Hegoaldean | 2019ko Martxoaren 14a

Hegoaldean

Bilbon milaka emazte bilduak eguerditan
Bilbon%20milaka%20emazte%20bilduak%20eguerditan

Martxoaren 8a emazteen mobilizazioek karrikak beteak Hegoaldean

Martxoaren 8an, emakumeek Euskal Herriko hiri eta herrietako kaleak eta plazak bete dituzte, indarkeria matxista salatzeko eta askatasuna eta eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Adin eta esparru ezberdinetako emakumeak bildu dira mobilizazioetan, libre eta beldurrik gabe bizi nahi dutela ozen jakinarazteko. Soldata apalagoak eta emakumeei beren ibilbide profesionala zaildua salatu dute matxismoaren indarkeria bezala. Lehenbiziko aldiz, 24 orduko greba deitu dute Euskal Herrian. Lan-uzteak lantokietan eta ikastetxeetan egin dituzte, halaber nork bere etxean ere, zaintza eta etxeko lanak egiteari uko eginez. Grebak, hezkuntzan izan du eragina, sektore feminizatuenetako bat baita. Manifestazio jendetsuenak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean dira. ”Gora borroka feminista” izan da gehien errepikatu den leloa, baina indarkeria matxistaren eta erasotzaileen kontrako oihuak ere izan dira. Gizonek hildako emakumeak oroitu dituzte: “Ez gaude denok, eraildakoak falta dira”. 50 000 emakume inguru elkartu dira Bizkaiko hiriburuko mobilizazioan.

Aitatasun baimenak 8 astekoak apirilaren 1etik aurrera

Bost astetik zortzira luzatuko dituzte aitatasun opor baimenak, apirilaren 1etik aurrera. Aste horiek nahi bezala banatu ahalko dituzte aitek, baina lehenengo hamabost egunak amarekin batera hartzera behartuak daude. Gainerako sei asteak, berriz, urtebeteko epean hartu beharko dituzte.

Altsasuko gazteen kondena berretsi ditu Auzitegi Nazionalak

Altsasun, 2016an guardia zibilekin kalapitak izateagatik 2 urtetik 13 urtera arteko zigorrak jaso dituztenen senideek salatu dute Auzitegi Nazionalak “terrorismo delituaren erabilera makurra” egin duela gazteak eta beren familiak zigortzeko. Bi urte eta erdi daramate "oinaze eta sufrimendu tunel ilun batean" preso gazte horien buraso batek dionaz. “Auzitegi Nazionala ez da justizia organoa, ez du justizia irizpideen arabera jokatzen, ez du justizia bilatzen, ez du justizia ematen: justizia ez bainan mendeku gosea” gehituz. Alta auzia ala kondenak gehiegikeria bezala salatuak izan ziren alde guzietarik. "2016an, polizaren kontrako 971 eraso izan ziren, baina bat bera ere ez zen epaitu terrorismo gisa. Bat bera ere ez zuten epaitu Auzitegi Nazionalean. Bat ere ez zuten zigortu hainbeste urterekin, nahiz eta armak edo harrapaketak egon tartean" deklaratu du senide batek. Ez dutela amore emanen, borroka juridikoarekin jarraituko dutela eta ondoko pausoa Auzitegi Gorenera jotzea izanen dela iragarri dute gazteen familiek, beharrez Estrasburgoko Europako auzitegirat joanen direla. Azkenik, martxoaren 24an, Altsasun, "Hau ez da Justizia" lelopean manifestazioa eginen dutela jakinarazi dute.

Altsasun PPren probokazioa

Pablo Casado PPko presidenteak, Ana Beltran Nafarroako PPko buruzagiak eta Eduardo Inda kazetariak elkarrizketa bat grabatu dute, baimenik gabe, Altsasuko Koxka tabernan kalapitak gertatu tokian. Josu Muñoa Koxka tabernako jabeak salatu duenez, PPko buruzagiak eta Indaren komunikabidea "abisurik eman gabe" eta "baimenik eskatu gabe" agertu dira bertan. Muñoa ez zegoen tabernan eta langile batek deitu dio Casado, Beltran eta Inda elkarrizketa bat grabatzen ari zirela ohartaraziz. Tabernatik alde egiteko eskatu dienean, "lokala publikoa" dela eta, ondorioz, han "grabatzeko eskubidea" dutela erantzun dio Indak kopetarekin. Ekintza "miserablearen" bidez, Altsasuarrez trufatzera eta probokatzera etorriak zirela salatu dute indar politiko gehienek. Uxue Barkos Nafarroako presidentak galdatu dio Ana Beltran andereari, “behin ere Altsasurat etorri ote zen?”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra elkarrekin Senatura

Apirilaren 28ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan, zerrenda bakarra osatuko dute Nafarroan: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak Senaturako hautagaiekin eta "Cambio- Aldaketa" izenarekin aurkeztuko dira. Manifestua irakurri dute, aitzin urrats bat emaiteko borondatea agertuz, "duela lau urte egin genuen bezala, erabaki eta indar berberaz eta azken lau urte hauetan Nafarroa solidario, anitz eta irekia defendatu dugun sendotasun berberaz". Hautagaitza batu honen helburua da "Nafarroa, Senatua herritarren eskubideak ukatzeko erabiltzearen kontra dagoela adieraztea". Eskuina, UPN, PP, Ciudadanos eta Vox "iragan ilunera itzuli nahian" dabiltzala salatu dute: "ukatu egiten dute sentsibilitate ezberdinak egon daitezkeela, eskumenak birzentralizatu nahi dituzte, eta autogobernua ala Autonomien Estatua bera desegin".

