Herriz Herri - Zuraide (L) | 2019ko Otsailaren 07a
Zuraide
Kaskarotak
ez dira batere ateratu aurten, ze pena! Aro txarrak lotsaturik eta gehiago dena, parte hartzaile gutti ziren etxezetxe ibiltzeko, dantzan eta kantuz bazterren alaitzeko.
Kosta Garaia
Elizatik abiatuz, gure herriaren arima, Xilar trinketa eta Kosta Garaiaren artean sendi da gehienik. Aitor dezagun bizi hori Zuraideko elkarteeri zor zaiela, izan dadin pilota, beste kiroletan eta kulturaren inguruan zazpi ahalak egiten dituzteneri esker. Joan den ortziralean, dotzena bat kide bildu dira Kosta Garaia elkartearen biltzar nagusiaren aipatzeko. Etxe hortan bada zer egin, haur, gazte ala heldu, denen gostukoa aurki daiteke: zirko, musika, antzerki, gorputz ariketa, zunba, tai xi xuan, Kundalini yoga, edo Hata yoga gaztetxoentzat, Capoiera eta bixtan dena, euskal dantza, 60 bat dantzarirekin. Elkartearen helburuak aipatu ondoan, elkargune, trukaden eta lasaitzeko toki ona, bizi-bizia iragan da bilkura, aho batez pundu guziak onarturik. Alta, diru kontuetan, beti usatua irabazietan aritzea eta borondatezko arduradunek ere merezi zutela sari zerbait, dantzariek bidaiaz Lisbonera joan dira jaz. 2 018ko urtea galtzetan bururatu dute (-6 562,29€) nihundik arrangurarik sortu gabe ofizialenganik. Kosta Garaia, jo aitzina!