Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2019ko Martxoaren 14a
Uztaritze
Mintzaldi
Iragan asteko ''Permaculture'' sailaz egin mintzaldiak arrakasta ona ukan du 80 bat entzule bilduz. Goazen beraz aitzina. Hastapenean Beskoitzeko gazitegieri buruz egin beharra zen mintzaldia ortzirale huntan ez da eginen bainan Ur Begi elkarteak aurkitu du beste mintzagai bat. Ihauteriak beti bezala arrakasta handia izaiten du munduko toki guzietan eta nola ez gure Euskal Herrian. Hemengo ihauterietan izaiten dira ohidura, pertsonaia eta sinbolo asko, negua eta biziko mamuak uxatu eta udaberriari ongi etorria egiten dutenak. Horietaz mintzatuko zaigu beraz Beñat Zintzo Garmendia osoki aditua, martxoaren 15ean Lapurdi gelan (18:30) emanen duen mintzaldian. Sartzea urririk. Ongi etorri deneri.
Kontseiluko biltzarra
Joan den ortzegunean iragan da. Huna aho batez onartu diren mintzagaiak: diru ixtorio ONF erakundeari buruz mozio bat onartzea; nerabeen bidaia bati buruz erabakia; Jendarmeria eta Mahasti Landa egitarauetan etxetako ondarkinen tratatzeari buruz laguntza eskaintza; irisgarritasunari buruzko 2018ko txostenaren aurkezpena; Landalarren lur zati baten saltzea eta Hardako bidean baten erostea; joan den uztaileko euriteen ondotik Planuyan obren egitea Arrangoitzerekin partzuergoan; Heraitzen bide pribatu baten izendapena; EPFLenganik Arruntzako pilota plazaren jabego publikoan sartzea; lanpostu pare baten sortzea heldu den udari buruz. Kontseiluko parte zailena izan da 2019ko aitzinkonduen orientabideari buruzko eztabaida. Asko gauza bazen hor eta eztabaida biziki luze joan da, berdin zonbait gauza hor deus ikusteko ez zutenik aipatu ere baitira. Azkenean oposizioko 6 boz kontra izan dira et gehiengotik azken denbora hauetan baztertu direnak abstenitu dira (5). Azken gaia zen hautetsien funtzio sariak; nahiz berdineko asko herriren aldean hemengoen sariak apalago diren, zonbaitentzat garestiegi dira oraino eta ondorioz 11 abstentzio izan dira. Heldu den kontseilu biltzarra apirilaren 11n.