Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Martxoaren 14a
Senpere
Dantza Larrekon asteazkenean
Miarritzeko Dantza Formakuntza Zentroak du xedetzat, gazteak ibilbide profesionalerako prestatzea. Selekzio xorrotx baten bitartez hautatuak dira, nun kontutan hartuak diren irizpide fisiko, tekniko eta artistikoak. Orientazio pedagogikoa dantza klasikoan oinarritzen da hastapenean, nahiz eta beste dantza mota batzuri idekiak diren. Beraz martxoaren 20an (20:30), dantza klasiko, neoklasiko eta gaur egungoa ikusteko aukera eskainia zauku Larreko kulturgunean. Oren bateko ikusgarri huntan, 15 eta 18 urte arteko ikasleen lana deskubritzen ahalko da, denen sustengua merezi dute. Antolatzaile da Lipsyc baleta eskola, erreserbak egiten ahal dira www.ebglinfo webgunean baita lekuan bertan, prezioak 8€ helduak, 5€ haurrak, urririk 6 urtez petik.
Kontzertua Elizan igandean
Martxoaren 17an (16:00), entzuten ahalko dira Tximi Txama haurren kantari multxoa eta Goraki koru ezaguna.
Otsaileko sortze eta heriotze
Ez dakit otsaila bertze hilabeteak baino laburtxago delakoan, dena den heriotze bat bakarrik seinalatua izan da, hau dugu Portu Jean 88 urterekin. Dolumin bizienak, hunen famili eta adiskideeri. Aldiz hiru senpertar berri etorri dira mundura: Oihan Capendeguy 831 karrikarte bidean, Elaia Capendeguy 66 karrikarte bidean eta Layana Lalande-Lacoste Arbonako bidean. Ohar bat azpimarragarria, bi anaia Capendeguyk ukan dituzte beren lehen haurrak 10 egun barne. Zorion goxoenak hauen familieri eta bizipen uros bat ereman dezatela.
Ate idekitzeak Ikastolan larunbatean
Zaldubi Ikastolak antolatzen du bere ate idekitzea larunbat huntan (09:00-12:00). Seaskaren 50 urteko esperientzia duen eskola hunek 100 bat haur eskolatzen ditu gaur egun, 2 urtetik 10 urterainokoak. Pedagogia aktiboa erabiltzen da eta proiektuen bidez haurrak zentzua ematen dio egiten duenari. Bertzalde euskaraz ikasten eta komunikatzen du eta hauxe da murgiltze sistemaren ezaugarri nagusia. Hainbertze mendetan erabili den gure ama hizkuntza familia eta herritarren bitartez, gaur egun kenka txarrean dago. Hori erranik Ikastolak euskararen oinarriak eskaintzen ditu haurrari. Beraz larunbat goizean, egoitzak bisitatzeko, irakasleekin mintzatzeko, burasoekin solastatzeko, proiektuen aipatzeko, parada ezin hobea izanen da. Xehetasun gehiago www.seaska. eus edo telefonoz Senpereko Ikastola 05-59-54-18-88. Gomita ez da mugatua burasoeri baizik.
65 urtez goitikoen bazkaria igandean
Martxoaren 17an eguerditan, Amotzeko Mendionde ostatuan finkatua da herritar adindunen apairua. Bruno Ollivon-ek segurtatzen du animazio musikala. Bazkaria urririk dago 65 urtez goitikoendako, haatik beharrezkoa da izen emaitea deituz: 06- 26-78-33-19.
Ekoizleen merkatua igandean
Saint-Christophe lizeoko ikasleek antolatzen dute merkatu hori, 1609ko plazan, martxoaren 17an, (10:00-14:00). Lekuko ekoizpen sanoen erosteko parada eskainia da, ez huts egin.
Palantxa torneoa Gantxikin
Urtero bezala Senpereko Pilota Elkarteak antolatzen duen torneoa apiriletik uztaila artean, iraganen da 4 sailetan. Lau multzo banatuak dira: 1. maila, 2A maila, 2B maila eta 3. maila, partidak iraganen dira asteburuetan. Bertzalde nola kopuru orokorra mugatua den 40 ekipetan, izen emaiteak beharrezkoak dira martxoaren 25a aitzin, deituz 06- 02-12-52-55 edo 06-22-53-26- 09. Parte hartzea finkatua da 25 eurotan jokolari bakotx, babesbetaurrekoak baitezpadakoak dira.