Herriz Herri - Arnegi (NB) | 2019ko Martxoaren 14a
LUZAIDE : Angel Aintziburu Kamino
Gizon umila zen Angel Aintziburu, alta sekulako jakitatea bazuen. 88 urtetan utzi gaitu. Joan den larunbat arratsaldean iragan dira haren ehorzketak, Luzaiden. Eta, zuzen den bezala, harek eraman duen saila goraipatua izan da. Ikertzaile nekaezina zen, idazlea, euskararen maitalea, bertsuzalea, kantuzalea, pilotazalea, dantzaria, Arnegi ta Luzaideko berriketaria ere urte luzetan, hala nola Irulegiko Irratiaren eta Herria astekari hunen kondu. Luzaideren histo- ria errotik ikerturik, 2002an lehen liburu bat agertu zuen, “Luzaiden gaindi” (Elkar), Janbattitt Etxarren Lohigorri adiskidearekin idatzi zuena, eta bigarren bat 2009an, “Luzaiden gaindi II” (Elkar), hori haatik bakarrik landua. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2014an. Xipri Arbelbide apezak kudeatu duen ehorzte elizkizuna “Agur Jaunak” ozen batekin ideki da. Elizaren bete jende bildu da, Angel adiskideari azken agur baten eskaintzeko. Elizkizun kartsua, kantatua, musikatua, bukaeran akordeoi doinuz entzuten ginituela Josanton Artzeren “Txoriak txori” eta Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean”. Familiakoen lekukotasunetik landa, bertsuak ere entzun dira, Txomin Ezponda, Mixel Xalbador eta Jean-Louis Lakak kantaturik. Hemen dituzue, beherago, hiruen bertsuak. Herria astekariko langile eta kolaboratzaile guzien partez, eskertuz bereziki Angelek urte luzetan gurekin berriketarigoan leialki bide eginik, haren familia guziari adierazi nahi diogu gure atxikimendurik zintzoena.
(Doinua: Amurizaren “Aita izena”)
Angel nik ere laguna naukan, bertsu munduan anaia
Euskal kulturan markatua du munduko bere pasaia
Beraren baitan beti sendi zen gauzak ongi egin naia
Hizketan ere hain zen trebea, lagun artean alaia
Gaur familia susta dezagun, izan dezaten kuraia,
izan dezaten kuraia.
Txomin Ezponda
Euskal kultura ohoratzeko izaiten da zonbait epel
Bainan, haatik, ez zinitugun halakotarik zu Angel
Norbait zinauzkan Mattin, Xalbador, baita Luzaideko Borddel
Zure joaiteak ez dezon egin pertsularitzari goibel
Pertsulariak giren guzien esker ona bekizu hel,
esker ona bekizu hel.
Mixel Xalbador
Elkarrizketak eta idatzi bi liburuak lekuko
Zure griña zen iragana ta geroa nola lotuko
Gaur hitz dauzugu, ahal duguno hortan gira bermatuko
Zuk maiz kantatu bertsu sail heiek goraki plazaratuko
Angel maitea, bizi guzian zutaz gira oroituko,
zutaz gira oroituko.
Jean-Louis Laka