Kostaldean | 2019ko Otsailaren 07a

Kostaldean

Donibaneko hartzak ere egiten du gaitzeko itzulia!
Donibaneko%20hartzak%20ere%20egiten%20du%20gaitzeko%20itzulia!

Antzerki eta kantu

Donibane Lohizunen, hiru egunez segidan, ortziraletik iganderat, otsailak 8, 9 eta 10, Rivage antzerki taldeak nahi ditu bazterrak harrotu. Akulatu duen ikerketa baten ondotik eta lekukotasun asko bildurik bereziki gazteen artean. Lan horren emaitzak agertuko ditu larunbatean, aratsaldeko 5-etan, Ravel entzutegian. Izanen da ere irakurketa, antzerkitxo eta dantza. Bezperan, ortziralean beraz, aratseko 7-etan, toki berean, antzerki bat, "A la renverse". Igandean, aratsaldeko 5-etan, beste antzerki bat, "Maelstrom", Ravel lizeo aitzinean emanen dena eguraldia pollita izanez, bestenaz Ravel entzutegian.

Erakusketa bat, bi artixta

Hendaian, otsailaren 16-a arte, erakusketa berezi bat bada Mendi Zolan. Bi artixta elgarretaratzen ditu erakusketa horrek, bi emazte, biak jeinutsuak bainan ez dutena batere jite bera. Alde batetik, Camille Perrottet, Hendaian bizi dena bainan egonaldi frango eginez Ipar-Ameriketan. Bestetik Berthe Aguerre, Hendaian sortua eta beti hor egona. Lehenak gai mota frango lantzen du, biziki ezagutua da murru pareta apaintzale bezala. Anitz bermatzen da ere ingurumenaren onetan bai eta emazteen eskubideak gogoan. Bigarrena aise pausatuagoa da. Biziki maite ditu loreak eta itsasoa, Bere obretan ere agertzen da hori.

Errextasun gehiago

Gure Kostaldean ere, denetan bezala, jendeak, lanerat edo norat nahi joaiteko, gutiago hartzen balu bere autoa eta gehiago autobusa - edo treina berdin - ez litakea denentzat hobe? Aspaldiko arrangura hori ere... Donibane Lohizunen gisa hortako deia berriz zabaldu dute abertzale hautetsi batzuk, bilkura bat muntaturik Altura auzoaldean, autobusa gelditzen den toki batean. Urrats batzu egin direla, hori nehork ez du ukatzen ahal, Hegobus sarea hor da lekuko, bainan gertatzen dena da oro har, hor berean eta bestalde, eskainiak diren errextasunak ez direla baitezpada hain egokiak, tenoreak ez beti hain asurtiak besteak beste... Errextasun gehiago behar litakeela eta asurtiagoak, hori azpimarratua izan da. Gutienez, funtsezko ikerketa batzu behar litazke naski akulatu ikusteko nun zer aitzinamendu izaiten ahal litakeen. Beste galde bat, gai berari lotua: autobus zerbitzu batzu ez litazkeenez urririk segurtatuak izaiten ahal, hiri zonbaitetan ja erabakia izan den bezala.

Laguntza gutiago

Hendaian, herriko kontseiluak aztertu ditu aurtengo norabide nagusiak eta hori arras giro lasai batean. Aipatuz besteak beste hondartzaren bazterreko etorbide hortako obrak (hirugarren eta azken zatia). Kotte Ecenarro auzapezaren oharpen bat: gisa hartako ikerketa bat eginik, jakin da oro har, jendetza arau, Hendaiak gobernuaren aldetik hunkitzen dituen diru laguntzak ttipiagoak direla hein bertsuko beste hiri batzuk altxatzen dituztenen aldean. Prefetari galdatu dute zerk egiten duen hori. Ikusi behar beraz zer ihardetsia izanen den galde horri...

Akelarre eta ihauteria

Hendaian ere ihauteria ari dute prestatzen. Egia erran, badute oraino epe pollita besta eder baten muntatzeko, ihauteria martxoaren 9-an izanen baita. Haatik, Akelarre elkartea doi bat kezkatua dago. Oroitarazten du Hendaiako ihauteria berpiztu zela duela berrogoi urte bainan azken urte horietan motteldu dela. Haurrak mozorrotzen dira, gazte batzu ere ba. Jende helduak aise gutiago. Dei bat zabaldua da beraz jaz eta horietan baino parte hartze handiagoa izan dadien, adin guzietako jendeak partaide.

