Herriz Herri - Donoztiri (NB) | 2019ko Martxoaren 14a

Daniel LANDART ohoratua bere sort herrian

Daniel Landart publikoaren artean lagunek omentzen zutela
Daniel%20Landart%20publikoaren%20artean%20lagunek%20omentzen%20zutela

Lehenik, erran dezagun Daniel LANDART bizi dela: jakitearekin omenaldi bat egiten zitzaiola martxoaren 3an, zoinbeitzuenganik entzun ahal izan dugu "ez nian entzuna hila zela!". Alabainan, gehienetan artista baten omenaldia bera hil ondoan egiten baitzaio, alta ber ekitaldiak omenduaren presentzian sortzen du beste emozio bat, badu beste indar bat. Seguru ere, hori pentsatu eta bizi izan dukete igande aratsaldez Beti Xutik gelan bildu diren ehun bat jendek. Zonbeit egun lehenago jada, toki guziak erreserbatuak zituzten donoztiritarrek eta Daniel-en lagunek, ez zen gehiago tokirik gelditzen eta horrengatik ere funtsean ez zen publizitaterik baitezpada egin ekitaldi horretaz. Lehenik, “Ildoka” antzerki taldekoek (Bernadette LURO, Kattalin SALABERRY/Eliane MENDIBOURE, Armand JAUNARENA, Jon ITCAINA, Peio “Bixoko” BERHOCOIRIGOIN eta Peio “Partza” LARRE) Daniel- ek idatzi “Jendeak” izeneko azken liburutik zati batzuk irakurri eta antzeztu dituzte. Badu urte bat pasa taldeak ikusgarri hori emaiten duela hainbat toki ezberdinetan Euskal Herrian zehar, Donoztirikoa azkena zen. Erran dezagun antzerkilariak pikoan zirela eta Daniel-ek idatzi istorio umoretsu, hunkigarri edo berdin dramatikoak zinez biziarazi dituztela publikoari eta merezi zituzten esku-zartak bildu dituztela.

Ondotik egin zaio Daniel-ri omenaldia. Txomin HEGUY zen aurkezlea eta ofizio hori bete du bertsuz josiz lekukotasunen haria. Kattalin SALABERRYk, Daniel-en kusia izanki, familiaren lekukotasuna plazaratu du irakurriz “Aihen ahula” liburuko zati batzuk. Koldo AMESTOIek ipuin bat asmatu du zoinetan Daniel bilakatzen den mediku bat bere osagarri arazoak berak konpontzeko. Josu MURUA gipuzkoarrak kondatu du nola egin zuen Daniel-en ezagutza eta nola sortu zuten harreman sendoa besteak beste antzerkia eta bertsularitzaren inguruan. Pantxoa ETCHEGOIN Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak aldiz Daniel-ekin ukan dituen lan harremanak aipatu dauzkigu, gogoratuz Daniel-ek ideia bazuelarik buruan, eztiki bainan fermuki bururaino eramaiten zuela: aihena bainan ez hain ahula! Gero etorri zaigu Bixoko taula gainerat eta hor ginen behazaleek zoinbeit eta zoinbeit irri egin ditugu ikusiz nola eskerniatzen edo alegiatzen zuen Daniel bere palto handia untsa hetsirik, lepokoa inguraturik eta buneta buruan fermuki finkaturik erasiaka arizanez Partzari borta horiek zerra zitzan “courant d’air” madarikatu horiengatik! Azken bi lekukoak ziren bi kantari famatu, denboran Euskal Herriko hainbat plazetan ibili zirenak “Errobi” talde ezagunarekin: Andde DUHALDE eta Mixel DUCAU. Hor zen publikoaren plazer handiarentzat abestu dituzte, beren gitarrak eskuetan, zazpi edo zortzi kantu ezagun denak Daniel-ek idatziak: hori bai emozioa eta oroitzapenak! Horiek denak Daniel-en aitzinean, bera lehen lerroan izanki jakin zazue beharria xut zagoela eta ez dukela hitz bat ere huts egin. Bera eta berak egin duen lana (14 antzerki, 10 liburu, kantuhitzak: 30, musikari eta kantari desberdinek emanik) eskertzeko eta beren atxikimenduaren seinale, Donoztiriko Herriko Etxeak eta Ildoka taldeak opari batzuk eskaini dazkote. Orduan Daniel-ek hartu du hitza erraiteko nola hunkia zen entzun zituen guzietaz, kasik sobera zela eta gogorat heldu zaiola LA FONTAINE ipuin idazlearen igela, zoin hantu zen eta hantu zen azkenean zapatartzeko! Erran dauku ere, nahiz ez den aspaldi huntan gehiago Donoztirin bizi, nola bere sort herriari atxikia den, hor nahi duela ehortzia izan bainan ez segidan, badituelakotz liburu batzuk gogoan eta horien idazteko xedea! Hartu denbora Daniel, hartu denbora! Funtsean, sorterriaren eskertzeko, eskaini ditu idatzi dituen liburu, liburuxka eta antzerki zonbait (15 orotara) Donoztiriko Herriko Etxeak ukan dezan bere lanen bildumarik osatuena. Ikusgarria bururatu da hor ziren guziek kantatzen zutela Danielek idatzi kantu famatuenetarik bat, “Zure begiek” zoinen airea Mikel LABOAk sortu zuen. Aratsalde ezinago goxo hori bururatu zen Herriko Etxeak eskaini krakada eta zintzur bustitzearekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016