Hegoaldean | 2019ko Otsailaren 14a

Hegoaldean

Hegoaldean

Aberri Eguna

Aberri Eguna hurbiltzen ari dela eta, Independentistak Sareak jakinarazi du aurtengo Aberri Egunean ez duela inolako ekitaldirik edo manifestaziorik antolatuko, eta 2020an euskal abertzale guziak bilduko dituen ekimen bateratu bat deitu ahal izateko lanean ari dela jada. Azken bederatzi urteetan ekitaldi asko antolatu dituzte Aberri Egunean, abertzale guziak batzeko asmoz, baina EH Bilduren eta LAB sindikatuaren babesa baizik ez dute lortu orain arte. "Duela hamar urte ezarri genuen helburua ez dugu lortu eta jende askok gure Aberri Eguna ezker independentistaren Aberri Egunarekin lotu du", adierazi du Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak.

Gure Esku Dagok "etapa berri bat" hasiko

Gure Esku Dago elkarteak etapa berri bat hasiko duela adierazi du. Fase berri horri buruzko azalpenak martxoaren 31n emanen ditu Bilboko Euskalduna Jauregian eginen duen ekitaldi batean. Ekitaldi hori urrats berriak egiteko abiapuntua izanen dela jakinarazi du elkarteak. Bost urteko zikloaren bilduma egin du; 2014az geroztik Euskal Herriko 208 udalerritan antolatutako galdeketek “etorkizuna irudikatzeko aukera eman digute, zer nahi dugun eta nola erabaki nahi dugun jabetzeko”.

Urtegiak kasik beteak

Euskal Autonomia Erkidegoko urtegiak beren edukieraren %86,5ean daude beteak. Duela urtebete ur gutiago zuten, %82,9 baitzuten betea. Berri ona eta ur eskasiaren beldurrik ez da beraz dagoeneko.

Langabezia

Euskal Autonomia Erkidegoko lan zerbitzu publikoko bulegoen datuen arabera, langabezia emendatu da urtarrilean. Abenduan baino 1.076 langabetu gehiago kontatu dituzte. Guzira, 120.750 langabe direnak daude Erkidegoan, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakinarazi duenez. Halere 2018ko urtarrileko datuekin alderatuta, 7.576 langabe gutiago kontatu dituzte. Beraz, urtetik urterako kopurua %5,90 jaitsi da.

Goya sarietan: euskal zinema saristatua

Sevillan ospatu den Goya sarien 33. edizioak saristatuen artean, zuzendari berri onenaren saria, Carmen y Lola filmaren zuzendariak, Arantxa Echevarria bilbotarrak, irabazi du. Un día más con vida film zuzendari nafarrek, Raul de la Fuente eta Amaia Ramirezek, animazio onenaren saria eskuratu dute. Josu Inchautegi bizkaitarrak argazkilaritza onenaren saria irabazi du La sombra de la ley filmarentzat eta Clara Bilbaok jantzien diseinu onenaren Goya saria eskuratu du.

656 udaleri eskatu diete frankismoaren aztarnak beren kaleetatik kentzeko

Espainiako Justizia Ministerioak espazio publikoetan gelditzen diren frankismoaren aztarnak kentzeko eskatu die 656 udaleri. Guzira, 1.171 karrikek eta plazek dute oraindik frankismoaren pertsona ospetsu baten izena. Halaber, Guda Zibilean eta diktaduran frankismoa goresteko ezarri ziren ikurrak kentzeko eskatu die autonomia- erkidegoei ere.

Martxoaren 8a: emazteen greba

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek 24 orduko grebara deitu dituzte, martxoaren 8an, Euskal Herriko emazte guziak. Deialdia Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin du, emazteek 24 orduz etxean ala lantokietan greba egin dezaten, eta lanean emazteek jasaiten duten diskriminazioa eta prekarietatea, eta etxean "dohainik" egiten duten "zaintza lanaren balioa" agerian uzteko.

“La manada”ko kondenatuak beti aske

“La Manada” taldeko bost kideek aske jarraituko dute behin-behinean, Nafarroako Auzitegiak akusazioek aurkeztutako helegiteak atzera bota ondoan. Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela-zigorra ezarri zien 2016ko Sanferminetako bortxaketaren bost egileei, sexu-abusuen delituagatik. Urtarrilean Nafarroako Auzitegiak “La Manada”ko bost kideak ez espetxeratzea erabaki ondoan Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak erabakiaren kontrako deia egina zuten. Fiskaltzak bat egin zuen akusazioekin. Erabakiak haserre samina piztu zuen herritar eta emazteen artean, zenbaitentzat hain gogorra den auzitegiak beste zenbaitentzat aldiz “jasangarriagoa” izanez. Epaileak beste behin, zatituta agertu dira. Hiruetarik bik babestu dute bost kondenatuek aske jarraitzea eta besteak, espetxeratzea eskatu du.

Pilota: Aimar Olaizola zauritua

Aimar Olaizola lau hilabetez egonen da jokatu gabe, izterreko tendoia hautsia izanez. Goizuetako 39 urteko pilotariarentzat berri oso txarra izan da zauritua dela eta, lehiaketatik kanpo geldituko baita. Bere lekua Axier Arteagak hartu du. Olaizola, Jon Ander Albisurekin batera, Binakako Txapelketaren faboritoetan kokatzen zuten adituek. Urrutikoetxeak ere arazoak baditu, ezkerreko eskua minbera izanez eta aldi bat gehiago bere lekua utzi eta, ez du jokatuko.

