Herriz Herri - Itsasu (L) | 2019ko Martxoaren 14a
Itsasu
Sortze
Bi sortze izan dira gure herrian joan den hilabetean: - Otsailaren 22an sortu da Andde LASCANO, Beñat Lascano eta Emilie Menvielleren semea. Familia bizi da Olhanian - Otsailaren 26an sortu da Txomin LACROIX, Marti Lacroix eta Tiffanie Renault–ren semea. Familia bizi da Xoko Berriko bidean. Zorionak gurasoeri eta ongi etorri gure bi herritar berrieri!
Ate idekiak eskoletan
- Arrokagarai ikastolako ate idekitzeak martxoaren 16an, larunbatez (10:00-12:00). - Eskola publiko elebidunaren ate idekitzeak martxoaren 23an, larunbatez (10:00-12:00). KALAKAÑO Kalakaño, euskarazko lehen haurtzaroaren hilabetea bidean da: karia hortara ikuskarri bat eskainia izanen da haurrekin kantatu eta dantzatzeko, Nafarroako "Ene Kantak" talde famatuak proposaturik, martxoaren 23an larunbat huntan (11:00), Sanoki gelan. Sartzea urririk.
"Brik à brak" Integrazio Batzordea
1999ko udan sortua, "Integrazio Batzordea" Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xuberuko ikastoletan eskolatuak diren ahalmen urriko haurren buraso eta adiskideen elkartea da. Hogoi urte du beraz elkarte hau sortu zela. Eta jakin behar da 2018an 111 haur eta hauen familiak lagunduak izan direla eskolatze bidean. Jakin behar da ere diru beharrak gaitzak direla, Hezkuntza Nazionalak ez dituelako osoki bere gain hartzen integrazio prozesuari lotuak diren lanpostu guziak. Aurten 120.000 euro behar ditu elkarteak bildu beharrak estaltzeko. Finantzaketa huntan parte hartzeko "brik à brak" merkatu bat eginen da martxoaren 31n, igandez, Itsasuko Sanoki gelan (09:00- 16:00). Izanen da tokian berean zer jan eta zer edan!