Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Martxoaren 14a
Hazparne
Hazparne-Azpeitia
Badu 30 urte pasa, bi herriek abiatu zituztela harreman bereziak, Hego eta Ipar aldeko euskaldunen artean loturak eraikitzeko helburuarekin. Harreman horiek gora behera anitz jasan dituzte, bainan bizitasun berri bat lortu dute azken denbora hauetan. Molde jarraikian eramaiten diren trukaketetarik bat, elgarrekin ibiltzea da. Azpeitiako Lagun Onak elkartea eta inguru hauetako jende parrasta bat biltzen da, erregularki. Martxoaren 16an (larunbatean) dute ondoko hitzordua Iruretatik Otxandiora, 21,5km egiten dituen ibilaldiarendako. "Arno eta arrainaren bidea" deitu duten ibilaldi orokorraren hirugarren etapa da hau. Orori idekia da. Hazparnetik elgarrekin joaiteko hitzordua Harana plazan emana da (06:30). Bakotxak bere janari eta edaria ekarri behar ditu eta aldatzekoak ere. Ibilaldia (16:30-17:00) bukatuko da eta Hazparnerat heldu orduko, 18:30-19:00ak izanen dira. Etorri nahi duenak izena eman dezala martxoaren 14ko, apailaketaren laguntzeko: txoria.gunea@gmail. com gunera idatziz. Aldi huntako justu iduritzen bazauzue, har gogoan ondoko etaparen eguna: Otxandio-Urbina, apirilaren 13an.
Arano: larru istorio
Dakigun bezala, Hazparnek lotura berezi eta handia ukan du larruarekin, larru eta zapatagintzari esker ezagutu baititu egun joriak. Badu bulta bat aldiz, joritasun hori galdua duela eta hara, begi kliskako baten gisa, azken egunetan, larru saltegi bat plantatu dela Hazparnen. Alabainan, Stéphanie Lieb andereak berak larruz sortu puskak saltzen ditu, Urtsuia karrikaren puntan. Eskuko zaku, gerriko, moltsa, eskumuturreko eta beste egiten ditu eta saltzera proposatzen. Ideia berezi bat ukan geroz, mana daiteke ere. "Arano" deitu du bere ateliera. Zuzenki ikustera joaitera menturatzen ez denak, beha dezala www.creation- atelier-cuir.com gunean, hor agertzen baitira andere horren sorkuntza batzu.
Ezkia Ikastolak ateak zabalik
Aurten 50 urte ospatzen dituen Seaskaren barne da Hazparneko Ezkia ikastola. Lehena ez, bainan lehenetarik da ikastola hau. Arras xumeki abiaturik, handitu eta sendotu da, bulta huntan bere tokia osoki atxikitzen duela herrian. Duela zonbait urte ikasle izanak dira orai eramaileak!! Urte guziz bezala, ate idekiak apailatzen ditu aurten ere martxoaren 16an (09:00-12:00). Hor aurkituko dira ikasle, erakasle eta burasoak, eginen den edozein galderi erantzuteko prest.
Armand David lizeoa
BAC pro, BTS, bigarren orokorra eta teknologikoa eta beste... eskaintzen ditu lizeo horrek paisaiak, agrotresneria eta ekologia dituela ardatz. Barnategia dauka eta Baiona aldetik etortzeko, autobusa erabil daiteke. Hortaz gehiago jakin nahi duenak gomit da martxoaren 16an (09:00-13:00), lekuaren ezagutzera, erakasle eta ikasleekin mintzatzera, ateak idekiak izanen direlako.