Hegoaldean | 2019ko Otsailaren 07a

Hegoaldean

Eneko Atxa saria eskuratzen
Eneko%20Atxa%20saria%20eskuratzen

Energia berriztagarriak

Euskadiko eguzki-parkerik handiena eraikiko dute Arabako Arasur industrialdean eta urte hondarrean martxan ezarria izanen da, oraingo ustez. Azpiegiturak 67 000 eguzki-panel izanen ditu. Orenean 40 000 megawatt ekoitziko ditu urtean, erran nahi baita 15 000 familien beharrei erantzuteko gai izanen dela, nonbait han. “Ekian” izendatu duten proiektu hori Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Mondragon Korporazioko partaide den Krean talde pribatuak sustatu dute. Lankidetza publiko-pribatuak sortu du Ekian, eta sail ezberdinetako enpresa talde bat erakarri du. Orotara, 24 milioi euroko ekarpena eginen dute, parkea eraiki eta plantan ezartzeko. Proiektu aitzindaria da, enpresak potentziako zati bateko jabe izanen baitira. Eguzki-parke fotovoltaikoa 55 hektareako lur eremu batean kokatua izanen da, Arsur industrialdean. Lanak martxoan hasiko dira, eta larrazkenean azpiegitura sarera konektatuko dute proba fasea hasteko. Urte hondarrean gaitasun osoarekin energia ekoizten hasteko esperantza dute Ekianen sortzaileek.

Eneko Atxa sariztatua

Eneko Atxak eskuratu du urteko sukaldari hoberenaren saria, Madrid Fusion topaketan, sukaldaritzan duen ibilbidearengatik, baina ere ingurumenaren eta ekoizle artisauen alde egiten duen lanarengatik. Dituen jatetxe guzien artean, bortz Michelin izar baditu bilduak Eneko Atxak. Gainera, Larrabetzuko Azurmendi bere jatetxea munduko iraunkorrena izendatu dute. Halaber, “The Best Farmers” sarea aurkeztu du Atxak Madrid Fusionen, munduko ekoizle artisau hoberenak eta goi sukaldaritza harremanetan ezarri nahi duen sarea, kontsumitzailearen onetan. Atxa aspalditik ari da lekuko ekoizleekin lanean, desagertzeko bidean diren espezieak berreskuratzeko, eta erran du nahiko lukeela bere bezeroek eta lankideek sukaldariei erakusten dieten esker ona eta maitasuna ekoizleengana ere heltzea.

Garak Eginen zorrak pagatu behar

Urtarrilaren 30ean bete dira 20 urte Gara egunkaria sortu zela, urte bat lehenago Baltasar Garzon epaileak hetsarazi zuen Egin egunkariak utzi hutsunea betetzeko. Garai hartan Eginek gizarte segurantzarekin 4,7 milioiko zorra bazuen, ordea, eta bortz urte berantago, auzitegiak Gararen bizkar utzi zuen zor haren pagatzea, “enpresen arteko ondorengotza ideologikoa” zelako estakuruan. 2009an Auzitegi Gorenak legez kontrakotzat hartu zuen Egin hetsi izana, baina hala ere, ez zuen Gara zorra pagatzetik libratu. Hogeigarren urtemugaren karietara, Iñaki Soto zuzendariak prentsaurrekoa eman du Gizarte Segurantzarekin finkatu hitzarmenaren berri emateko. Sei hilabete guziez milioi erdiko ordainketak egin beharko dituzte. Beraz, hiru milioitik gorako diru zama eman beharko dute, orotara. Diru kopuru hori urte osoan langileek hunkitzen dituzten soldatak baino handiagoa dela azpimarratu du zuzendariak. Jasan duten kolpe gogorra dela eta, sustengua galdegin die Iñaki Sotok erakundeei eta gizarteari. Helburu horrekin, elkarrizketak abiatu dituzte eragileekin eta gogoeta prozesu bat ere hasi dute.

Irungo tren geltokia

Nazioarteko tren geltoki berriaren aitzin-proiektua aurkeztu dio Adif erakundeak (burdinbideak kudeatzen ditu honek) Irungo Udalari. Geltoki berriaren oinarrizko egitasmoa eta azpiegitura eraikitzeko proiektuak kontratazio fasean daude mementoan. Orotara, 30 milioi euro, nonbait han, inbertituko ditu Adifek: 23 milioi geltokian, eta bertze 7 milioi ingurunea egokitzeko. Irungo geltoki berria abiadura handiko trena hartzeko prest izanen da. Trenbidearen, bai eta ere hirigintzaren eskakizunak kontutan hartuko ditu geltokiak. Gisa horretan, orain arte barreiaturik dauden eraikin ezberdinak elkartu eta mugako herriaren auzoak bilduko ditu, gaur egungo azpiegiturak zatitzen baititu. Adifen arabera, hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu geltokiak, trenbideak sortu zuen haustura konponduz. Halaber, komunikazioak hobetuko ditu, eta teknologia parke berriarekin konexioa izanen du.

Irakaskuntza

Eusko Jaurlaritzak giza eskubideetan hezteko programa berria plantan ezarri du. Programa horri esker, Batxilergoko (Ipar Euskal Herriko eta Frantziako terminala), Lan Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek gerlak eta indarkeria ekintza larriek markatu dituzten Europako hiriak bisitatzeko parada izanen dute. Lehenbiziko ateraldiak Auschwitzeko kontzentrazio eremura (Polonia) eta Belfastera (Ipar Irlanda) eginen dituzte, heldu den ekainean eta uztailean, eta 60 ikaslek parte hartuko dute. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio idazkari nagusiaren arabera, hiri horiek bisitatuz, gazteek etikari eta giza eskubideei buruz ikastea da programaren helburua. Aurten 60 ikaslek parte hartzen ahalko dute bidaia horietan, baina ondoko urteetan kopuru hori emendatzen ikusi nahi luke Jaurlaritzak. Haatik, bidaia horietan parte hartzeko, ikasleek lan batzuk aurkeztu beharko dituzte. Batxilergoko ikasleek taldeka, giza eskubideei buruzko bideo bat landu beharko dute. Lan Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek, berriz, bakarka parte hartuko dute eta idatzizko lanak egin beharko dituzte.

