Inbido | 2019ko Martxoaren 14a

Europa-maileko hauteskunde horiek...

Muslaria

Antonio Tajani legebiltzarburua.
Antonio%20Tajani%20legebiltzarburua.

Bi hilabete eta erdiren buruko, hauteskundeak dira Europamaileko legebiltzarraren berritzeko, hori bost urtetarik egiten- eta. Maiatzean izanen dira alabainan. Frantzian 26-an. Beste herrialdetan aste berean bainan ez baitezpada egun berean. Berriki arte, bazterrak ez dira biziki mugitu. Orai hasi dira harrotzen, Emmanuel Macron frantses presidentak dei bat zabaldurik Europa batuan gaindi, azpimarratuz Europa batuak munta handi-handia baduela denentzat, behar dugula beraz begiratu bainan berrituz eta azkartuz. Batasun horren eskasean, Xinak, Ipar-Amerikako Estatu Batuek, Errusiak eta holako batzuk iresten ahal gintuzketela. Dei hori ez dela alderdi baten aldekoa, hori ere aski garbi idatzi du. Holako deia nola hartuko duten hor gaindi, hori besterik da. Frantzian segurik frangori alderdikaria iduritzen zaiote preseski.

Hats-hantua?

Asko gisetarat Europaren alderateko sua eztitua da haatik. Europa ahuldua da. Iduri du eri dela. Edo bederen zerbait gisaz hatshantua. Aurtengo hauteskundeak parada hauta izaiten ahal hats berri baten emaiteko. Bainan hara, herrialde askotan azkartuz doan mugimendua da Europa xuhur bat aski dela aldarrikatzen duena. Herrialde bakoitxak eskubide gehiago ukanez bere gain, gauzak hobeki joan litazkeela. Mugimendu horrek gaina hartzen ahal ote du? Hori da ainitzen arrangura, ez dena entraalekoa... Gainerat azkarki kitzikatzen dira Europa Batuko batzorde-nagusiak hartzen dituen erabaki batzu. Bere sudur handia nun nahi sartzen duela. Bainan batzorde hori eta legebiltzarra biga dira. Egia hori ere, bainan gutarteko jendeak gauza horiek aise nahasten ditu. Gainerat, batzordeak badu legebiltzarrak baino botere gehiago. Ondorioz, batzuk deplauki erraiten dauzute legebiltzarra deus gutitako dela. Hots, maiatzeko hauteskunde horiek ez dutela munta handirik! Egia erran, batzordeburua biziki ezagutua da, Jean-Claude Juncker, gure artean nork ezagutzen du legebiltzarburua, Antonio Tajani italiarra? Zonbat istorio! Eta gero zernahi istorio bada hor gaindi! Erresuma Batuak Europa Batutik ateratzea bozkatua du eta ustegabe alimale bat ez bada segurik izaiten, kanpo joanen da hilabete hunen ondarrean. Inglesak arrunt kanbiatu dira beraz? Hala iduri du bainan hori ez da arras hola. Europan sartu zirelarik erakusterat emaiten zuten, eta geroztik ere ba, zango bat kanpoan nahi zutela atxiki. Orai aldiz, nahi dute kanporat joan bainan zango bat beti barnean nolazpait. Beste istorio frango bada Europak emaiten dituen diru laguntza horiekin. Luzaz, Europa batua ikusi da sos-iturri handi bat bezala, dirua burrustan emaiten ahal batzu eta besteeri. Gertatzen dena da emaiten duen dirua nunbaitik behar duela berak ere bildu. Eta gai bat biziki eztabaidatsua, zer egin behar den hoinbeste migrante alde bat heldu-eta, edo jiterat entseatzen, eskualde guzietarik, gehienik Afrikatik. Herrialdetako gobernuen artean biziki ikusmolde desberdinak agertzen dira... Europa Batuak zer egin behar du?

Zonbat deputatu?

Horiek hola, zonbat deputatu behar dira hautetsi Frantzian? Segurtamen osoz erraiteko ez dakigu. Orai arte bezala 72, Inglesak barne gelditzen balire. Zazpi gehiago eta beraz 79 inglesik gabe... Gisa guziz, Frantzia bozgune bakar bat izanen da eta ez bospasei zatitakoa aitzineko aldian bezala. Batzuk diote horrek ez duela kolorerik. Frantzia osoa sobera handia dela denetan hautagai berak izaiteko. Beste askoren errefera, bost edo sei bozgunetan zatikatuz Frantzia, zati horiek litazkeela hain xuxen kolore mikorik gabekoak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016