Korrikan ere ahobizi eta belarriprest izateko deia

Korrikaren 21. edizioan, apirilaren 4tik 14ra, ahobizi eta belarriprest gisa izaiteko deia egin dute Euskaraldiaren eta Korrikaren antolatzaileek. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak dei egin die ahobizi eta belarriprest guziei “euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, eta euskarazko harremanak zaintzeko”. Eta ariketa horrek testuinguru ezin hobea izanen du Korrikan, Mendizabalen ustez. Ahobizi eta belarriprest guziei dei egin diete ikurrekin ohitura aldaketa hori ikusarazteko.

Gasteiz: Manifestazio handia martxoaren 3ko biktimen alde

Milaka pertsona atera dira kalera Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak hil zituen bost langileak omentzeko, "egia", "justizia" eta "konponketa" aldarrikatzeko "Estatu krimen" horren aitzinean, eta eredu sozial "zuzenagoa" eskatzeko. Duela 43 urte, hainbat enpresatako milaka langilek asanblada egin zuten San Frantzisko elizan, eta Poliziak tiroka desegin zuen ekitaldia. Ondorioz, 5 langile hil egin zituzten, eta ehunka lagun zauritu. Manifestazioak hiriburuko kaleak zeharkatu ditu "herriak ez du barkatuko", "herri epaiketa hiltzaileentzat" eta "langile borroka" oihu artean.

Auto berria erosteko laguntza

Ibilgailuen Renove plana abian da dagoeneko: 2.000 eta 3.000 euro arteko diru laguntza eskuratzeko, beharrezkoa da ibilgailu eraginkorrak eta alternatiboak, eta energia aldetik garbiagoak erostea. Auto elektrikoek izanen dute laguntza handiena eta gasolina edo dieselak, gutiena. Diru-laguntza 2.000 eurotik 3.000 eurora artekoa izanen da erositako ibilgailuaren arabera.

Futbola: Euskal Selekzioa Panamakoaren kontra maiatzaren 30ean

Panamako Rommel Fernandez estadioan, maiatzaren 30ean (goizaldeko 03:00etan Euskal Herrian) jokatuko du Euskal Selekzioak Panamakoaren kontra. Liga bururatu ondoan (maiatzaren 19an) jokatuko du norgehiagoka Euskal Selekzioak. Javier Clemente izanen da Euskal Selekzioaren hautatzaile berria.

“Elkano, Lehen Mundu Bira” filma

Angel Alonsok zuzendu filma martxoaren 23an estreinatuko dute Malagako 22. Zinemaldian, gaztelaniaz bikoiztutako bertsioan, eta uztailaren 12an Hegoaldeko zinema aretoetara helduko da, euskarazko jatorrizko bertsioan. “Elkano, Lehen Mundu Bira” familiei zuzendutako animazio film luzea da: 1519an Sevillan hasi eta hiru urte geroago toki berean amaitu zen bidaia zirkularra da. 240 gizon Sevillatik atera ziren bost itsasontzitan, eta bakarrak lortu zuen itzultzea, Juan Sebastian Elkano euskal herritarrak.

Bilboko Arte Ederren Museoan Ignacio Zuloaga

Gipuzkoar margolariaren atzera begirako erakusketa irekiko du maiatzean museoak, eta margolariaren lanak ugari bilduko ditu, horietako batzuk sekula erakutsi gabekoak. Bilboko museotik zehaztu dutenez, azken 20 urteetan egile horren inguruan egindako erakusketa handiena izanen da. Nazioarte mailan ospe nabarmena izan zuen Zuloagak eta Europako hiri askotan, New Yorken erakutsi zituen bere lanak.

Egitura 'bereziko' harrespila bat aurkitu dute Jaizkibelen

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek Hondarribian, Jaizkibel mendian, egindako indusketek argirat atera dute egitura bereziko harrespila bat, Brontze Aroari dagokiona; hots, duela 2.000 edo 3.000 urtekoa. Aranzadik azaldu duenez, “Jaizkibel V” izeneko monumentu megalitikoa hilobi gisa erabili zuten orduko biztanleek, zeinak sedentarioak ziren eta nekazaritza eta abeltzaintza zuten bizibide eta egitura sozial oso zehatzak zituzten. Manu Ceberio indusketen zuzendariaren ustez, harrien biribil perfektuan egitura bereziak dituzten bi harlauza ikus daitezke eta harrespila horiek gorputz baten errautsak gordetzeko historiaurreko hilobiak izaten dira. Hilobi gisa erabiltzeaz gain, harrespila hauen helburua bizi ziren lurraldea markatzea ere bazen, gehitu du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016