Egun eta bihar | 2019ko Otsailaren 07a

Egun eta Bihar

J-B D

Georges Sarre
Georges%20Sarre

Beti gauza bera!

Egunak jin eta egunak joan, bulta huntan asteburu guziz gai berak dira toki gehiena hartzen dutenak... Alde batetik, hor dira Horiz Jauntzi horien manifestaldiak eta bestetik kontsulta handi hori, jendea deitua bere dolamen guzien entzunarazterat. Joanden larunbatean ere izan da manifestaldi frango, aroa arras hitsa zelarik alta... Parisen, hamar bat mila jende bildu dira barne-minixtroaren arabera, gehixago, hamahiru mila, beste kondatzaile batzuen iduriko. Dena den, salatu dute bipil-bipila poliziaren larderia soberakina. Denbora berean, gobernuak salatzen duelarik Horiz Jauntzi horien manifestaldien karietarat egiten diren lan tzarrak. Edo berek eginak, gehienak ez direlarik batere hortarik ari, edo nunbaitik Horiz Jauntzien arterat sartzen diren batzuk... Eta kontsulta handia zertan da? Macron presidenta noiz nahi ikusten da. Joan den egunean, itsas-haindian frantses ekarri eremuetako hautetsi batzuekin egona da lusaz solasean. Minixtro batzu ere badabiltza harat eta hunat, biziki aferatuak iduri... Hori baita beraz delako kontsulta? Manatari handienak noiz nahi denen aitzinean! Azen ontzeko horra nun aitzina aipu ere den Alexandre Benalla bainan kondatzen diren ixtorio batzu biziki nahasiak dira, Errusian gaindi ukan dituen harreman batzu besteak beste. Norekilako harremanak? Untsa fama txarra duten gizon batzuekin. Ez baita harritzeko ixtorio horiek usain txarra balinbadute...

Bi bozkatze betan?

Hau gauza berria litake, azken egun hauetan gero eta gehiago erakusterat emaiten dute erreferendum gisako bozkatze bat baginukeela maiatzaren 26-an Europamaileko hauteskundeekin batean. Artetik erraiteko referendum hitz latina da bainan frantsesak ere beretua. Euskaraz hitz bera hartua dute batzuk, erreferenduma nahiago beste batzuk. Dena den, zoin litakeen galdea hori ez da orainokoan batere argi. Gainerat, eta lehen aldikotz, galde bakar baten partez balitazke bizpahiru segurik. Bozkatzea zertaz, hori ez dakigu beraz bainan eguna ja berexia bezala. Gatu horrek ere baduke beste buztanik... Eta hain segur gaitzeko buztan luzea...

Georges Sarre

Parisen pausatu da 83 urtetan Georges Sarre ezkerraldeko politikari ezagutua. Bost urtez segidan gobernuan barne izana (1988- 1993). Gobernuan sartu aitzin Pariseko deputatu egona alderdi sozialixtaren kondu eta egundainokotan beste zonbait urtez gobernutik ateratzearekin. Luzaz Mitterrand presidentaren aldeko suhar agertua, ezkertxago lerratua duela hogoi bat urte. Gobernuan zelarik, eta garraio arazoetaz arduratzen, sustatu zuen eta gauzatu zernahi aipaldi ukan zuen aldaketa bat, erabaki baitzen handik goiti autoen gidatzeko permisa hunenbeste pundurekin izanen zela, punduak galtzen ahal zerbait huts egin-eta... Eta permisa bera ere galtzen ahal pundu guziak faltatzearekin. Eztabada batzu izan ziren bainan joko berak beti segitzen du 26 urteren buruan ere. Orai funtsean denak jarriak izan behar gira molde horri...

Zoin usu!

Berriz ere gaitzeko buruhausteak izan dira Pariseko Montparnasse geltoki handian. Zerbait bat-batean makurturik elektrika muntaduretan. Ondorioz saltsa gogorra! Trein frango gibelatuak zonbait orenez segurik. Beste batzu han berean egon behar. Gure eskualde huntarat jitekoak Austerlitz geltokitik abiatu behar bainan han ere arazoak izanki... Horiek oro ez litazke hain harrigarri halere lehen aldia balitz holako zerbait gertatzen dela. Bainan urte bat eta erdi barne laugarren aldia da holako saltsa izaiten dela... Zerbait bada beraz hor nunbait ez dena batere haxean...

Autobide horietan

Luzaz Frantzian gaindiko autobideak gobernuaren kondu izanak dira. Duela dotzena bat urte, Dominique de Villepin zelarik gobernuburu, autobide horien kudeantza hortakoak diren etxe berezi batzuri utzia izan da, orai arras okerrak kausitzen diren kontratu batzu berme. Geroztik, delako etxe puxant horiek aise kariotzen dituzte autobidetako ibil-sariak. Gobernua beltzurika hasten bada ere ez dira biziki kexu. Otsailaren lehenean ibil-sari horiek emendatu dira berriz ere, aldi huntan %2-ez ezbaian. Eta jadanik erraiten dute beste kariotze batzu izanen direla oraino baizik-eta obra handi asko badirela egitekoak. Estakuru ederra hori ere, bestalde jakinaren gainean delako etxe horiek zernahi sos irabazten dutela! Horiek hola, etxe horiek berek, begietako zikinaren gatik edo nik dakita zer, beren moldean nahi ukan dute erakutsi ez direla baitezpada diru gose amikatu batzu. Apirilaren lehenetik goiti, prezioa apalduko dute hilabetean hamar aldiz bederen autobidez joan-jin bera egiten duten autozainentzat. %30-eko merkatzea hitzemaiten dute...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3485. zbk

Jendea aberasten da ongia eginez

Mahomet

Gure Hitza | 2019/02/07

Santibate

Janbattitt Dirassar

Santibate hitz hori ez dute arrotza ukaiten ahal gure ihauterietako berri guti aski bederen badakiten guziek. Garazi alde hortan bereziki. Ihauteriak ekartzen du Santibate lehenik eta Libertimendua ondotik. Lehena neguaren despeitzeko bezala, nahiz negua berantxago ere izaiten ahal den oraino. Santibate dena zirtzilkeria beraz, zirtzilak errege izanki alabainan... Bigarrena, Libertimendua, udaberriaren agurtzeko bezala edo bederen erakusteko berantetsia dugula... Besta airos eta koloretsua... Egia erran, zirtzilkeria gutiagorekin bada ere, Santibate ospatzen ahal da nun nahi, izen hortako kantua entzunaraziz. Etxez etxe eske ibiliz berdin. Eskelariak Santibatek igortzen zituen xingarketa. Kantuak dion bezala, "ez zabiltzan ederrez ez eta ere beharrez, gostuma xaharraren ustez errreproxu beldurrez". Lehen ere, eske zabiltzanak mozorrotuak izaiten ziren, untsalaz nehork ez ezagutzeko gisan... Etxeko anderearentzat bazituzten konplimendu pollitak, bere bihotz ona erakusten bazuen, eras...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016