala edo bederen erakusteko berantetsia dugula... Besta airos eta koloretsua... Egia erran, zirtzilkeria gutiagorekin bada ere, Santibate ospatzen ahal da nun nahi, izen hortako kantua entzunaraziz. Etxez etxe eske ibiliz berdin. Eskelariak Santibatek igortzen zituen xingarketa. Kantuak dion bezala, "ez zabiltzan ederrez ez eta ere beharrez, gostuma xaharraren ustez errreproxu beldurrez". Lehen ere, eske zabiltzanak mozorrotuak izaiten ziren, untsalaz nehork ez ezagutzeko gisan... Etxeko anderearentzat bazituzten konplimendu pollitak, bere bihotz ona erakusten bazuen, eras...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016