Hartza iratzartzen delarik

Ihauteriako bestak hasiak dira. Donibane Lohizunen larunbatean dute, otsailak 9, Hartzaren Eguna. Horrek erran nahi du hartza iratzartua izanen dela. Ezen negu guzia lo egoiten da bainan lotarik ere senditzen ahal du negua buruz beheiti doala eta orduan da beraz iratzartzen. Ohidura hori ez da bakarrik Donibanekoa, beste herri frangotan ere ezagutua da eta Donibanen baino aise lehenago hain segur... Denboran, hartza menditarra izan behar zen alabainan, gero baserritartu zen eta azkenean hiritartu ere. Hots, gaurko egunean Baionako karriketan ere ikusten ahal da. Kostaldean gisa guziz ihauteria arrapiztearekin da hartza gero eta gehiago atrebitu norat nahi agertzerat. Usaia bera edo bertsuak badira – edo baziren, asko tokitan galdu baitira – Pirinio mendilerro guziaren hegiz-hegi. Bainan ere Europako eskualde desberdin frangotan, gehienik mendialdeko herrietan. Lekuka, hartzak badu itxura berezi bat. Gisa hortan izaiten ahal da ardi baten buruarekin. Edo adarduna berdin, egiazko hartzak ez duelarik adarrik. Gure herrietan, ardura joaldunak baditu ondotik. Betiko errana da funtsean joaldunek dutela iratzarrarazten. Nahiz joaldunak hor diren ere udaberriaren agurtzeko bai eta izpiritu gaixtoen haizatzeko. Ikerlari batzu ohartuak dira gure joaldunen eite handiko batzu badirela Europaren beste puntan, bereziki Bulgariako mendialde batean. Laster eta laster: hartzak bere tokia badauka beraz, eta ez hain ttipia, gure ihauterietan. Horiek hola, Pirinio mendilerroaren haindiko puntan, Vallespir deitzen den herri multxo batean, toki handiagoa ere hartzen du. Hango hiru herritan gehienik. Han gaindi uste dute hartza beti egun berean iratzartzen dela, otsailaren 2-an, Ganderailu egunean. Gaitzeko besta egiten diote keinka hartan, "Festa de l'os" deitzen dutena, hartzaren besta beraz, edo "Dia dels osses", hartzen eguna. Herri bakoitxak bere gisarat. Batean, gizon guziek hartzen dute hartz baten itxura, gisa hartako jauntziekin, eta lasterka ibiltzen dira neska eta emazte guzien ondotik. Gaitzeko omore onean bixtan da. Beste herri batean, hartz bat baizik ez da, herritik urruntxago gordetzen dena. Jendea joaiten zaio ondotik, atxemaiten dutelarik untsa estekatua ekartzen dute herriko plazarat. Han aditzen ditu ederrak. Bainan beti nolazpait eskapatzen da eta berriz denak lasterka gaixo hartza atxeman beharrez... Donibanen ez da holakorik bainan besta alegera egiten da halere, Begiraleak elkartea ere partaide kartsu, Hiriburu bere dantzari bereziekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3485. zbk

Jendea aberasten da ongia eginez

Mahomet

Gure Hitza | 2019/02/07

Santibate

Janbattitt Dirassar

Santibate hitz hori ez dute arrotza ukaiten ahal gure ihauterietako berri guti aski bederen badakiten guziek. Garazi alde hortan bereziki. Ihauteriak ekartzen du Santibate lehenik eta Libertimendua ondotik. Lehena neguaren despeitzeko bezala, nahiz negua berantxago ere izaiten ahal den oraino. Santibate dena zirtzilkeria beraz, zirtzilak errege izanki alabainan... Bigarrena, Libertimendua, udaberriaren agurtzeko bezala edo bederen erakusteko berantetsia dugula... Besta airos eta koloretsua... Egia erran, zirtzilkeria gutiagorekin bada ere, Santibate ospatzen ahal da nun nahi, izen hortako kantua entzunaraziz. Etxez etxe eske ibiliz berdin. Eskelariak Santibatek igortzen zituen xingarketa. Kantuak dion bezala, "ez zabiltzan ederrez ez eta ere beharrez, gostuma xaharraren ustez errreproxu beldurrez". Lehen ere, eske zabiltzanak mozorrotuak izaiten ziren, untsalaz nehork ez ezagutzeko gisan... Etxeko anderearentzat bazituzten konplimendu pollitak, bere bihotz ona erakusten bazuen, eras...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016