CAF: Bilboko Metroan, Renfen eta Saudi Arabian

Beasaingo CAF konpainiak Euskadiko, Espainiar Estatuko eta Saudi Arabiako hainbat trenen mantentze lanak egiteko kontratuak sinatu berri ditu. 240 milioi euroko lanak, euskal enpresak jakinarazi duenez. Gaur egun mantentze lanetarako 50 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu 13 herrialdetan. 6.200 trenen mantentze lanak egiten ari dira, eta 2.300 langile baino gehiago arduratzen dira horretaz.

Iratxe Sorzabal eta David Pla: Pariseko auzitegiaren kondena

Frantziako Justiziak Iratxe Sorzabali zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri dio, eta bost urteko espetxezigorra David Plari. Espainiako Gobernuarekin negoziatzen entseatu zen ETAko ordezkaritzaren kideak izan ziren biak, 2011n borroka armatua behin betiko utzi ondoan. Pariseko auzitegiak Sorzabali hamabi delitu leporatu dizkio, eta Plari sei. 2015eko irailaren 22an atxilotu zituzten Baigorriko landetxe batean. Ramon Sagarzazu talde politikoko buruzagi ohiarekin hitzordua zuten bertan. Hasiera batean, Sagarzazu bera ere atxilotu zuten, baina gero aske utzi eta auzia artxibatua izan zen. Zigor guziak bete ondoren, Sorzabal Frantziatik kanporatzeko agindua eman du epaimahaiak.

Heriotza: Jon Lopategi bertsularia

Jon Lopategi bertsularia hil da 84 urterekin. 1934ko martxoaren 4an Muxikan sortua zen “Baltza” ezizenez ezaguna zena. Filosofia ikasketak egin zituen gaztetan eta heldutan irakasle ikasketak ere egin zituen. Frankismoko garai ilunenetan hasi zen bertsutan, plazazplaza. Jon Azpillagarekin batera bertsu bikote ezaguna osatu zuen. Txapelketei dagokienez, Bizkaikoa lau aldiz irabazi zuen (1962, 1964, 1966 eta 1987), Txapelketa Nagusia beste behin eta bertsu eskoletako irakasle ere izan zen.

“Inoiz ez dugu Kataluniako autodeterminazioa onartuko”

Kataluniako independentistek Espainiako Gobernuak proposatutako elkarrizketa markoa errefusatu dutela erran du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Alderdien mahaia eta ikuskari baten eskuhartzea proposatzen zuen Gobernuak. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek "legearen eta konstituzioaren barneko elkarrizketaren bidea" defendatu du, erranez inoiz ez dutela Kataluniako autodeterminazioa onartuko. Barakaldon egin ekitaldian, autodeterminazioa konstituzioaren kontrakoa dela erran du, eta horregatik "ez dugu inoiz onartuko". Sanchezentzat eztabaida ez da “independentzia bai ala ez”, baizik eta “elkar-bizitza bai ala bai”. Madrilgo gobernuak Kataluniaren egoerari buruz elkarrizketa abiatu nahi izateak, sekulako ekaitz politikoa piztu du eskuineko alderdien lerroetan. Igandean manifestazio Herraldoia antolatu dute PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek, gobernu buruaren “traizioa” salatzeko. Bestalde elkarrizketaren mahaian, “errelatore” edo “ikuskari” bezala Urkullu lehendakariari dei egiteak ere haserre gorria piztu du eskuineko alderdietan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3486. zbk

Bizitzen ikasi orduko bizia han harat joana duzu

Louis Aragon

Gure Hitza | 2019/02/14

Pertsona batzuen joaiteak oroitzapenak ekartzen

Menane Oxandabaratz

Joan den astean jakin da Peio Erramouspe Baigorriar semea hil zela. Hori entzutean etorri zaizkit oroitzapen batzuk. Irulegiko Irratia sortu zelarik 1981eko urte hondarrean, Peiok Irulegin zuen Menta etxean, parte bat prestatu zuen zuzenean irratia hedatzeko. Gogoan dut behar zela bere etxean sartu eta gainean irratiak bazuela gela ttipi bat nun estudio bat muntatua izan zen. Oroitzen naiz ere Pirinioetako zakur zuri handi horietarik bat bazuela eta beldurtzen nintzela zakurrak ausikitzea! Beti hitz goxo bat bazuen guri ongi etorria egiteko eta artetan kafeño bat ere eskaintzen zaukula. Gero Irulegiko Irratiak leku gehiago hartu zuen eta estudio handiagoak plantatu nahian bere arditegiko xoko bat eman zaukun han plantatzeko.

Orduetan hurbildu ginen batzuk ez ginakien ere zer zen xuxen irrati bat, nola ibiltzen zen, zer berri mota zabaldu behar zen eta noraino entzuna zen... Beharrik beste batzuk esperientzia eta gogoeta hobeak eginak zituzten afera ongi ibil zadin. Mittera...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016