Euskal presoak

Asier Aginako Etxenagusia presoa libratu dute joan den ostegunean, eri handi delako, haren abokatuek egin galdea Auzitegi Nazionalak onartu ondoan. Auzitegiaren ebazpenak dio presoaren osagarri egoera ikusirik, honek mediku-artak baldintzarik hoberenetan eta beharrezko bermeekin ukaiteko eskubidea duela. Etxerat, euskal preso eta iheslari politikoen sustengu elkarteak adierazi du Asier Aginakoren libratzeak lasaitu dituela. Elkarteak parada baliatu du eritasun larriak dituzten presoen egoera berriz mahai gainean ezartzeko. Halaber, oroitarazi dute 21 preso daudela gaur egun eritasun larri eta sendaezinekin.

Maravillas gaztetxea

Nafarroako presidente Uxue Barkos Parlamentuan izan da Rozalejo jauregian plantatua zen Maravillas gaztetxearen hesteaz azalpenak emateko. Barkosen arabera, Maravillas gaztetxearen hesteko arrazoia segurtasuna izan zen, bai eraikinarena, bai eta ere inguruko etxebizitzena, eta barnean bizi ziren lagunena ere, bistan da. Presidenteak argi utzi du Rozalejo Markesaren Jauregiaren segurtasuna “arrisku bizian” zegoela, eta horregatik erabaki zutela Foruzaingoak eta teknikariek eraikinean sartzea. Uxue Barkosek deitoratu du gaztetxeko kideen jarrera, haiekin mintzatzea ezinezkoa dela azpimarratuz.

Nafarroako Torturatuen Sarea

Joan den larunbatean aurkeztu dute Nafarroako Torturatuen Sarea, torturen biktima izan diren 55 lagunek. Taldearen bozeramaile bezala mintzatu den Oihan Ataunek erran du Sarearen helburua dela Nafarroako Gobernuari torturei buruzko ikerketa abia dezan eskatzea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jadanik egina izan den bezala. Oihan Ataunek exijitu du azken hamarkadetan Nafarroan torturak izan duen eragina argitzeko ikerketa ofiziala, profesionala eta independentea egitea. Haatik, kezka agertu du, auzitegiek ikerketa hori egitea debekatu baitute Nafarroan, Hegoaldeko bertze lurraldeetan ez bezala. Horregatik, haien esku dagoen guzia eginen dutela azaldu du Ataunek. Bi deialdi egin dituzte: alde batetik, torturak jasan dituztenei sarera bil daitezen galdegin die. Bestalde, gizarteari sustengua eskatu dio, eta taldeak antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Nafarroako Torturaren Sareak bere aurkezpen ekitaldia baliatu du oroitarazteko 1 000 nafar baino gehiago torturatu izan dituztela poliziek, eta lagun bat hil: Mikel Zabalza. Halaber, gogora ekarri dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hiru aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel eta Xabier Beortegiren kasuak dira hauek.

Arabako Bertsolari Txapelketa

Otsailaren 9an ospatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren lehen final laurdena, Araian. Orotara, 18 bertsolari lehiatuko dira aurtengo edizioan. Hauen artean daude 2017ko finalean parte hartu zuten bost kide. Finala martxoaren 30ean jokatuko da, Gasteizko Principal antzokian.

Txillardegiren Klika

Korrika hurbiltzen ari zaigu. Klika izanen da aurtengo leloa, eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omenduko du 2019ko edizioak. Karia horretara, Txillardegiren Klika izeneko dokumentala ekoitzi dute Jakinek, EHUk eta AEK-k. Euskara batuak 50 urte bete dituen honetan, haren sustatzaile nagusietako bat gogora ekarri nahi izan dute horrela. Otsailaren 9an estreinatuko du dokumentala AEK-k eta ETB1ek biharamunean zabalduko du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3485. zbk

Jendea aberasten da ongia eginez

Mahomet

Gure Hitza | 2019/02/07

Santibate

Janbattitt Dirassar

Santibate hitz hori ez dute arrotza ukaiten ahal gure ihauterietako berri guti aski bederen badakiten guziek. Garazi alde hortan bereziki. Ihauteriak ekartzen du Santibate lehenik eta Libertimendua ondotik. Lehena neguaren despeitzeko bezala, nahiz negua berantxago ere izaiten ahal den oraino. Santibate dena zirtzilkeria beraz, zirtzilak errege izanki alabainan... Bigarrena, Libertimendua, udaberriaren agurtzeko bezala edo bederen erakusteko berantetsia dugula... Besta airos eta koloretsua... Egia erran, zirtzilkeria gutiagorekin bada ere, Santibate ospatzen ahal da nun nahi, izen hortako kantua entzunaraziz. Etxez etxe eske ibiliz berdin. Eskelariak Santibatek igortzen zituen xingarketa. Kantuak dion bezala, "ez zabiltzan ederrez ez eta ere beharrez, gostuma xaharraren ustez errreproxu beldurrez". Lehen ere, eske zabiltzanak mozorrotuak izaiten ziren, untsalaz nehork ez ezagutzeko gisan... Etxeko anderearentzat bazituzten konplimendu pollitak, bere bihotz ona erakusten bazuen, eras...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016