Azalekoa | 2019ko Martxoaren 14a

Jon Itçaina kantaria : “Chorinho ibiltaria”, Brasil eta Euskal Herriaren arteko zubi

P.J.

Jon Itçaina kantaria
Jon%20ItAaina%20kantaria

Ez da hain aspaldi kantagintzan abiatua dela Jon Itçaina itsasuarra. Bainan jadanik talendu pollitarekin bide egiten ari du, orain arte Euskal Herrian jorratua izan ez den ildo bat urratuz.

Ez da hain aspaldi kantagintzan abiatua dela Jon Itçaina itsasuarra. Bainan jadanik talendu pollitarekin bide egiten ari du, orain arte Euskal Herrian jorratua izan ez den ildo bat urratuz. Berrikitan entzun dugu Itsasun kontzertu batean bere musikariekin, Madagaskarren aldeko gaualdi batean, eta xoratu gaitu. Haren ikustera joan gira, esplika gaitzan nolako bidea eramaten ari duen.

Lehen urratsak

2016an zuen funski abiatu bere kantari ibilbidea Jonek: Euskal Kantu Xapelketan, “Ipuin bustia” kantua eman zuen, Joana bere arrebak idatzirik hitzak eta Gilberto Gil brasildar kantariaren aire batean musikaturik. Sari gorena eskuratu zuen kantu horrekin. Ttikitatik dantzari eta txistulari bazen ere, bere baitan zaukan kantuaren tirriari eman zion orduz geroztik bide, Les Frères Ingalls taldean segurtatuz gaualdi animatuak (Fred Dumont, Hervé eta Richard Pochelu musikariekin), eta ere bakarka han edo hemen agertuz, hala nola “Duhalde- Ducau-Errobi kantatuz” kantaldian Alduden. Haatik, kantagintzan egiazko urratsa eman du Edio Pessi da Rosa brasildar gitarristari juntatu delarik.

Brasilgo musikaz maitemindua

2006/2007 urteetan bi urteko kooperazio denboraldia bete zuen Jonek Brasilen, Volontariat de Solidarité Internationale erakundearen bitartez. Sao Paulo hirian aritu zen lanean sozial hezitzaile gisa, egoitzarik gabeko karrikako jendeekin, hondakinak biltzen zituzten trapuzaleekin bereziki kooperatiba bat muntatu zutela. Esperientzia bortitza bainan azkarra. Aldi berean hango musika ere zuen deskubritu, maitemintzeraino. “Brasildar musikan bada Europatik zerbait, Portugesen eraginez, eta aurkitu dut ere ‘gure’ zerbait, hemengo kantuekin halako lotura berezia” dauku erran Jonek, “herrikoitasuna eta aldi berean trebatasun handia”. 2008an Euskal Herrira itzuli zelarik, hori guzia bizirik zaukan bere baitan. Ekarri zuen ere handik portuges musika tresna bat, cavalquinho gitarra ttipiñoa. Tresna horrekin trebatu nahian, irakasle bat aurkitu zuen Miarritzeko “Danza y Musica sin Fronteras” elkartean, Brasildik duela 30 bat urte etorritako Edio Pessi da Rosa gitarrista maisua. Topaketa emankorra, hortik atera baita talde baten sortzea, Euskal Herria eta Brasil josiko dituena, bide berri bat horrela urratuz.

Chorinho ibiltaria

Brasilgo musika mota bat da “Chorinho”. Hitz horrek erran nahi du “negartxoa”. Musika instrumental hori oso herrikoia da han gaindi, maila handiko musikariek plazetan eta ostatuetan usutan ematen dutena, inprobisazioari toki handia utziz. Eta Jonek nahi izan du chorinho hori txistuarekin ere jo, emaitza arrunt pollita aurkituz. “Chorinho ibiltaria” ikusgarria da hortarik sortu, Brasildik Euskal Herrira “xoriño ibiltari” bat hegalka etorri zaigula. 2018ko irailean, Baionako Luna Negran lehen kontzertu oroigarria dute Jonek eta bere musikari lagunek eman. Jonek talendu handiko musikariak ditu inguruan bildu: Edio Pessi da Rosa gitarra joilea, hau maleruski geroztik aski larriki eritu dena; Mathieu Bordenave behaskandar gazteak du ordaindua; Patrick Calvet perkusionista, sortzez saratarra, gaur Hazparnen bizi dena; eta Christophe Just Kutx garaztarra, xirula eta txistu joilea; eta taldearen soinu-teknikalari gisa, Didier Teillagorry Baionako musika kontserbatorioko kudeatzailetarik dena. “Desafioa, ez da Brasilgo musika jotzea, ez gira hangoak, bainan hemengo musika ematea, hangoari nahasirik” dauku erran Jonek, “hango eta hemengo koloreak nahasiz”. Hiru kantu mota ditu taldeak eskaintzen: Brasilgo kantu batzuk, euskaratuak eta hemengo bizimoduari egokituak, itzulpenak izan gabe; euskal kantu zaharrak edo ere Xalbadorrenak; eta ere sorkuntza hutsak. Orotara 22 kantu mementoko, “Handik, urrunetik”, “Ipuin bustia”, “Bakea”, “Martin Koxe”, “Balearen kantua”, “Aitatxi” eta beste. Euskal kantagintza arrunt berezia den musika giroa zaigu gisa hortan proposatua. Funtsean, musika hori hurbilagotik jastatu nahiko duenari bi hitzordu zaizkio laster eskainiko: martxoaren 28an Donostian (19:00), Koldo Mitxelena kultur gelan, “Iparraldea bertan” ekimenaren karietara, eta martxoaren 30ean Etxalarren.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016