Egun eta bihar | 2019ko Otsailaren 14a

Egun eta Bihar

J-B D

Eskuindarren arrangurak

Errepublikano izena hartua duten eskuindarrek - iduri-eta besteak ez diren errepublikaren aldekoak - arrangura handiak badituzte Europa-maileko hauteskundeak hurbiltzearekin. Segur beren zerrenda ari dute muntatzen bainan lehen sondaien arabera lanak ukanen ditu bozen %10-erat ezin helduz. Nahiz bozak hiru hilabeteren buruan diren eta arte huntan gauza frango kanbiatzen ahal den... Alta, president-bozak izan zirelarik – ez hain aspaldi beraz – alderdia azkar zen oraino eta ainitzek uste zuten François Fillon bere hautagaiak partida irabazten ahal zuela... Dena den, alderdia ahuldua dago eta beren artean badute eztabada frango. Politikari ezagutu zonbait, ezagutuenetarik hain xuxen, hala nola Alain Juppé eta Jean-Pierre Raffarin gobernuburu ohiak, alderditik ateratuak dira. Beste zonbait untsa ixil egoki, beren hura gogoan. Laurent Wauquiez hautetsia izana da alderdiburu bainan frangok sobera eskuindarra daukate. Gainerat, ez du iduri alderdiaren hobeki batetaratzeko gai dela. Horiek hola, maiatzeko hauteskundeetan zerrendaburu ukanen dute François-Xavier Bellamy. Hunek 33 urte ditu, ofizioz erakaslea da, bestalde Versailles hirian auzapezaren axudantetarik. Egina izan den hautua alderdian berean ere ez da denen gustukoa. Batzuk sobera eskuindarra kausitzen dute, sobera Laurent Wauquiez burulehenaren idurikoa. Beste batzuk gazteegia eta ez aski ezagutua zerrendaren buru izaiteko. Beste batzuk diote haatik gazte izaiteak baduela zerbait onik ere, alderdia berritzen ari delako seinale. Eta parada hauta baduela preseski bozen karietarat bere buruaren hobeki ezagutarazteko. Ikusi behar gauzak nola itzulikatuko diren ondoko egunetan.

Balentria hitsa

Richard Ferrand legebiltzarburuak badu etxe bat Bretainiako herri ttipi batean, bera ere eskualde hartakoa da. Joanden egunean, norbaitek etxe horri su eman dio. Sutea ez da hanbat hedatu bainan makur frango bada halere. Auzoko norbait da suari ohartu eta harek deitu ditu suhiltzaileak eta jendarmeak. Su baten hola piztea, untsa balentria hitsa hori ere.

Haustura bat?

Deputatuek lege berri bat bozkatu dute bortizkeriari emanak direnentzat larderia gehiagoren erakustea gatik. Lege bat ez dena denen gustukoa, lege horren estakuruan larderia soberakinerat ere aise lerra ditakeela. Gobernua gisa hartakoa izanez behin. Denen buru, macrontiar deputatuetan berrogoita-hamar izan dira lege hori ez dutenak bozkatu, nahiz ez diren ere kontra agertu. Bestalde, macrontiar deputatu bat, Matthieu Orphelin, alderdi hortarik kanpo joan da, ez ados gobernuak deraman sailarekin, bereziki ingurumena hunkitzen duten gaietan. Ba ote da beraz halako haustura bat macrontiar hautetsien artean? Batzuk diote baietz, beste frangok daukate ez girela oraino segurik hortan... Geroak erranen du hori ere... Hainbestenarekin, horra beste kargu uzte bat: gobernuburuaren aldean segurtasun zerbitzuaren buru zenak bere kargua utzi du, Alexandre Benalla delakoaren ondoan sobera ikusia izanik gizon atrebitu hori Eliseo jauregitik kanporatua izan ondoan ere.

Hiru hilabete

Jarriak gira horri ere bainan ez dea halere arras gogoetagarri? Badu orai hiru hilabete larunbat guziz manifestaldi pizkorrak badirela hor gaindi, Horiz Jauntzi delakoak beti berdin tematsu eta beti ba bazter nahasle batzu heien arterat sartzen direnak. Joan den larunbatean ere, manifestaldi gehienak untsa bururatu dira bainan ez denak haatik. Parisen, Bordelen eta beste zonbait hiritan, izan dira berriz ere zalaparta batzu. Auto erretze eta gaineratiko. Parisen, gizon bat esku batean handizki kolpatua. Urruntxago, poliza-gizon bat zango batean zauritua... Denbora berean, denak elgarri josiak horiek denak, kontsulta handia badoa aitzina... Bost mila bilkura jadanik eginak eta beste hainbeste egitekoak omen... Aste guziz, Macron presidenta bera ere ikusten da han edo hemen, arrunt aferatua. Joan den aldi batez, mila gazte bilduak zauden barne handi batean zen. Heiekin egon da zonbait oren, polliki eta abilki lausengatzen zituela. Beretzat bozketa ibilki balitz bezala. Holako kontsulta izanki-eta besterik igurikatzen ahal zen. Bainan nork daki, zerbait ondorio on izanen da beharbada, bihar, etzi edo noizbait azkenean...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016