Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2019ko Martxoaren 14a
Amikuze
Errugbi eskolako ate idekitze eguna Donapaleun martxoaren 16an ibiakoitzez
Egun hau 2006 eta 2012 artean sortuak diren mutiko eta neskeri idekia da, izan diten kirolari ala ez. Errugbia integrazio tresna bikaina izaiten ahal da balore unibertsalak transmitituz: errespetua, kuraia eta elkartasuna. Huna egun hortako egitaraua. Hitzordua goizeko 9.30etan emana da kirol zelaian. - 10:00/12:00: errugbiaren deskubritze saio lasaia, "Rugby#BienJoué" proiektuaren praktikak plantan ezarriz; burasoak ohartzen ahalko dira behar dena egina dela kirola denen esku ezartzeko. Amikuzeko USSPA errugbi eskolako kirol hezitzaileak inplikatzen dira haurrak zaintzeko departamenduko aholkularien laguntzarekin. - 12:00/13:30: zintzur bustitzea eta bazkaria (klubak eskaini ogitartekoekin), memento goxo bat partekatzeko elgarren artean. Aitamak hezitzaileekin mintzatzen ahalko dira errugbiaren bilakaeraz eta bakotxak igurikatzen duena aipatzeko. - 13:30/15:30: Italia eta Frantziaren arteko errugbi partida behatzen ahalko da. - 15:30: Donapaleu eta Nabarrenkoxeko juniorren arteko errugbi partida jokatuko da Donapaleuko zelaian. Egun eder hau deneri idekia da. Jin goxoan, ongi etorri ona egina izanen zauzue.
Aiziritzeko herria eguzki panelen ezartzetan
Amikuzeko Irratiaren bidez jakin dugu Aiziritzeko herriak bilkura publiko bat antolatu duela otsailaren 28an, I-Ener, energia berriztagarriak garatzen dituen enpresarekin. Herriak kirol salako teilatuan eguzki panelak ezarriko ditu. Herritarrei proposatua da proiektu hortan parte hartzea, I-Ener enpresan akziondun izanez. Akzio bakoitzak euro bat balio du eta gutienik 50 erosi behar dira. Aiziritze lehen herria da Amikuzen engaiamendu hortan sartzen dena. Oztibarreko eskualdean, Izurak jadanik jauzia egina zuen duela zonbait urte. Euskal Herri mailan, I-Ener lanean hasia da Euskal Elkargoarekin.
Besteak beste...
"Camarade curé & ez ez dut nahi" filma ikusten ahalko da Donapaleuko zinema gelan martxoaren 14an ostegunez (18:00). Film huntan Colette Magnyk kantatzen zuen "Camarade curé" kantuaren genealogia egiten da, lotura eginez 1966an Julen Lekuonak idatzi zuen "Ez ez dut nahi" kantuarekin eta frankistek debekatu zutena. Film hunen egilea Pierre Prouvèze eta Mikel Epalza hor izanen dira filmaren ondotik debatean parte hartzeko. Martxoaren 16an,
Clémence Itssaga marrazkilariak sorkuntza tailer bat antolutzen du Amikuzeko mediatekan (10:30-12:00). Zazpi urtez goitiko haurreri zuzendua da. Izenak aitzinetik eman behar dira deituz 05-59-65-28-72 zenbakira.
Zabalik elkarteak gaualdi bat antolatzen du martxoaren 22an, ostiralez (20:30) Donapaleun, Herri Elkargoko gelan (Auzitegi karrikan). Gaia: neska eta mutikoen lekua dantzan. Hortaz mintzatuko zauku Oier Araolaza Arrieta, kazetari eta antropologoa. Heldu den astean xehetasun gehiago emanen dugu gai horri buruz. Atxik oraindanik gau hori zuen egitarauan!
Korrika Kulturala kari, oroitarazten dugu kantu bazkaria antolatua dela martxoaren 24an igandez Donapaleun Pinkenia ostatuan. Bazkaria 22€tan da, eta izena eman behar da aski goizik deituz Jean-Claude 06-84-17-31-40 zenbakirat.