Egun eta bihar | 2019ko Martxoaren 14a

Egun eta Bihar

J-B D

Jean-Pierre Raffarin
Jean-Pierre%20Raffarin

Erasiak

Nazioarteko erakunde nagusi ONU delakoak badu batzorde andana bat eta batto giza-eskubideetaz arduratzen da. Batere funtsik gabe, batzorde horrek du Frantzia erasiatu baizik-eta manifestaldi batzu badirelarik polizak larderia sobera erakusten duela. Txosten horrek ukan du aipaldi bazter guzietan! Parisen, gobernua kexu eta gaitzitua. Edouard Philippe gobernuburua bipil-bipila mintzatu da. Alde batetik, iduritzen zaio txosten hori idatzia izan dela funtsezko ikerketarik egin gabe, eskuin eta ezker nolanahika bildu edozoin salaketaren argitarat. Bestetik, dio salaketak izaiten direlarik polizaren kontra, gisa hartako inkesta egina izaiten dela. Hots, Frantziak ez duela holako erasiarik merexi! Horiek hola, lekukotasun askoren arabera, baditazke halere kasuak zointan behar baino larderia gehiago erakutsi baita.

To, Raffarin ere hor!

Badu bulta bat ez ginuela biziki aditzen Jean-Pierre Raffarin gobernuburu ohia. Bat-batean iratzartu da garbi erraiteko Europa maileko hauteskundeetan macrontiarren zerrenda lagunduko duela. Eta ez bere alderdiarena. Nahiz beti "errepublikano" delakoen alderdian segitu nahi duen. Alderdi hori izanikan ere zatikatua eta ahuldua. Ez baita azkartuko Raffarin jaunak hartu duen erabaki horrekin. Dena den, erran eta erran arizana da Europa egoera txarrean dela bainan beharrik hor dugula Macron eta hunek zabaldu deia dela guziz baliosa Europa Batua nahi bada salbatu.

Udakoa hobe?

Galdeketa bat egina izan da, nornahik ihardesten ahal, jakiteko jendeak zer dion urtean bi aldiz jasaiten dugun tenore kanbiatze hortaz. Behar denez segitu bide beretik ala urte guzian tenore bera atxiki. Eta bat atxikitzekotan zoin ote, udakoa ala negukoa. Galdeketa hori bururatua da. Orotarat, Frantzia guzian, bi miliun izan dira beren ikusmoldea agertu dutenak. Gehiengo nasaia beti tenore beretik artzearen alde, %83. Udako tenorea nahiago %59-k, negukoa %36-ek, %5 geldituz auziño hori trenkatu gabe. Aratsalde pollitagoak direla, eta luzeagoak, udako tenorearekin, hori dute anitzek azpimarratzen. Bainan oren bat gehiago urruntzen gira iguzkiaren araberako tenoretik. Batzuk diote hori kaltekor dela. Beste frangok daukate horrek ez duela munta handirik. Oraiko ustez, zerbait kanbiatu behar bada hori egin litake ez heldu den urtean bainan ondokoan, 2021ean.

Zigortua

Berri hunek ere bazterrak harrotu ditu eta nola! Philippe Barbarin kardinala, Lyon hiriko artxazpezpikua, zigortua izan da, sei hilabeteren presondegia; aldi huntako barka "sursis" delakoari esker. Duela zonbait urte etzuela justiziari parte eman bazakielarik nolako lan txarrak eginak zituen eskualde hartako apez batek, mutiko gazte batzutaz itsuski baliatuz. Erabakiaren berri jakin orduko, jakinarazi du bere kargua uzten zuela. Jendea azkarki mintzo da istorio hits hortaz. Batzuen arabera, kardinaleak ez du berak deus hobenik eta etzuen beraz zigorrik merexi. Beste frangori aldiz zigorra arinegia iduritzen. Gisa guziz, holako afera ilunak itzal handia egiten dio Elizari. Auzitegietan, afera ez da haatik hortan gelditzen, kardinalaren abokatek dei-auzitegirat pusatzen baitute.

Sari ederra

Emazteen eskubide eta aldarrikapenak gogoan, eskubide horien egun berezian, Frantziak sari berezi bat eskaini dio, Simone Veil minixtro zenaren izena daukana, mereximendu handiak dituen emazte bati. Beste anitzen artean hautaturik afrikar bat, Kamerun herrialdekoa, Aissa Darouma. Hau azkarki bermatzen da eskualde heietan neska gazteak ez diten bortxatuak izan lanean karraskan artzerat adinik gabe eta oroz gainetik ez diten ezagutzen ez duten gizon bati emanak izan, bortxaka esposaraziak berdin, hamalau edo hamasei urtetan, hori ere gertatzen baita oraino frango usu.

Aitzina segitzen

Horiz jauntziek ez dute barkatzen eta ez barkatu nahi ere. Joan den larunbatean ere beraz izan dira manifestaldiak. Lekuka jendetsuak hala nola Bordelen. Anitz lekutan parte hartze ttipiagoarekin halere bainan denetan deiak zabalduz heldu den asteburuan sekulan baino jende gehiago bil dadien.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016